Image
Image

Abesbatzen kontzertuak Ordizian

Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatuta, Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa aprobetxatuz, Ordiziako Parrokiara itzuliko dira abesbatzen kontzertuak, Barroko Aire Jaialdiaren XXXVII. edizioaren atariko gisa. Ordiziako eta Goierriko publikoak bi abesbatza talderen ahotsekin gozatzeko aukera izango du, kalitate maila egiaztatua duten taldeak.

Kontzertu-egunak honako hauek dira:

- Urriak 30, igandea, 18:30ean.  Ad Libitum Ganbera abesbatza (Valentzia)

- Azaroak 2, asteazkena, 20:00etan: Kieveko Sophia Ganbera Abesbatza (Ukraina)

Valentziako Quarte de Pobleteko Ad Libitum taldea emango dio hasiera zikloari igande honetan, arratsaldeko 18:30ean Parrokian. Escola Coral Veus Juntes (Quart de Poblet, Valentzia, 1983) proiektu pedagogiko aski zabala da, kantu koralerako prestakuntza ematen duena lau urtetik hasita. Gaur egun, sei abesbatzatan banatutako ehundik gora haur, gazte eta helduk osatzen dute proiektu hau.

Escola Coral zentroko ganbera-abesbatza Ad Libitum da, prestakuntza musikal eta bokal sakona duten gazteek osatua. Talde honen errepertorioak askotariko piezak biltzen ditu bere baitan, polifonia klasikotik hasita XXI. mendeko sorkuntzetaraino. Kontzertuak eskaini ditu auditorio garrantzitsuetan nahiz espazio historikoetan, esaterako, Manzanares El Real gazteluan (Madril) edota Erromako Santa Maria del Popolo basilikan (Italia). Abesbatza egoiliarra izan zein Early Music Morella jaialdian (2019) Marco García de Paz zuzendariaren esanetara, eta baita ere Acadèmia de Capella de Ministrers jaialdian. Palmares oparoa du, nazioarteko sari garrantzitsuenetako batzuk irabazi baititu, hala nola, Espainiako Kantu Koraleko Sari Nagusia (2017); lehen saria, publikoaren saria eta FIRACOR sari berezia Cocentainako Certamen Coral Fira de Tots Sants lehiaketan (2015 eta 2016), eta lehen saria Ejea de los Caballeroseko Abesbatza Lehiaketan ere.

Duela gutxi, kontzertu-bira bat eskaini du Tomás Luis de Victoriaren Requiem obra interpretatuz, Musica Ficta taldearekin batera eta Raúl Mallavibarrenaren zuzendaritzapean. Bere lehen diskoak –Essència- Publikoaren Saria irabazi du “Carles Santos de la Música Valenciana” sariketan. 2018. urtetik, Francesc Gamón Olmo da musika-zuzendaria, eta 16 neskak eta 16 mutilek osatzen dute taldea. Kontzertuan Elberdin, Tomas Luis de Victoria, Juan Bautista Comes eta Josef Rheinberger musikarien lanak izango dira lehen zatian eta folkloreari eskainitako bigarren zatian Ondarra, Guridi, Xabier Sarasola eta Anton Garcia Abrilen lanak.

Eta asteazkenean, kasu honetan kontzertua 20:00etan izango da, Kieveko Sophia Ganbera talde ukrainiaren  txanda. Kieveko “Sophia” gazteen ganbera-abesbatza Ivan Bogdanov zuzendari gazteak sortu zuen, 2008an. “Sophia” koruak Lasso-ren, Monteverdi-ren eta Errenazimentuko beste konpositore batzuen motete eta madrigalak abestu ditu Ukrainiako hainbat hiritan. Arian-arian beren errepertorioa zabaldu, eta 2009ko Pazkoan Mykola Leontovich-en lanak abestu zituzten.

2010. urtearen amaieran, Alexey Shamritsky gaztearen esku geratu zen abesbatzaren zuzendaritza, oraindik Ukrainiako Musika Akademia Nazionaleko ikasle zenean.  2010eko azaroan Sviridov-en bi kantata abestu zituzten (“Songs of timelessness" eta Night Clouds), Ukrainiako herri-abestiei buruzko tratamendu sorta bat. 2011ko irailean lehen diskoa grabatu zuten, Liturgy, hainbat errusiar musikagileren lanak barne: Rachmaninoff, Tchaikovsky, Arkhangelsky, Chesnokov, Schnittke eta beste zenbait. 2012tik, abesbatzak abesbatza jaialdi eta topaketetan parte hartu ohi du: besteak beste, “KIEVMYUZIK fest”, “Pazko Topaketa”, etab. 2013an, Sophia abesbatzak lehen saria irabazi zuen “Victoria” Nazioarteko Ahots eta Abesbatza Lehiaketan (2013ko maiatza). 2014ko maiatzean berriz ere irabazi zuten lehen saria, XXXIII. “Hajnówka” Musika Ortodoxoko Nazioarteko Abesbatza Jaialdian. 2016ko uztailean, Nazioarteko 27. “Béla Bartók” Abesbatza Lehiaketan aritu ziren, Debrecen-en (Hungaria); bertan, lehen saria irabazi zuten ganbera-abesbatzen kategorian, baita zuzendari onenaren diploma ere. 2017 eta 2019an, Goriziako (Italia) "Seghizzi" Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako Sari Nagusia irabazi zuten.

Hitzordu bikoitza beraz, igandean eta asteazkenean Ordiziako Eliz Parrokian,  azaroko igandeetan ospatuko den “Barroko Aire” programaren aperitibo gisa.

'Flamenco etxea 2' kontzertua eskainiko da Herri Antzokian

Ostegun honetan, hilak 13, Ordiziako Udalak antolatutako Bizi Musika zikloak “Flamenco etxea 2” kontzertua aurkeztuko du Herri Antzokian 19:30etatik aurrera.

Gorka Hermosa soinujolearen urretxuarra eta José Luis Montón flamencoko gitarra-jolearen “Flamenco etxea 2” proposamen originala  aurkeztuko dute, Mariana Collado dantzariak lagunduta. José Luis Montón eta Gorka Hermosak flamenkoaren eta euskal musikaren arteko fusio bitxi eta originala proposatzen digute, beren konposizioetatik hasi eta euskal gai tradizionaletaraino doana. “Flamenco etxea” duela hamaika urte argitaratu zuten eta arrakasta izan zuen. Mundu osoko aretoetan jo zuten eta kritika bikainak jaso zituzten. Oraingo honetan ere flamenkoaren eta euskal kulturaren arteko fusio originala egin dute, maila goreneko kolaborazioekin.

Luxuzko hirukote honek unibertso magiko batera garamatza. Montón euskal gai tradizionalei eta konposizio propioei bere flamenko ikutu pertsonala ematen die, eta melodia hauek Gorka Hermosaren akordeoiaren konposizio eta akordeen artean bidaiatzen dute.

Gorka Hermosak bere instrumentua irauli du, 4 aldiz urteko akordeoirako konposizio onenaren saria jaso du CMA (Soinujoleen Munduko Konfederazioa) erakundeagatik. 2019. urtean New Yorkeko Accordion Stars aldizkariaren makroinkesta batean munduko 10 akordeoi jotzaile hoberenen artean hautatu zuten, 126 herrialdetako 27.000 pertsonek parte-hartutako inkesta batean. Era berean, CIA-IMC UNESCO Konposizio Saria irabazitakoa da 2013. urtean, baita Soinujoleen Munduko Elkarteak ematen duen urteroko konposizio onenaren saria bereganatu ere. Akordeoilari gisa mundu osoan hainbat kontzertu eskaini izan ditu: Txinaz gain, Iranen, Errusian, Amerikan eta Europako herrialde gehienetan musika emanaldiak atondu dituelarik.

José Luis Montón flamenkoaren historiako gitarra-jotzaile handienetako eta originalenetako bat da. Munduko world music disketxe garrantzitsuenarekin (ECM) disko bat grabatu duen estatuko musikari bakarra da. José Luis Montónen musika-proiektuek Flamenkoari begirada argia ematen diote beti, bere konposizioetan distira eta gitarraren ezagutza bikaina uztartuz. Bere musikak, beti kolorez beterik, bihotza, edertasuna eta erritmoen ezagutza biltzen ditu, ez bakarrik flamenkoak, baita arimarenak ere.

Hermosa eta Montonekin batera Mariana Collado dantzaria arituko da. Interprete  eta koreografoa izateaz gain, artista gonbidatua da nazioko eta nazioarteko jaialdi askotan.

Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean eta ostegunean bertan Herri Antzokian.

Kultura Familian Bizi, familian kulturaz gozatzeko

KULTURA FAMILIAN BIZI izenburupean lau ikuskizun proposatzen dituen familientzako jardueren programa martxan jarri da berriro ere. Ikuskizun horiek Herri Antzokian eskainiko dira, igandetan goizeko 12:30ean.

Familia askok transmititu nahi diete beren seme-alabei kulturarekiko zaletasuna oro har: literatura, pintura, zinema, antzerkia, eskultura, argazkilaritza... KULTURA FAMILIAN BIZI programak horretarako pista batzuk eskaintzen ditu,  pailazoak, txotxongiloak eta haur literaturako klasiko baten bertsio moderno bat eskainiko dituen ziklo batean.

Zikloa datorren urriaren 9an, igandea, hasiko da goizeko emankizunean, eguerdiko 12:30etan, Patxin eta Potxin pailazoek “Baserrian” proposamen berria aurkeztuko dute.  Potxin Patxin artistak baserrira egun pasa doaz eta bide batez ikusleak ere bertan senti arazi nahi dituzte, une oro erne eta adi egongo da ikuslea, mendi, baso, zelaiek ematen digutenarekin ondo pasatuz ikastea du helburu saio honek.  Animalien lagun izaten eta pakean uztearen garrantzia ikasiko dugu. Eta jolastuz baserriko eginkizunetan parte hartuko dugu.

Azaroan zikloko bi emanaldi aurkeztuko dira, lehena hilaren 6an (12:30), Kiki, Koko eta Moko pailazoen “Tintxilintxin bakea egin” emanaldiarekin. Kiki pailazo jolastia dugu, Koko alaia eta Moko inozoa. Pertsonai hauek esketx ezberdinak aurkezten dituzte emanaldiaren arabera, zirkoko teknika-mota desberdinez baliatuz: monozikloa, joku malabarak, mazak, pilotak eta diaboloak besteak beste. Guzti hau musikaz alaitua eta partaidetza bultzatzen duten jolas eta dantzekin lotuz.

Azaroaren 20an, Tolosako Txotxongilo Jaialdiaren eskutik, birziklatzeko materialarekin egindako “Robot” ikuskizuna dator. Ikuskizun berezia da, Txileko eta Poloniako koprodukzio honek David Zuazola (Santiago) eta Unia Teatr Niemozliwy (Varsovia) elkartu baititu. Varsovia hirian 18 hilabetez lan egin ondoren, zentzu artistiko sakoneko xehetasunez beteriko ikuskizun bat jaio da, istorio sinplea baina esanahiz betea kontatzen duena.

Eta zikloa abenduaren 18an itxiko du, Glu-Glu Producciones konpainiaren eskutik datorren « Botadun katua » klasikoaren bertsio originala, Perrault idazlearen klasikoaren bertsio dibertigarria eskainiz.

Ziklo honetarako sarrerak Barrena Kultur Etxean eskura daitezke 5 €-ko saioko prezioan eta ziklo osorako abonua eskuratzeko aukera eskaintzen da 12 €-ko prezioan (4 ikuskizun). Familian kulturaren magiaz gozatzeko aukera paregabea.

Liburu Baby Kluba ostegunean hasiko da

Oporraldiaren ondoren, Liburu Baby Kluba ipuin-kontalariaren programari ekingo zaio berriro. Saioa Udal Liburutegian egingo da,  ostegunean goizeko 10:30etan.

Liburu baby kluba Udal Liburutegiak sustatzen du eta urtean zehar Liburutegi berak bultzatzen duen ipuinkontaketen saioei gehitzen zaio.

Liburu Baby Kluba 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da. Umeak heldu batekin egongo dira eta azken honek jardueran ere parte hartuko du. Jarduaren ardatza eta abiapuntua liburua da. Jarduera honen helburu nagusia umeengan txikitatik eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da. Liburu Baby Kluba jarduera kulturanitza da eta horregatik, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez garatzen da.

Parte hartzaileen kopurua mugatua izanik, komeni da izena ematea Liburutegia bertan edo  943805633 telefonoan  edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. posta elektronikoan

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image