Image
Image

Astelehenetik aurrera, urriak 20, GO07 autobusak geralekua San Bartolomen izango du

Astelehenetik aurrera, urriak 20, GO07 autobusak geralekua San Bartolomen izango du. Udalak autobus geldiune berria atondu du, autobusek modu erosoenean sartu eta atera ahal izateko, herrigunetik igaro gabe, denbora aurreztuz. Ordutegiak orain arteko berdinak izango dira.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak aldaketak egingo ditu Ordizian GO07 linean, erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko. Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, urriaren 27tik  aurrera, joan den udaberrian martxan jarritako linea horrek Renfeko geltokian gelditzeari utziko dio, Eroskiren ondoan (San Bartolome, 7) prestatutako geltoki berrian gelditzeko, eta horrek Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin eta alderantziz lotzen dituen linearen "ibilbidea hobetzeko aukera emango du bere izaera intermodala galdu gabe”.

Diputatuak azaldu duenez, aldaketa honekin erraztu egiten da autobusak N-I errepidean sartzea, bi norabideetako ibilbide-denborak murriztuz. "Donostiarantz bidaiatzen duten erabiltzaileek hiru minutu inguru irabaziko dituzte, eta hiriburutik ateratzen direnek bost minutu inguru aurreztuko dituzte", adierazi du Azahara Domínguezek, eta hainbat erabiltzailek eskatu zuten gaia zela azaldu du. Gainera, diputatuak Ordiziako Udalarekin izandako lankidetza eskertu du, erakunde honek egokitu baitu geltoki berria.

Diputatuak gogorarazi duenez, GO07 lineak ez du oraindik lehen seihilekoa bete, eta "arrakasta handia" izan du. "Herritarren erantzuna hain izan da positiboa, non ohiko errefortzuak jarri behar izan ditugun ordu-tarte guztietan, eta lau errefortzu-autobus ere mobilizatu behar izan ditugu goizeko lehen orduan Donostiarako noranzkoan. Hala ere, linea berria den aldetik, herritarren esperientzia hobetzeko eta garraio publiko jasangarri, eroso, azkar eta eskuragarrirako aukera izateko beharrezko egokitzapenak egiten jarraitzen dugu, Donostiara eta alderantziz joan ahal izateko. Ildo horretan, gure ustez, geldialdi-aldaketa horri esker, beste hobekuntza bat egin ahal izango dugu eskualde horietako bizilagunen eskaera historikoari erantzunez udaberrian martxan jarri genuen linea honetan", baieztatu du diputatuak, eta udalekin eta, oro har, herritarrekin batera lanean jarraituko duela gaineratu du, "gure esku dauden hobekuntza guztiak ezartzeko, gero eta pertsona gehiagok beren joan-etorrietan garraio publikoaren aldeko hautua egin dezaten, eta, horrela, herritar guztiei aukera-berdintasuna eskaintzeko".

Bestalde, Adur Ezenarro alkatea pozik agertu da aurrerapauso berriarekin. "Albiste oso ona da ordiziar guztiontzat. Autobusaren geraleku berriak denbora aurreztea eta erosotasuna ekarriko dizkigu autobusaren erabiltzaile garen guztiori. Gainera, autobusak erdigunetik aterako dira, sor zezaketen eragozpenak murriztuz”.

Mugikortasunaren alde “apustu sendoa” egiten dutela nabarmendu du: “Hau urrats garrantzitsua da. Aldundia eta Udalaren arteko elkarlanaren fruitua da, eta hori ere eskertzekoa da; azken finean, herritarren ongizatea eta egunerokotasuna hobetzeko urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa dugu, eta gure gain zeuden lanak eta eremua atontzeko egin beharrekoak denbora errekorrean egin ditugu”.

“Egia da oraindik ere Iberdrolako zutabe bat mugitu beharra dagoela, baina hori enpresari dagokio eta eskera eginda dago. Hala ere, horrek ez du galaraziko zerbitzu berriaren funtzionamendua, baizik eta aldaketa egiten denean onura handiagoa ekarriko du”, gehitu du.

Bide horretan, irisgarritasuna aipatu du alkateak: “Irisgarritasuna hobetzea giltzarria da, eta orain tren geltoki berriari eta bertan eraiki den igogailuari esker San Bartolomeko geraleku berria eta herrigunearekiko lotunea hobetu egingo dira”.

Mugi txartela dutenek bizikletak konpontzeko aukera, Ordizian

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak "Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" ekintza eramango du datorren asteazkenean, irailak 24, Beasain eta Ordiziara. Horrela, eskualde guztietako  bat udalerri, 2024an baino zortzi gehiago, eta lehendabiziko aldiz Goierrira heldu den kanpaina amaituko da.

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, Mugikortasunaren Europako Astean, furgoneta-tailer batek bizikleten oinarrizko konponketa zerbitzua eskainiko die MUGI txartel pertsonalizatua aurkezten duten guztiei. Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, MUGI txartela eskatu nahi duten pertsona guztiei beharrezko laguntza eskainiko zaie. Horrela, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeaz gain (esaterako, herritarren artean bizikleta egunero erabiltzea), garraio publikoaren erabilera sustatzen da MUGI sistemaren bidez. Sistema horrek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru-arduradun eta GGLAko presidenteak gogorarazi duenez, "abantaila ugari eskaintzen dizkie erabiltzaileei, doako transbordoetatik hasi eta deskontu eta hobarietara arte, 12 urtetik beherakoen edo mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileen doakotasunetik igarota". "Premiaz ibili behar dugu mugikortasun iraunkorrago baterantz, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik beharrezko neurriak hartzen ari gara gipuzkoar guztien garraio publikorako sarbidea unibertsalizatzeko. Esku artean dugun apustu estrategiko garrantzitsuenetako bat da; izan ere, gure lurraldearen etorkizuna ez ezik, pertsona guztiek bizi-aukera berberak izango dituzten Gipuzkoa eraikitzeko dugun gaitasuna dago jokoan ", gaineratu du Azahara Domínguez diputatuak.

Bizikletak berrikusi nahi dituztenek edo MUGI txartel pertsonalizatua ateratzeko aholkularitza behar dutenek 10:30etik 14:00etara egin ahal izango dute Beasaingo Erauskin plazan, eta 16:00etatik 20:00etara Ordiziako Plaza Nagusian.

Aurreko edizioetan bezala, furgoneta-tailerrera hurbiltzen direnek bi bizikletaren zozketan parte hartu ahal izango dute, baita MUGI txarteletan 20 euroko balioa duten 60 birkargatan ere.

"Gipuzkoak ingurumena errespetatzen duen lurraldea izaten jarraitzea nahi dugu, bizigarriagoa, berdintasunezkoagoa eta Europako bizi-itxaropen handienetakoa duena. Horregatik, gipuzkoarren artean garraiobide jasangarriak ez ezik, osasungarriak ere sustatzen jarraituko dugu, hala nola garraio publikoa edo bizikleta. Eguneroko keinu txikiekin Gipuzkoarentzat nahi dugun etorkizuna eraikitzen lagun dezakegu", hausnartu du Azahara Domínguezek.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ekimen hau baloratu du: “Mugikortasun jasangarria ardatz da guretzat eta horrelako ekimenak beti dira ongietorriak. Herritarren artean bizikletaren erabilpena sustatzea helburu dugu, eta horretarako egin beharreko inbertsioak egiten gabiltza. Sarritan, esatea erraza da baina norbera izan behar da eredu, eta ni neu behintzat egunerokotasunan bizikletan mugitzen naiz eta gaur bertan ere Beasaineko bilerara ere bizikletaz hurbildu naiz. Beraz, beti babestuko ditugu halako egitasmoak”.

Bestalde, Beasaingo alkatea den Leire Artolak, honako hau esan du: “Beasainen aspaldidanik ari gara mugikortasun jasangarria lehenesten eta herritarren ohituretan txertatzen. Herri barruko desplazamenduak oinez edo bizikletaz sustatzen esaterako. Garraio publikoaren erabilera sustatzea Mugi txartelaren bidez guztiz lerrokatzen da gure helburuekin. Beraz, ekimen honek gure asmoei bultzada bat ematera dator”.

 

kartela EU

Ordizia eta Goierri Donostiarekin lotuko dituen autobus proiektua

Gipuzkoako Foru Aldundia Ordizia, Beasain eta Zumarragako alkateekin bildu da aste honetan, Goierri eta Donostia lotuko dituen autobus linea berriaren proiektua aurkezteko. Linea hori Lurraldebusen zerbitzuan sartuko litzateke, eta egunero eskainiko luke Goierri eta hiriburua lotzeko zerbitzua. Udal horiek eta hainbat herritarrek egindako eskaerei irtenbidea eman nahi zaie horrela.

Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, “ordiziar eta goierritar askoren eskaera da, eta baita aldarrikapen historikoa ere, Goierri baita eskualde bakarra Donostiarekin zuzeneko autobus loturarik ez duena”. Ondo bidean, linea berria datorren urtetik aurrera izango da martxan. “Espero dezagun proiektu hau errealitate bihurtzea eta herritarren eskaerari erantzuna ematea”.

Linea berriak, astelehenetik ostiralera orduero izango lituzke autobusak, 06:00etatik 21:00etarako ordutegian. Asteburuetan berriz, bi orduz behin, 08:00etatik 22:00etara bitartean. Autobusa Zumarragatik abiatuko da, eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan egingo ditu geldialdiak; Donostian, berriz, Ibaeta auzotik sartu eta unibertsitateetan, Benta Berrin eta autobus geltokian geldituko da.

Bi auto kargatzeko puntua jarri da Lukusin Plazan

Ordiziako Udalak herriko mugikortasunaren aldeko urratsak ematen jarraitzen du. Orain dela hilabete batzuk ezarri zen Lukusin Plazan, Nafarroa eta Filipinak kaleen artean, auto elektrikoak kargatzeko lehen puntua. “Mugikortasuna zein energiaren kontsumoa guretzat oso garrantzitsuak dira, eta horregatik estreinatu dugu karga puntu berri hau. Lehenengoa bada ere, etorkizunean puntu gehiago jartzeko asmoa dugu”, nabarmendu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Ezaugarriei dagokionean, gehienez ere 55KWko potentziadun errekarga puntua izango da, eta bi autok kargatzeko aukera izango dute momento berean. 

“Badira elektrikoaren aldeko hautua egiten dutenak eta pertsona horiek Ordizian autoa kargatzeko aukera izango dutela nabarmendu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Ordutegia izango du puntu honek: hiru orduz gehienez ere, 08:00-20:00. “Auto desberdinek kargatzeko aukera izan dezaten jarri dugu ordu muga hori”, gehitu du.

Auto elektrikoa kargatzeko, kablea autora konektatu behar da, eta ondoren puntu elektrikoan ere kablea jarri. Amaitzerakoan, berriz, kablea autotik atera, eta ondoren karga puntutik atera beharko da.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image