Barrenako parkearen estalkia eta barruko jolas berriak hornitzeko lanak hasi dira. Estalpearen lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresak egingo ditu eta aurrekontua 317.534,74 eurokoa da. Joko eremua, berriz, K1 Ekopaisaia SLL enpresak egingo du eta inbertsioa 94.801,28 eurokoa da. Lanak otsailean hastea aurreikusten da eta lau hilabeteko iraupena izatea, hau da, ekainerako amaituta egotea. Ordizia 2030 Ekintza Planeko 12.36 puntua da hau.

Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak xehetasunak eman ditu obra berri honen inguruan: “Ordiziako parkeen inguruko lanketa egin zen prozesu parte hartzaile batekin, Ttipi Gara kooperatibaren bitartez eta horrela Ordiziako parkeen sarearen mapa bat egin zen, parke bakoitzaren ezaugarritzea egin zen. Ondorio garbi bat atera zen: Barrenako parke hau da Ordiziako parke zentrala, herri guztiarentzat funtzionatzen duena; eta badaudela beste parke batzuk auzoko izaera gehiago dutenak edo erabilera espezifikoagoa dutenak direnak”.

Hori ez ezik, estalpe baten beharra ere adierazi zuten herritarrek parte hartze prozesu horretan: “Ordizian baditugu eremu estaliak, hala nola, Plaza eta frontoi txikia, eta horietan adin batetik aurrerako haurrek jolasteko aukera badute. 0-6 tarteko haur horientzat, baina, guneak falta dira. Horregatik erabaki da herri guztiarentzat hemen eremua estaltzea”.

Jolas eremu zabala izango da, 0-6 urte bitarteko haurrentzat bideratuta. “Aurrerago kanpoko aldean gaztelu moduko bat jartzea ere aurreikusten dugu. Estalitako eremuan, 0-6 urteko haurrentzako jolas inklusiboak ezarri, eta orokorrean parke guztia eraberrituko da”.

Gainera, parkea biziberritzeko aukera bat ere izango da Barrena parkearen berritzea. “Beste hainbat lanketa martxan ditugu, hala nola, jolasak lorategian eta parke guztian zabaltzeko. Orain arte hemen egon dira itxita, hesituta, eta orain moldaketa berri honekin lortuko dugun da haurrak parte osoan zehar jolasteko aukera izatea, nahiz eta eremu nagusia jolasleku berrian izango den”, zehaztu du Ezenarrok.