Image
Image

Ateak Ireki programako euskal diasporako gazteei harrera

Ateak Ireki programako euskal diasporako gazteei harrera

Beasaingo Igartzako jauregian egin da gaur Ateak Ireki programaren harrera instituzionala. Bertan elkartu dira munduko hainbat lekutatik Euskal Herrira etorritako euskal diasporako gazteak eta programa sustatzen duten erakundeetako ordezkariak.

Aurten, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programa eta Batzen Kultur Elkartearen Ateak Ireki programa bateratu dira, eta, horri esker, guztira 50 gaztek parte hartuko dute egitasmoan. Horietatik 22 Goierriko harrera-familiekin egingo dute egonaldia, eta gainerakoek Busturialdean.

Harrera ekitaldian izan dira Felix Urkola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua; Ziortza Olano, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea eta Goiekiko lehendakaria; eta Adur Ugartemendia, Beasaingo alkateordea

Goierriko udal guztien izenean hitz egin du Ezenarrok, eta eskualdeko udalek programa hau urtez urte babesteko egiten duten ahalegina nabarmendu du. "Goierriko udal guztiok, txikienetik handienera, gure ekarpena egiten dugu Ateak Ireki programa posible izan dadin. Espero dugu euskal esperientzia bete-betean bizitzea, euskarara gerturatzea eta gure herria ezagutzea."

Hiru astez euskal kultura eta euskara gertutik
Larunbatean iritsi ziren Goierrira etorritako 22 gazteak, eta datozen hiru asteetan eskualdeko harrera-familiekin biziko dira. Egonaldi horretan euskal kultura, ohiturak, erakundeak eta ondarea ezagutzeko aukera izango dute, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea ardatz hartuta.

Programak, gainera, Euskal Herriaren eta munduan zehar sakabanatuta dagoen euskal diasporaren arteko loturak sendotzea du helburu, gazteen arteko harremanak sustatuz eta etorkizuneko sareak eraikiz.

Ateak Ireki egitasmoa laugarren urtez antolatu da Goierrin, eta urtez urte sendotzen ari den ekimena da, harrera-familien, erakundeen eta eskualdeko udalen lankidetzari esker.

Ander Querejeta Ayalaren diseinua izango da Santa Ana jaietako programaren azala

Ander Querejeta Ayalaren diseinua izango da Santa Ana jaietako programaren azala

Gaur aurkeztu dira 2026ko Santa Ana jaietako kartel lehiaketako lan irabazleak.

Helduen kategorian, Ander Querejeta Ayala izan da irabazlea. Bere diseinua izango da aurtengo Santa Ana jaietako egitarauaren azala, eta 500 euroko saria jasoko du.

Gazteen kategorian, Lide Arcelus Mendizabal izan da irabazlea. Bere lana jaietako programaren barruan argitaratuko da, eta 100 euroko erosketa-baleak jaso ditu sari gisa.

Eskerrik beroenak kartel lehiaketan parte hartu duzuen guztioi. Zuen sormenari eta ekarpenari esker, urtez urte, Santa Ana jaiak guztion artean eraikitzen jarraitzen dugu.

Oianguko parkearen kontserbazioaren aldeko urrats berria eman du, goiko basoko parrillak kenduta

Oianguko parkearen kontserbazioaren aldeko urrats berria eman du, goiko basoko parrillak kenduta

Ordiziako Udalak Oiangu parkeko goiko basoan kokatuta zeuden bost parrila kendu ditu, eremu horren balio ekologikoa eta klima-aldaketaren aurrean betetzen duen babes funtzioa zaintzeko helburuarekin. Eremuak erabilgarri izaten jarraituko du herritarrentzat, bertako mahaiak, iturria eta zaborrontziak mantenduko baitira, baina ezingo da bertan surik egin.

Maitane Alvarez Ingurumen zinegotziak Oiangu parkean bertan azaldu duenez, udalaren lehentasuna da espazio hori aisialdirako gune izateaz gain, biodibertsitatearen babeserako eta herritarrentzako babesgune klimatiko gisa mantentzea.

«Oiangu herritarren aisialdirako naturgunea da, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik kontuan izan behar babesgune bat ere badela. Arnasgune bat da, eta Ordiziako Udalarentzat oso garrantzitsua da bertako zuhaitzen mantenua eta kontserbazioa», adierazi du Alvarezek.

Goiko basoan nagusiki haritz amerikarrak daude landatuta. Udalak azken urteotan hainbat azterketa egin ditu eremuaren egoera eta balio ekologikoa ezagutzeko. Zuhaitz batzuk zahartze edo gainbehera prozesuan dauden arren, ez dute arriskurik sortzen, izan ere, arriskutsuak izan zitezkeen aleak aurretik kendu ziren. Aldi berean, bertako haritzaren berreskurapenean ere lanean ari da Udala.

«Baso honek balio handia du biodibertsitatearen ikuspegitik. Egindako azterketek erakutsi dute intsektu espezie ugari bizi direla bertako zuhaitzetan, eta hori guretzat oso garrantzitsua da. Horregatik, baso honen kontserbazioa lehentasunezkoa da», nabarmendu du zinegotziak.

Testuinguru horretan hartu da parrilen inguruko erabakia. Azken urteetan gero eta gutxiago dira Gipuzkoan erabilera horretarako prestatutako guneak, eta klima-aldaketaren ondorioz bero-boladak gero eta ohikoagoak dira. Aste honetan bertan muturreko tenperaturengatik alerta gorria ezarri da, eta egoera horietan sute-arriskua nabarmen handitzen da.

Gainera, Oianguren etorkizunari buruz egindako partaidetza prozesuan ere espazioaren zaintza eta kontserbazioa indartzeko beharra azaleratu zen.

Kendutako bost parrilen artean, egoera onean zegoen berriena parkeko beheko zelaietara lekualdatuko da. Gainerako laurak, berriz, egoera txarrean zeuden eta ez zuten suteak modu egokian kontrolatzeko bermerik eskaintzen.

Dena den, parkeko erdiko zelaian kokatutako parrilek erabiltzeko moduan jarraituko dute. Udalak gogorarazi du horien erabilera arduratsua izan behar dela, eta tenperatura altuen edo sute-arriskuaren ondoriozko abisu edo alerta egoeretan ezin izango direla erabili. Egoera horien berri emango du Udalak dagokion unean.

«Horrelako espazioak gero eta beharrezkoagoak dira larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Oianguk babesgune klimatiko gisa betetzen duen funtzioa zaindu eta indartu nahi dugu», adierazi du Alvarezek.

Azkenik, Ordiziako Udalak gogorarazi du erabat debekatuta dagoela etxetik ekarritako parrilen erabilera edo sua egitea horretarako bereziki prestatuta ez dauden eremuetan.

LGTBIQA+ Harrotasunaren Eguneko Ordiziako Udalaren adierazpena

LGTBIQA+ Harrotasunaren Eguneko Ordiziako Udalaren adierazpena

Ordiziako Udalak ondorengo erakunde adierazpena adostu zuen atzo, ekaineko osoko bilkuran, aho batez. 

ADIERAZPENA HEMEN

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza