Image
Image

Igandean txotxongilo jaialdian izango dugu

Aurten ere, Titirijai Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia aprobetxatuz, Udaleko Kultura Sailak jaialdiko ikuskizunetako bat ekarri du Herri Antzokira. Emanaldia Kultura Familian Bizi zikloaren barruan sartzen da eta Txileko David Zuazola artistaren “Robot” lana aurkeztuko da igande honetan Herri Antzokian, 12:30etan.

Etorkizunean, robotak gizakiekin bizi ziren. Munduak aurrera egiten zuen eta robotek beren lana pertsonei laguntzen egiten zuten, beren kabuz pentsatzen hasi ziren arte. Gobernua ez zegoen horrekin pozik, eta planetako robot guztiak atxilotu eta suntsitzeko agindu zuen. Eta hala, robotak ia desagertu egin ziren. Halako batean, Clara, gurpil-aulkian dabilen neskatoa, etxetik asko urruntzen da eta kontzentrazio-eremu batera iritsi da. Han robot batekin topo egin du, ziur asko Lurra planetaren azken robotarekin. Isiltasunean eta ulermenean oinarritutako adiskidetasun sakona hasten dute. Baina zoria ez dago bere ondoan, eta bereizi egiten dituzte. 70 urte geroago, robota esnatu eta Clararen bila hasi da, aldatu egin den eta intolerantzia eta axolagabetasuna nagusi diren mundu batean.

“Robot” birziklapenarekin egindako ikuskizuna da gehienbat. David Zuazolaren lanetan ohikoa den bezala, mekanismoak, eszenografiak eta pertsonaia bitxiak bestelako mundu berezi batean bizi dira, gizatasunez beteriko istorio indartsuak dituzten konbentzionalismoetatik urrun.  “Robot” ikuskizun berezia da, David Zuazola (Santiago de Chile) eta Unia Teatr Niemozliwy (Varsovia) elkartu dituen koprodukzio txiletar-poloniarra baita. Varsovia hirian 18 hilabetez lanean aritu ondoren, xehetasunez betetako ikuskizun bat jaio da, historia sinple baina esanahiz beterikoa kontatzen duen zentzu artistiko sakon batekin.

David Zuazola aktorea, musikaria, ikus-entzunezko komunikatzailea eta titiriteroa da. Txileko Santiagon jaio zen 1976an, eta antzerkiko eta ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak amaitu ondoren, Bartzelonan kokatu zen. Bertan, antzerki-ikasketak egiten hasi zen berriro, eta titiritero gisa hasi zuen bere ibilbidea, Jordi Bertranen konpainia ospetsuan lehen aktore eta musikari gisa lan eginez. Ondoren, Madrilera joan zen, eta han “Retablo de la Ventana” konpainia sortu zuen. “Cuarta Pared” eskolan sartu zen bere antzerki heziketa jarraitzeko eta “La Compañía del Maldito Martillo” sortu zuen. Gaur egun, Davidek “Scarlattine” teatroan ere lan egiten du, Italiako konpainia italiar gazte garrantzitsuenetako batean.

David Zuazola munduko jaialdirik garrantzitsuenetan dabil bere ikuskizunetan dauden diseinu eta mekanismo bitxiei esker, kritika espezializatuaren mesedea irabaziz eta nazioarteko sari ugari lortuz.

Txotxongilo magiarekin hitzordua igande honetan goizeko 12:30etan Herri Antzokian. Sarrerak Barrenan salgai eta egunean bertan Herri Antzokian.

Oniria taldea Barroko Aire zikloan, igande honetan

Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, "Barroko Aire" kontzertu-programak jarraitzen du Ordizian. Igande honetan, hilak 13, 18:30ean, Ordiziako Parrokian, zikloko bigarren kontzertua aurkeztuko da, Oniria taldea protagonista izango duena.

Oniria taldea, jatorrizko instrumentuen erreprodukzioak erabiliz,  berpizkunde eta barrokoko errepertorioaren interpretazioan espezializatutako musika taldea da, 2009ko erdialdean sortutakoa. Taldearen ezaugarri nagusia sakabutxerako (errenazimentuko eta barrokoko tronboia) idatzitako musika erakustea eta zabaltzea da.

AEBko Akademia Music Awarden saria, "Musika klasikoko bideo onenaren" atalean; publikoaren saria "Talde onenaren" eta "Disko Grabazio onenaren" atalean, Espainiako Antzinako Musikako GEMA VI. Sarietan. ONIRIA antzinako musikan espezializatutako ziklo ezagunenetan parte hartu duen musika historikoaren talde bat da, publikoaren eta kritikaren arrakasta handiarekin.

Ordizian emango duten kontzertuan, Oniriak "Huehuetenango: Ministriles de Guatemala" programa aurkeztuko du. Programa horrek amerikar musikaren historiografiaren alderdi liluragarri batera hurbiltzen gaitu: nekazal eremuetan ministrilak egotea, Guatemalako Huehuetenango eskualdean hain zuzen ere, bertako biztanleak ebanjelizatu nahi zituzten domingotarrentzat zaila gertatzen zitzaiena. Erlijiosoek, Frai Bartolome de las Casas buru zutela, musika erabili zuten hurbilketa errazteko, eta horrek hain emaitza onak eman zituenez, eskualde honetako biztanleek musika azpiegitura garrantzitsua garatu zuten.

Oniria honako hauek osatzen dute: Jacobo Díaz Giráldez, txirulak eta txirimia; Carmelo Sosa, sakabutxe altua eta tenorea; Manuel Quesada, sakabutxe tenorea; Daniel Anarte, sakabutxe tenorea eta baxua; Eugenio García, perkusioak. Taldea Daniel Anarte Malagako Udal Musika Bandako tronboi irakasle eta Granadako Udal Musika Bandako tronboi irakasleak sortu zuen eta zuzentzen du. Musikari eklektikoa da, hainbat estilotako taldeetan kolaboratzailea (musika historikoa, jazza, garaikidea, klasikoa, etab.).

Barrokoko hitzordu berria igande honetan Parrokian, egitarau benetan interesgarriarekin, bai musikologiari egiten dion ekarpenagatik, bai bertan dauden piezen sonoritate bikainagatik.

Ostegun goizean, Liburu Baby Kluba

Saioa Udal Liburutegian egingo da, ostegun honetan, azaroak 10, goizeko 10:30etan. Liburu baby kluba Udal Liburutegiak sustatzen du eta urtean zehar Liburutegi berak bultzatzen duen ipuinkontaketen saioei gehitzen zaio.

Liburu Baby Kluba 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da. Umeak heldu batekin egongo dira eta azken honek jardueran ere parte hartuko du. Jarduaren ardatza eta abiapuntua liburua da. Jarduera honen helburu nagusia umeengan txikitatik eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da. Liburu Baby Kluba jarduera kulturanitza da eta horregatik, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez garatzen da.

Parte hartzaileen kopurua mugatua izanik, komeni da izena ematea Liburutegia bertan edo  943805633 telefonoan  edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. posta elektronikoan

Kea Ahots taldeak eta Iñaki Salvadorrek zabalduko dute Barroko Aire zikloa

Abesbatzen kontzertuek utzitako aho-zapore onarekin, igande honetan hasiko da Ordizian Barroko Aire, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXXVII. ekitaldia. Eta jaialdiak Ordizian segituko du hilabete honetan, herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira, Ordiziako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta.

Eta zikloa zabaltzeko igande honetan, arratsaldeko 18:30ean, Ordiziako Parrokian, Kea Ahots Taldea eta Iñaki Salvador (piano)  entzuteko aukera izango da, “BachJazz - Bach Inmortal” programarekin.

Kea ahots taldearen eta Iñaki Salvador piano-jotzailearen arteko lankidetza proiektua da BachJazz,  Iñaki Salvadorrek berak moldatutako Johann Sebastian Bach-en lanetan oinarritua. Barrokoaren bokaltasunaren eta Iñaki Salvador pianistaren hizkera jazzistikoaren arteko fusio programa. “Jesu, meine Freude” bachiar motetearen berrirakurketa batean zentratua.

Iñaki Salvadorrek (Donostia, 1962) Piano, Akordeoi, Harmonia, Kontrapuntu eta Fuga ikasketa klasikoak egin zituen, besteak beste, Jesús González Alonso eta Francisco Escudero García de Goizueta maisu ospetsuen eskutik. Bere pasioetako bat jazza da, modu autodidaktikoan esperimentatzen hasi zen estiloa. Ondoren, Zé Eduardo, Dave Liebman, Richie Beirach, Lluis Vidal, Billy Hart eta Roc McLlure bezalako nazioarteko artisten eskola magistraletara joan zen. Gainera, Bartzelonako eskola ezagunetan trebatu zen, hala nola Musics Tailerrean edo Musika Moderno eta Jazz Gelan.

Salvadorrek piano-musikarekiko eta Bachen obrekiko zuen grinatik sortu zen inprobisazioan oinarritutako programa hau, konpositore alemaniarraren aukera amaigabeak ezagutzeko. “Bach-Jazz”-en soinu unibertsoak musika klasikoa eta jazza uztartzen ditu, Bachengana hurbiltzeko modu berri bat eskainiz.

Kea Ahost Taldea estatuko  abesbatzen artean, ganbera-koru erreferenteetako bat da. Enrique Azurza zuzendariak 1997an sortu zuen, XX. eta XXXI. mendetako koru-errepertoriotik gutxien jendarteratutako harribitxiak interpretatzeko, euskal egileetan arreta berezia jarrita. Musika garaikideari bizkar eman gabe, azkenaldian Errenazimenduko eta Barrokoko polifoniara hurbildu da hainbat proiektuekin: Bach, Tomás Luis de Victoria, Monteverdi,  AlonsoLobo, Duarte Lobo eta Gregorio Allegri konpositoreen obrekin.

Barroko airekin hitzordua, igande honetan Ordiziako Parrokian eta aukera ezin hobea Iñaki Salvadorrek  eta Kea Ahots Taldeak eskainiko dituzten lanak entzuteko.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image