GO07 linearen erabilerak gora egiten jarraitzen du: 43.000 bidaia baino gehiago Ordiziatik urtebetean
Goierri eta Donostia lotzen dituen GO07 autobus lineak 365.200 bidaiari izan ditu martxan jarri zenetik, batez beste egunean 1.000 erabiltzaile inguru. Datuen arabera, zerbitzuak harrera oso ona izan du eskualdean, eta erabiltzaileen %35 26 urtetik beherakoa da.
GO07 linea 2025eko apirilaren 28an jarri zen martxan, eta hilabetez hilabete erabiltzaile kopurua handitzen joan da. Udako hilabeteetan gorakada nabarmena izan zuen, eta irailetik aurrera 35.000 bidaia baino gehiago erregistratu dira hilero.
Ordiziatik guztira 43.249 bidaia egin dira lehen urte honetan, eta horrek erakusten du herrian ere zerbitzuak erantzun positiboa izan duela. Gainera, linea indartu egin behar izan da eskari handiari erantzuteko, eta urtean zehar 2.000 errefortzu baino gehiago gehitu dira.
Atzo, linea berriak urtebete bete duela eta, datuak aurkezteko bilera egin zen Zumarragan. Bertan izan zen Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin batera. Bilera horretan aipatu zen San Bartolomeko geltoki berria egokitzeko ADIFek egindako obraren harrera-akta oraindik sinatzeke dagoela, baina laster amaitzea espero dela. Agiri hori sinatu ondoren, eserleku bat jarriko du Udalak, eta teknikoki aztertzen ari dira markesina jartzeko lekurik ote dagoen, autobusaren aurrealdea espaloiaren eremuan sartzen baita. Halaber, diputatuari eskatu zitzaion geltoki berrian autobusaren joan-etorrien informazio pantaila bat jartzea.
GO07 linearen bilakaera aztertzeaz gain, Ordiziaren beharrak eta hobetu beharreko hainbat gai ere mahai gainean jarri ziren. Horien artean, herritarrengandik jasotako eskaerari erantzunez, Buztuntza auzoan geldialdi bat jartzeko aukera aztertzea eskatu zitzaion diputatuari.







