Herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko ‘Errenta Aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz!’ kanpaina antolatu dute hamalaugarrenez Beasaingo, Ordiziako, eta Lazkaoko Udalek elkarlanean.
Gipuzkoan, 2023ko errenta aitorpena egiteko aukera egongo da uztailaren 1era bitarte.
Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, Mariola Pascual, Beasaingo Udaleko Herritarrak arloko buruak eta Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak Beasaingo Udalean egindako prentsa agerraldian eskaini dituzte gaur egun errenta aitorpena egiteko bideak eta xehetasunak. 2010az geroztik egiten den kanpaina da honakoa eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea da.
Errenta aitorpena egiteko bideak eta datak
Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara:
Urtero euskaraz egindako aitorpen kopurua goruntz
Azken 13 urteetan, 2009tik 2022era, Beasainen, Lazkaon eta Ordizian euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz joan da: Beasainen %8,37tik %26,18ra, Lazkaon %15,52tik %32,19ra eta Ordizian %8,29tik %23,82ra igo da.
Hiru udal ordezkariek, euskararen aldeko keinu hau egitera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Aukera badago euskaraz jarduteko, baita errenta aitorpenean ere, eta orain arte, inertziaz edo ohitura faltagatik gazteleraz egin bada ere, era oso errazean gure hizkuntzan egin daiteke. Hori ikusarazi eta errazteko kanpaina da hau, gure hizkuntzaren erabilera sustatzekoa. Beraz, euskararen aldeko aukeraz baliatuz, errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten zaiola nabarmendu dute hiru ordezkariek.