Image
Image

AISA oinarrizko euskara ikastaroan izena emateko epea zabalik dago

AEK-k, Ordiziako Udalarekin elkarlanean, oinarrizko euskara ikastaroa (AISA) antolatu du 16 urtetik gorako herritarrentzat, euskarara hurbildu eta lehen oinarriak eskuratu nahi dituztenentzat.

Ikastaroa ekainaren 3tik uztailaren 17ra bitartean izango da, astelehenetik ostiralera, eta bi ordutegi aukera eskainiko dira: goizez (10:00-12:00) edo arratsaldez (15:00-17:00).

Ikastaroa doakoa izango da Ordizian bizi edo lan egiten dutenentzat, Ordiziako Udalaren finantzaketari esker.

Izena emateko epea maiatzaren 22ra arte egongo da zabalik. Interesdunek GOIZTIRI AEK Euskaltegiarekin jarri beharko dute harremanetan, Nafarroa Beherea 1 helbidean (Ordizia), edo ondorengo bideen bidez:

  • Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
  • 943 88 91 74
  • WhatsApp: 688 746 638

Ekimen honen helburua euskararen ezagutza sustatzea eta herritarrak hizkuntzara hurbiltzea da, modu errazean eta eskuragarrian.

Informazioa HEMEN.

  

[Adierazpena] Euskararen Nazioarteko Eguna 2025

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2025. ADIERAZPENA

Euskarak bide luzea egin du.
Luzeena, agian, Europa zaharrean.
Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da.

Zein da sekretua?
Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena?
Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin.
Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du.

Debekuen aurrean, eutsi genuen.
Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen.
Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa da.

Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna.
Euskararentzat aukera berriak zabalik daude.
Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.

Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua.
Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen.
Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.

Horregatik, unea da.
Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea.
Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea. Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea.
Euskararen ezagutza zabaltzeko unea.
Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko unea.
Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.

Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu.
Eta prest gaude!
Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera.
Elkarrekin egiteko.

Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei.
Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen beharra du.
Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko,
Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko.

Euskara da!
Guztiontzat da.
Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da.
Batzen gaituen hizkuntza bat.
Elkar ulertzeko gonbidapen bat.

Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari.
Eta euskararekin, edonori.
Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko ditugu, denon artean.
Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.
Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu.
Norberetik hasita egingo dugu bidea.
Guztion baitan baitago euskararen jauzia.
Zugan, nigan, gugan .

Euskara ikastea edo maila hobetzea, doan

Euskaraz Bizi kanpainaren barruan, aurten ere euskara ikasteko edota maila hobetzeko ikastaroak doan eskainiko ditu Ordiziako Udalak.

Dirulaguntza hauek lortzeko, hainbat baldintza bete behar dira: Ordizian erroldatuta egotea, hamasei urte beteta izatea eta gutxienez %80ko asistentzia. Hala bada, matrikularen %100a ordainduko du udalak (beti ere, urteko gehienkoa 500 eurokoa izanda).

Euskaltegien bidez ez ezik, lan mundutik ere bultzatu nahi da euskara ikastea. Hala, Ordizian erroldatu gabe daudenei, baldin eta Ordizian dauden eta euskara plana duten enpresetako arduradun eta enplegatuak badira; euskara hitzarmena sinatu duten Ordiziako merkatal establezimenduetako arduradun eta enplegatuak badira; edo euskara sustatzeko hitzarmena sinatu duten Ordiziako kirol-taldeetako kirol-begirale eta entrenatzaileak badira. Kasu horietan, matrikularen %85a itzuliko zaie ikasleei.

Euskaltegiak izen-emate kanpaina betean daude irailean, eta udaleko euskara sailetik, jendea animatu nahi dute. Goierrin dagoen euskaltegi sareak euskara ikasteko hainbat aukera eskaintzen ditu. Ordizian bertan, Goiztiri AEK euskaltegia dago; Beasainen, Udal Euskaltegia eta Goiztiri AEK; eta Lazkaon, Maizpide Euskaltegi-Barnetegia.

Euskara ikasten ari direnek, berriz, Mintzalaguna egitasmoaren bitartez ahozko euskara lagun giroan praktikatzeko aukera ere badute. Ekimen honetan parte hartzeko, Hitzaro Euskara Elkartera jo daiteke.

Informazio hau guztia jasotzen duten 400 eskuorri argitaratu ditu Udalak, eta egunotan banatuko ditu Ordiziako etxebizitzetan.

Eskuorria 

Ordiziako Udalak bat egin du Euskaraldiarekin

Ordiziako Udalak bat egiten du Euskaraldiarekin. Ahobizi eta Belarriprest, jantzi dezagun euskaraz Ordizia.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image