Image
Image

Ostegun goizean, Liburu Baby Kluba

Saioa Udal Liburutegian egingo da, ostegun honetan, azaroak 10, goizeko 10:30etan. Liburu baby kluba Udal Liburutegiak sustatzen du eta urtean zehar Liburutegi berak bultzatzen duen ipuinkontaketen saioei gehitzen zaio.

Liburu Baby Kluba 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da. Umeak heldu batekin egongo dira eta azken honek jardueran ere parte hartuko du. Jarduaren ardatza eta abiapuntua liburua da. Jarduera honen helburu nagusia umeengan txikitatik eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da. Liburu Baby Kluba jarduera kulturanitza da eta horregatik, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez garatzen da.

Parte hartzaileen kopurua mugatua izanik, komeni da izena ematea Liburutegia bertan edo  943805633 telefonoan  edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. posta elektronikoan

Kea Ahots taldeak eta Iñaki Salvadorrek zabalduko dute Barroko Aire zikloa

Abesbatzen kontzertuek utzitako aho-zapore onarekin, igande honetan hasiko da Ordizian Barroko Aire, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXXVII. ekitaldia. Eta jaialdiak Ordizian segituko du hilabete honetan, herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira, Ordiziako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta.

Eta zikloa zabaltzeko igande honetan, arratsaldeko 18:30ean, Ordiziako Parrokian, Kea Ahots Taldea eta Iñaki Salvador (piano)  entzuteko aukera izango da, “BachJazz - Bach Inmortal” programarekin.

Kea ahots taldearen eta Iñaki Salvador piano-jotzailearen arteko lankidetza proiektua da BachJazz,  Iñaki Salvadorrek berak moldatutako Johann Sebastian Bach-en lanetan oinarritua. Barrokoaren bokaltasunaren eta Iñaki Salvador pianistaren hizkera jazzistikoaren arteko fusio programa. “Jesu, meine Freude” bachiar motetearen berrirakurketa batean zentratua.

Iñaki Salvadorrek (Donostia, 1962) Piano, Akordeoi, Harmonia, Kontrapuntu eta Fuga ikasketa klasikoak egin zituen, besteak beste, Jesús González Alonso eta Francisco Escudero García de Goizueta maisu ospetsuen eskutik. Bere pasioetako bat jazza da, modu autodidaktikoan esperimentatzen hasi zen estiloa. Ondoren, Zé Eduardo, Dave Liebman, Richie Beirach, Lluis Vidal, Billy Hart eta Roc McLlure bezalako nazioarteko artisten eskola magistraletara joan zen. Gainera, Bartzelonako eskola ezagunetan trebatu zen, hala nola Musics Tailerrean edo Musika Moderno eta Jazz Gelan.

Salvadorrek piano-musikarekiko eta Bachen obrekiko zuen grinatik sortu zen inprobisazioan oinarritutako programa hau, konpositore alemaniarraren aukera amaigabeak ezagutzeko. “Bach-Jazz”-en soinu unibertsoak musika klasikoa eta jazza uztartzen ditu, Bachengana hurbiltzeko modu berri bat eskainiz.

Kea Ahost Taldea estatuko  abesbatzen artean, ganbera-koru erreferenteetako bat da. Enrique Azurza zuzendariak 1997an sortu zuen, XX. eta XXXI. mendetako koru-errepertoriotik gutxien jendarteratutako harribitxiak interpretatzeko, euskal egileetan arreta berezia jarrita. Musika garaikideari bizkar eman gabe, azkenaldian Errenazimenduko eta Barrokoko polifoniara hurbildu da hainbat proiektuekin: Bach, Tomás Luis de Victoria, Monteverdi,  AlonsoLobo, Duarte Lobo eta Gregorio Allegri konpositoreen obrekin.

Barroko airekin hitzordua, igande honetan Ordiziako Parrokian eta aukera ezin hobea Iñaki Salvadorrek  eta Kea Ahots Taldeak eskainiko dituzten lanak entzuteko.

Kiki, Koko eta Moko pailazoak, igandean

Igande honetan udal Kultura sailak antolatzen duen familientzako 'Kultura familian bizi' zikloak aurrera darrai. Eguerdiko 12:30etatik aurrera, Kiki, Koko eta Moko pailazoek “Tintxilintxin bakea egin” lana  aurkeztuko dute Herri Antzokian.

1980eko abuztuan sortu zen Azkona taldea, Nafarroako izen bereko herrian, 1978.etik dantza, musika, pedagogia eta beste arlo batzuetako esperientzietatik abiaturik egindako lan batzuen ondorioz. Arlo guzti horiek, gorputz-mugimendua adierazbide eta giza-harremanetarako baliabidetzat hartuta, “kale giroko partaidetzako antzerkia” ildoa jorratuz. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo urtetan aritu ondoren, 1988. urtean Munduko Zirkoko pailazo ikuskizunean parte hartu eta handik jaio ziren orain ezagunak diren Kiki, Koko eta Moko Pailazoak.

Pailazo bakoitzak bere izakera du: Kiki pailazo jolastia duzue, Koko alaia eta Moko inozoa. Pertsonai hauek esketx ezberdinak aurkezten dituzte emanaldiaren arabera, zirkoko teknika-mota desberdinez bailiatuz: monozikloa, joku malabarak, mazak, pilotak eta diaboloak besteak beste. Guzti hau musikaz alaitua eta partaidetza bultzatzen duten jolas eta dantzekin lotuz.

Pello Zabala, Azucena Zabaleta, Ainhoa Ruiz eta Aláyn Pérez de San Román dira taldeko egungo kideak.

Bere azken ikuskizunean, “Tintxilintxin bakea egin,” ate magiko baten istorioa aurkezten dute, bakearen atea, lo zegoela zirudiena, baina pailazoek haurrekin topo egin eta ikuskizuna hasten denean esnatzen hasiko dena.Ateko sekretuen jakitun den emakume azti bat ezagutuko dugu. Azti gaizto eta bortitza ere ikusiko dugu, gerrak maite dituena, emakume aztiari erronka botako diona. Honek publikoaren laguntza eskatuko du eta, azkenik, guztien arao magikoa elkarrekin errezitatuko dute, garaipena emango die eta atea salbu geratuko da.

Txikienentzako eta familia osoarentzako ikuskizun ezin hobea, igande eguerdian Herri Antzokian. Sarrerak salgai Barrena Kultur Etxean eta Herri Antzokiko lehiatilan igandean.

Alex Saldaña ordiziarrak 'Vendiste tu alma' eleberria aurkeztuko du

Alex Saldaña ordiziarrak 'Vendiste tu alma' eleberria aurkeztuko du bihar arratsaldeko zazpietan Barrena Kultur Etxean. Nobela beltzean egiten duen lehen sartu-irtena da, eta Tarragonan eta hustutako Espainiako herri batean kokatzen da.

Alex Saldaña Redondok (1967), Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak amaitu ondoren, El Diario Vasco egunkarian hasi zuen bere ibilbide profesionala.  Baina jauzi pertsonal eta profesional handia 1992an egin zuen, motxila bizkarrean eta kamera eskuan, free lance gisa lau hilabeteko bidaia egin zuenean Latinoamerikako hainbat herrialdetan (Kuba, Venezuela, Kolonbia, Ekuador eta Peru). Gero Espainiara itzuli zen hiru urtez EFE Agentzian lan egiteko. Ondoren, Venezuelara itzuli zen, eta El Universal egunkarian aritu zen kazetaritzan zazpi urtez. Hainbat sari jaso zituen kazetaritza-lanagatik.  Gaur egun, Tarragonako Diariko zuzendariordea da. Bi dibulgazio-liburu idatzi ditu: "Ayer y hoy del deporte en Ordizia" eta "8 Revoluciones: Claves para entender cómo la tecnología transformación nuestro mundo: Conversaciones con Armand Bogaarts".

Bere lehen eleberriaren argitalpenarekin, "Ni por todo el oro del mundo" (2013), kazetari eta idazle honek bidaiaren espiritu pozgarria eta adiskidetasunari egindako kantua partekatu nahi ditu, munduko hainbat lekutan haurren esplotazioaren eta abandonuaren dramaren salaketa ahaztu gabe.

Bere bigarren eleberria, "Vendiste tu alma" (2021), landa eremuan girotutako eleberri beltza da. Bertan, hutsik edo hustuta dagoen Espainiako toki eta pertsonaia batzuen erretratu soziala ehuntzen da.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image