Image
Image

Ahoz Aho jaialdiak bertako eta nazioarteko kontalariak uztartuko ditu

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berria aurkeztu da, eta beste urte batez, neguari agur esan eta udaberriari ongietorria emango dio hitzaren eta ahozkotasunaren bidez. Jaialdia otsailaren 16tik martxoaren 31ra bitartean egingo da, eta 30 kontalarik 50 kontaketa saio eskainiko dituzte 17 herritan, tartean Ordizian.

Jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoan parte hartu dute Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak, May Gorostiaga kontalari eta jaialdiaren koordinatzaileak, eta Joxemari Karrere eta Iñaki Carretero kontalariak.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ahozkotasunaren eta hizkuntzaren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi duenez, “Ahoz Aho jaialdiak gure sustraiekin lotzen gaitu, gure ama hizkuntza den euskararen bidez. Euskara iraganarekin estu lotuta dago, eta jaialdi honetan sortzen diren harremanek hori erakusten dute; mundu zabaletik Euskal Herrira etortzen diren artistak ditugu, eta garrantzitsua da ikusmira zabaltzea, gure historiatik abiatuta aberasten jarraitzeko”. Alkateak herritarrak ekitaldi guztietan parte hartzera animatu ditu, eta bereziki Ordizian egingo den XIV. Ipuin Narrazio Lehiaketaren garrantzia nabarmendu du, gogoraraziz edonork parte har dezakeela: “Jauzi polita izaten da herritarrek eszenatokira igotzea eta beren ipuinak kontatzea, ahozkotasunaren tradizioari jarraipena emanez”. Halaber, Ezenarrok adierazi du ahozko transmisioak inoiz baino garrantzi handiagoa duela “adimen artifizialaren garaiotan”.

Bestalde, Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak ahozkotasunaren balioa nabarmendu du egungo testuinguruan, eta gogorarazi du egun hauetan Agate Deuna ospatzen ari direla: “Ahotsaren bidez transmititzeak duen garrantzia gogorarazten digu egun honek. Ahozkotasunari eta hitzei esker unibertso erraldoiak eraiki daitezke”. Ezeizak herritarrak aurtengo egitarauaz gozatzera animatu ditu, eta azpimarratu du jaialdiaren aniztasuna: “Urtero bezala, programa oso aberatsa eta askotarikoa da, eta nabarmendu nahi nuke genero aniztasuna ere kontuan hartu dela egitaraua osatzerakoan”.

Jaialdia Tolosan eta Ordizian hasi eta hazi zen, eta urtez urte herri gehiago gehitu dira hitzaren festa honetara, gaur egun Euskal Herriko kontalaritza jaialdirik erreferentzialena bihurtu arte. Euskal kontalari ugarirekin batera, nazioarteko artista ezagunak ere izango dira aurten: Espainia, Kolonbia, Grezia, Italia, Kuba eta Perutik etorritako kontalariak, besteak beste.

Gala berezia eta gehiago

Ordiziak protagonismo berezia izango du jaialdiaren barruan. Barrena Jauregian eta udalerriko beste hainbat gunetan kontaketa saioak egingo dira, eta, horrez gain, XIV. Ipuin Narrazio Lehiaketaren hainbat saio eta finala ere Ordizian ospatuko dira. Lehiaketa jaialdiaren ekimen klasikoetako bat da, eta antolatzaileen esanetan, kontalarien harrobi garrantzitsua bihurtu da, izan ere, gaur egun jaialdian parte hartzen duten hainbat kontalarik bertan eman zituzten lehen urratsak.

Formakuntzak ere pisu handia izango du aurtengo edizioan. Besteak beste, Estrella Ortiz kontalari ezagunak ahozkotasunari buruzko ikastaro trinkoa eskainiko du, eta Dorleta Kortazar, Iñaki Carretero, Maider Alcelay eta Ixabel Agirresarobe ere arituko dira ikastaro eta masterclass desberdinetan.

Jaialdiaren amaiera ekitaldien artean, X. Euskal Kontalarien Topaketa ospatuko da, eta bertan Urrezko Kalabaza 2026 saria Kike Amonarrizi emango zaio, ahozkotasunaren alde egindako lanagatik. Sari honek jaialdiaren une hunkigarrienetako bat izaten jarraitzen du, ahozkotasunaren alde lan egindako pertsonak aitortuz.

Ahoz Aho Jaialdiak, beste urte batez, hitzaren magia, ahozko istorioen indarra eta kultur transmisioa jarriko ditu erdigunean, Ordizia eta eskualdea ahozkotasunaren mapan erreferente bihurtuz.

Egitarau osoa

Otsaileko agenda

Hemen duzue otsaileko agenda.

Urtarrileko agenda

Hemen duzue urtarrileko agenda.

1768210871240-61ef927d-7d0c-4b08-8ffa-912d1a18d6e9_1.jpg1768210871240-61ef927d-7d0c-4b08-8ffa-912d1a18d6e9_2.jpg

Antzerki Garaia, 8 proposamen berrirekin

Ordizia eta Beasaingo Udalek elkarlanean antolatutako Antzerki Garaia programa urtarrilaren 9an hasiko dugu. 8 obra eskainiko dira guztira, antzerkiari eta batez ere euskarazko antzerkiari bultzatuz. Emanaldi guztiak 20:30etan hasiko dira, eta hemen duzue programa osoa.
Emanaldi bakoitzeko sarrera 12 eurokoa izango da eta emanaldi guztien abonoa 72 eurokoa. Bonoak urtarrilaren 4a bitarte eskura daitezke Herri Antzokiko lehiatilan eta ondoren, sarrerak Kutxabank bidez eta Herri Antzokiko lehiatilan ohiko ordutegian.

Salmenta-lekuak honakoak dira: Ordizian, Herri Antzokiko leihatila; Beasainen, Usurbe Antzokiko leihatila.

Programazioa

Emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira. Aurtengo edizioa Usurbe Antzokian abiatuko da.

URTARRILA
9 – Escape Room (euskaraz)
Usurbe Antzokia, Beasain

23 – Etxea (euskaraz)
Herri Antzokia, Ordizia

OTSAILA
6 – Desobedienteak (euskaraz)
Usurbe Antzokia, Beasain

13 – 52 Hercio(s) (gaztelaniaz)
Herri Antzokia, Ordizia

MARTXOA
13 – R&J (gaztelaniaz)
Usurbe Antzokia, Beasain

27 – Kandida (euskaraz)
Herri Antzokia, Ordizia

APIRILA
17 – Loreen Hizkuntza (euskaraz)
Usurbe Antzokia, Beasain

24 – Trajea (euskaraz)
Herri Antzokia, Ordizia

Ordizian, sarrerak aurrez Herri Antzokiko leihatilan eta Kutxabankeko kanalen bidez eskuratu daitezke; emanaldi egunean, leihatilan eta Kutxabanken, sarrerarik balego. Beasainen, sarrerak www.usurbe.eus webgunean eta Usurbe Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira, aurrez eta emanaldi egunean. Antzerki garaiko esku-egitaraua Beasain eta Ordiziako etxeetan banatuko da eta bi antzokietan ere egongo da eskuragarri.

 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image