Image
Image

GUNE GORRIKO TXARTELA EKAINETIK AURRERA ERABILI BEHARKO DA

Gaueko orduegia izango du, lanegunetan

Ekainaren 4tik aurrera Eskarabilla auzoan egoiliarrentzat aparkatzeko prestatu den gune gorria indarrean egongo da. Jasotako eskaerak tramitean daude une honetan eta datozen egunetan eskatzaileek txartela prest dutela eta jasotzera joateko oharra jasoko dute gutun bidez. Udaltzaingoan jasoko dira honako ordutegian: 8:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera.

Urdaneta, Maribaratza, Diego Rivero, Goierri, Berria eta Rezola (Urdanetatik tren geltokiraino) kaleetan  aparkatzeko arazo larriak daude, batez ere ordu batzuetan. Honi aurre egiteko proposatu zen  ordutegi zehatz batean eremua aparkatzeko bizilagunentzat mugatzea. Guztira 201 plaza gorri dira eta aparkatzeko muga 20:30etik 09:30era izango da, astelehenetik ostiralera, beti ere baimendutako ibilgailuentzat. Goizeko 9:30etik iluntzera, asteburuetan eta jai egunetan gune gorria parking librea izango da. Auzoan gune urdina ere badago, 122 plazekin.

Sistema ezartzeko erabakia  Mugikortasun Mahaian adostu zen. Orain sei hilabeteko probaldia egingo da. Ondoren aztertu eta, beharko balitz, antzemandako hobekuntzak ezarriko lirateke.

Behin gutuna jaso eta gero txartela jasotzera ahalik eta azkarren hurbiltzeko eskatzen da, ekainaren 4tik aurrera erabili beharko baita.

ORDIZIAKO KALEEK LED ARGITERIA IZANGO DUTE AURTEN

Udalerriko 305 argi-gune berrituko dira kutsadura eta gastua murrizteko

Ordiziako Udalak kale-argiteria berrituko du LED teknologiara egokitzeko. Honetarako pasa den asteartean 305 luminaria egokituko dituen enpresa kontratatzeko deialdia egin zen. Proposamenak aurkezteko azken eguna ekainaren 7a da eta proiektua bere gain hartzen duen enpresak lana hasi eta hiru hilabete izango ditu bukatzeko.

Udalaren helburu nagusiak dira energia aurreztu, faktura elektrikoari dagokion gastua murriztu eta argi kutsadura eta CO2 isuriak murriztea.

Aipatu bezala, 305 argi puntu berrituko dira eta aurreikusi den  inbertsioa 147.887,60 euroko da. BEZa gehituta (31.056,40), 178.944 euro dira.

Helburu teknikoak hauek dira:

-Instalazioen efizientzia energetikoa hobetzea, argiteria beharra edo maila espazioen erabilerara egokituz, beste espazioengan duen eragina neurtuz eta puntu guztiek behar duten argi maila minimoa ezartzera behartuz.

-Egoera edota kokapen desegokia duten instalakuntzak guztiz aldatzea.

-Hobekuntza telematikoak txertatzea sute-kontrola eta argi-maila erregulatzeko.

-Kale argiteriaren eragina mugatzea beste espazio batzuetan eragin ez-egokia duenean.

-Efizientzia energetikoaren inguruko araudia betetzea.

ARGITU TAILERRAK ORDIZIAN

Argindarraren kontsumoen informazioa kontrolatzeko eta etxean energia eta dirua aurreztera zuzendutako saio praktikoak egingo dira

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako Departamentuak, Ordiziako Udalarekin elkarlanean, Gipuzkoa Argitu programaren baitan, bi tailer antolatu ditu: 

-          Lehen tailerra, maiatzaren 23an, osteguna, Barrenako areto nagusian, 18:30etan, energia (eta dirua) aurreztera zuzendutako gomendioak jasotzeko.

-          Bigarren tailerra ekainaren 10ean, astelehena, Ordiziako KZ gunean, 18:30etan, argindarraren kontsumoen informazio egokia eskuratu eta kontrolatzeko.

Tailer praktiko hauetan parte hartu nahi duten herritarrek, tailer eguna baino bi egun lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

-          Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

-          Honako telefono zenbakira deitzea: 653 013 702

-          Informazio osagarria: www.gipuzkoaingurumena.eus/eu/argitu

Tailer hauek Gipuzkoa Argitu izeneko programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzea eta eraginkortasuna handitzea da, modu erraz batean. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, aurrez aurreko aholkularitza-zerbitzua Energia Azoketan, Gipuzkoa Argitu programaren web gunea, eta abar. Aurten, aurreko urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen zituen tailerrez gain (“Eskuratu zure argindar kontsumoaren datuak eta murriztu zure kontsumoa!” eta “Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!”) 2 tailer osagarri antolatu dira:

-  “Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko”

-  “Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” (udazkenean antolatuko da tailer mota hau).

ESKOLA AGENDA 21EKO UDAL AUDIENTZIA KLIMA-ALDAKETA ETA ENERGIAREN INGURUAN

Ordiziako Ikasleek konpromisoak eta proposamenak agertu dituzte Udaletxean

Eskolako Agenda 21 programaren lanketan herri mailan egindako lana aurkeztu da astearte honetan udaletxeko Batzar aretoan. Jakintza, Oianguren eta Urdaneta ikastetxeetako ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitateak ingurugiro arazoez aritu dira, antzemandako arazoei aurre egiteko. Hamaikagarren ikasturtea den honetan, aurten gai berri bat lantzen hasi dira: Klima-aldaketa eta Energia.

Herriko diagnostikoa gauzatzeko hainbat bisita eta irteera egin dira eta udalerriko eta eskualdeko datuak eta informazio ezberdinak aztertu dituzte. Ikasleek ikasgeletan proposatutako konpromiso eta Udalari egiteko proposamenak ikastetxeko Ingurumen Batzordean adostu dituzte. Udal audientzia honetan ateratako ondorioak, hartutako konpromisoak eta Udalari egingo dizkien proposamenak aurkeztuko dituzte. alkateak eta zinegotziak proposamenak erantzun egingo dituzte.

Gainera, 2017-2018 ikasturtean Lurzoruaren gaia landu zuten eta bertan hartutako konpromisoen inguruan balorazioa egingo dute. Udalak bukaeran eskertzeko gosari osasuntsu bat eman die gerturatutakoei.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image