Euskal Herriko txistorra lehiaketa, asteazkenean

887D9146 962E 4A24 AE3D D70C4DC3C4E6

Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak, Ordiziako Udalarekin batera eta txerri-harakin eta harakin gremioaren laguntzarekin, Euskal Herriko XXII. Txistor-Lehiaketa  antolatu du Ordizian datorren asteazkenean, abenduak 18.  Plaza Nagusian, Udaletxeko arkupetan izango da, 10.30etatik aurrera. Kontsumitzaileen arreta bertako ohiko hainbat produktuetara bideratu nahi da Santo Tomas jaiaren atarian, hala nola, txistorra. Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da, eta hori, zalantzarik gabe, garantiaz eta kalitateaz hitz egitea da. Aurten 50 partehartzaileen muga gainditu dugu, gehienak Gipuzkoatik, Nafar batzuk , Arabar bat eta aurtengoan bi Bizkaitar ere bai. 

Adituek esaten dutenaren arabera, txistorra ona izateko honako ezaugarriei  erreparatu behar zaie: neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana, ontze-puntua, etab. Epaimahaikoek  lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko  diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartuko dituzte kontutan.

Hiru atal horietan lortutako puntuekin jakingo dugu zein izango den Euskal Herrikohogeitabigarren txapelketan garaile, eta hori egiaztatuko duen Txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta diploma jasoko dute eta epaimahaiak, gainera, beste bi diploma emango ditu.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia), Amaia Blazquez (Tximista Sagardotegia, Ordizia), Sonia Tapia (Fronton Jatetxea, Tolosa), Xabier Zabaleta (Jakitea Elkartea), Juanma Garmendia (Kattalin erretegia, Beasain), Rebeca Barainca (Galerna Jatetxea, Donostia), Jose Juan Castillo (Sukaldaria), Ramon Roteta (Sukaldaria), Jesus Mari Deba (Odolkigilea, Ezkio), Laura Tamayo (Basque Culinary Center-eko irakaslea), Aitor Buendia (Radio Euskadiko “La Ruta Slow” programako aurkezlea), Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza / Diario Vasco).

Txapelketa-mota horiekin bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitateko produktuak eginaraztea artisauei.

Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta  Gipuzkoan batez ere, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen baita. Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena berriz, gainerakoa, esate baterako, odolkiak, lukainkak...egitea, horretarako giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta abar botatzen zioten. Txistorra egiteko txerri-haragia eta urdaia behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena, ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.

'Denda txiki, herri handi' kanpaina, tokiko merkataritzaren alde

Ordizia. Herri txiki denda handi. Ordizian

Ordizian Elkartearen eta Ordiziako Udalaren eskutik sentsibilizazio eta dinamizazio kanpaina bat abian jarriko da datorren astelehenean, hilak 16, eta bertan 1.000 sari zuzen baino gehiago banatu eta erosketa-txartelen zozketan parte hartzeko aukera emango du.

Tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko helburuarekin, udalerriko dendak dinamizatzeko balioko duen sentsibilizazio-kanpaina izango da hasiko dena, eta, horrez gain, hurbileko merkataritzan kontsumoaren garrantzia azpimarratu nahi da, bai Gabonetan, bai beste kanpaina batzuetan, bai urte osoan zehar. Abenduaren 24ra arte, kanpainan parte hartzen duten dendetan erosketak egingo dutenek "Hazkatu eta irabazi" txartelak jasoko dituzte, 1.140 sari zuzenetako bat eskuratzeko aukerarekin (erosketa-poltsak, aterkiak, katiluak eta baleak 3€, 5€ eta 10€) eta 150 €, 100 € eta 50 € balio bakoitzeko erosketa- txartelen zozketan parte hartzeko aukerarekin ere.

Gainera, aurreko urteetan bezala, Ordizian Elkarteak lau photocall jarriko ditu herriko lau puntutan, ordiziarrak eta bisitatzen gaituzten pertsonak Olentzeroren, Mari Domingiren eta hiru erregeen irudiarekin argazkiak atera ahal izateko "Nik ere nire erosketak Ordizian egiten ditudalako" mezuaren ondoan. Photocall-ak abenduaren 18tik urtarrilaren 3ra bitartean egongo dira instalatuta, eta azken egun horretan, 300 €-ko sari bat zozketatuko da argazkia egitera animatu eta photocalletan adierazitako whatsapp zenbakira argazkiak bidali dituztenen artean. Saria osoa erregeen eguna baino lehen trukatu beharko da.

Herriko kaleak apaintzeko baliagarriak izango dira photocall-ak, abenduaren 13tik aurrera herriko kaleak apaintzeko piztuko den argiteria eta denden Gabonetako erakusleihoekin batera. Horietatik 16 dendek ohiko Gabonetako erakusleiho lehiaketan parte hartuko dute eta lehenengo hiru sailkatuek 50€, 100€ eta 150€-ko erosketa- txartelak irabaziko dituzte.

‘Ikusi-Makusi’ erakusketa didaktikoa Barrenan

97D9F973 1B1E 4549 9D37 6FDAF043062F

Abenduaren 13a bitartean 'Ikusi-Makusi' erakusketa didaktikoa egongo da martxan Barrena Jauregian. Bertan, ikasleek liburuxka batekin jolas ezberdinez osatutako zirkuitu bat osatuko dute talde txikitan jarrita, kulturartekotasun, bizikidetasun eta dibertsitate gaiak lantzeko. 

Guztira zortzi panel daude: 

  1. Gauzak ez dira beti ematen duten bezalakoak. Gauza naturala da desberdina izatea.
  2. Egia ala gezurra
  3. Egitatea edo iritzia
  4. Denak, ni izan ezik: orokorpenak eta estereotipoak
  5. Aurreiritziak
  6. Eta ni, nor naiz? Eskola jazarpena.
  7. Diskriminazioa
  8. Kazetariak

Helburu nagusia parte hartzaileengan gogoeta sustatzea da; orokortzeak, aurreiritziak, estereotipoak eta diskriminazioa eragiten dituzten mekanismoetaz jabetzea, eta zalantza sortzea askotan barneratuta ditugun kontzeptuengan. Ibilbidean zehar gai ugari ikutzen dira: kulturartekotasuna, genero berdintasuna, klima aldaketa, bullying egoerak, eta aniztasun funtzionala, besteak beste. 

Saski solidarioa martxan da

IMG 4258

Zortzigarren urtez 'Saski solidarioa' izeneko ekimena jarri da martxan. Caritasek, Herriko ikastetxek, Garagune zentroak, Zuhaizti gizarte zentroak eta Ordiziako Udalak elkarlanean garatzen dute  ekimena 'Ordizia Hiri Hezitzailea' proiektuaren barruan.

Gauzak horrela, behar gehien dutenentzako janari eta material bilketa egingo da, abenduaren 19ra bitartean. Herriko ikastetxeetan, Garagunen eta Zuhaizti zentroan utzi ahalko dira; ondoren, Caritasek kudeatuko du. Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, ekimenaren garrantzia nabarmendu du eta gutxien dutenekin oroitzeko beharra azpimarratu.

Kanpaina honen helburua behar gehien duten pertsonei laguntzeko elikagaiak biltzea da. Bildutako elikagai guztiak Caritasi emango dizkiote ekimena bukatzen dutenean. Belaunaldien arteko elkar ezagutzea eta baloren transmisioa dira  'Ordizia Hiri hezitzailea' proiektuaren helburuetako batzuk, eta ekimen honekin gazteek elkartasunaren balioa zer den lantzen eta ikasten dute.

 

SASKI SOLIDARIOA 2018 KARTELA 001 copia