Argiteria publikoa berritzeko lanak hasi dira

Bizkaia pasealekuko, Santa Amalia kaleko, Zuberoa kaleko, Nafarroa Behera kaleko eta Lukusain Plazako argiteria publikoa berritzen hasi da Ordiziako Udala. Era berean, Bizkaia pasealekuko argiteria publikoaren instalazioaren zati bat aldatu egingo da, dauden zutabeen posizioa aldatzeko.

Guztira, 60.325,70 euroko inbertsioa egingo du Udalak, eta EDS Ingenería y Montajes S.A. enpresak bideratuko ditu lanak. Gutxi gorabehera, 61 luminarien gaineko esku-hartzea egingo da.

“Argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea beharrezkoa dugu, eta horretarako gaur egun dauden argiak LED teknologiako argi berriekin ordezkatuko da”, nabarmendu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Ordezkatu beharreko luminarien egungo kontsumoaren urteko batez besteko kontsumoa orduko 63.998 kWh da. Erreferentzia hori hartuko da aurrezpenen kalkulua egiteko. Esku-hartze horren bidez asmoa da energia % 80, gutxienez, aurreztea arestian aipatutako kontsumoarekiko.

Luminaria horiek ordezkatuz, energia-kontsumoa murriztu, argiztapenaren kalitatea hobetu eta, gainera, instalazioaren mantentze-kostuak murriztu nahi dira; izan ere, LED teknologiako luminariek balio-bizitza luzeagoa dute, energetikoki efizienteagoak dira eta argi-fluxuaren berehalako erregulazioa ahalbidetzen dute. Nabarmendu beharra dago aurrezpen horrek berarekin ekarriko dituela atmosferara isuritako berotegi-efektuko gasak gutxitzea eta argi kutsadura txikiagoa izatea.