Oiangu Natur Eskola. Ordizia. Aranzadi

Ordiziako Udalak abian jarraipena emango dio egitasmoa, herriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta

2017ko maiatzean abiatu zen Ordizian Oianguko Natur Eskola, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. Egitasmo honekin, Udalak herriko txikienak inguruan duten naturara gerturatu nahi ditu, eta horretarako aukera paregabea eskaintzen du Oiangu parkeak. Urtero abiatzen den proiektua da, eta Udalak argi zuen jarraibidea izan behar zuela, duen garrantziagatik. Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea: “Oiangu altxor bat da eta gazte garenetik inguruneak eskaintzen dizkigun aukerez gozatzeko aukera izatea zorte handia da. Horregatik, ordiziarrak Oiangu gertutik ezagutzeko aukera izatearen aldeko apustua egingo dugu beti”.

Orain arte Urdaneta eta Jakintza ikastetxeko 3. zikloko ikasleekin egin dute lan Aranzadi Zientzia Elkartekoek, eta aurtengo edizioan ere hala izango da. Apirilean eta maiatzean 8 eta 12 urte bitarteko Ordiziako ikastetxeetako haurrak Oiangura igoko dira Aranzadiko begiraleekin eta bertan egun osoa irauten duten jarduerak egingo dituzte, jolas librerako astia ere utziz. Jarduerak, jolas eta tailerretan oinarritzen dituzte, non ikasleak beraiek diren Oianguko bitxikeria eta altxorrak deskubritzearen protagonistak. “Azken finean, naturarekin esperientzia zuzenak izanez eta honekiko erlazio afektibo bat sortuz, naturarekiko errespetuzko jarrerak bultzatzea da proiektu honen helburu nagusietako bat, naturari buruz ikastearekin batera”, azaldu dute Aranzadiko kideek. Izan ere, haien hitzetan, ingurune naturaletatik geroz eta urrunago dagoen gizarte honetan, honekiko ezagutza ugari galtzen ari da. Horrez gain, jakina da, zenbateko onura dakarren ingurune berde batekin harremanetan egoteak, onura hauek bereziki garrantzitsuak bilakatzen direlarik umeen ikasketa prozesuan: gaitasun motorra lantzeko aukera paregabea eskaintzen dute, harremanak sendotzen laguntzen dute, konzentrazioa handitzen laguntzen dute, gaixotasunak pairatzeko arriskua murrizten da, etab.

Iazko kasuan, esaterako, eskaintza zabaldu egin zen eta 3. ziklokoez gain, 2. zikloko ikasleak ere batu ziren egitasmora. Guztira, 540 haurrek parte hartu zuten. Yoana Garcia, Aranzadiko kideak halako balorazioa egin du: “orain arteko balorazioa oso ona da. Irakasleek eskertzen dute ikasgelatik atera eta herriko naturgune batera joatea, herriko baliabideak ezagutzeko asmoz. Bestalde, ikasleek oso ondo pasatzen dute; ekintza dinamikoak eta elkarlanean egitekoak dira. Duen berezitasuna, gainera, Oianguko biodibertsitatera egokituta dauden ekintzak egiten dituztela da, hau da, bertako landare eta fauna ezagutzen dituzte, hala nola, sagastia eta putzua.