Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak "Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" ekintza eramango du datorren asteazkenean, irailak 24, Beasain eta Ordiziara. Horrela, eskualde guztietako bat udalerri, 2024an baino zortzi gehiago, eta lehendabiziko aldiz Goierrira heldu den kanpaina amaituko da.
Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, Mugikortasunaren Europako Astean, furgoneta-tailer batek bizikleten oinarrizko konponketa zerbitzua eskainiko die MUGI txartel pertsonalizatua aurkezten duten guztiei. Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, MUGI txartela eskatu nahi duten pertsona guztiei beharrezko laguntza eskainiko zaie. Horrela, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeaz gain (esaterako, herritarren artean bizikleta egunero erabiltzea), garraio publikoaren erabilera sustatzen da MUGI sistemaren bidez. Sistema horrek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru-arduradun eta GGLAko presidenteak gogorarazi duenez, "abantaila ugari eskaintzen dizkie erabiltzaileei, doako transbordoetatik hasi eta deskontu eta hobarietara arte, 12 urtetik beherakoen edo mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileen doakotasunetik igarota". "Premiaz ibili behar dugu mugikortasun iraunkorrago baterantz, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik beharrezko neurriak hartzen ari gara gipuzkoar guztien garraio publikorako sarbidea unibertsalizatzeko. Esku artean dugun apustu estrategiko garrantzitsuenetako bat da; izan ere, gure lurraldearen etorkizuna ez ezik, pertsona guztiek bizi-aukera berberak izango dituzten Gipuzkoa eraikitzeko dugun gaitasuna dago jokoan ", gaineratu du Azahara Domínguez diputatuak.
Bizikletak berrikusi nahi dituztenek edo MUGI txartel pertsonalizatua ateratzeko aholkularitza behar dutenek 10:30etik 14:00etara egin ahal izango dute Beasaingo Erauskin plazan, eta 16:00etatik 20:00etara Ordiziako Plaza Nagusian.
Aurreko edizioetan bezala, furgoneta-tailerrera hurbiltzen direnek bi bizikletaren zozketan parte hartu ahal izango dute, baita MUGI txarteletan 20 euroko balioa duten 60 birkargatan ere.
"Gipuzkoak ingurumena errespetatzen duen lurraldea izaten jarraitzea nahi dugu, bizigarriagoa, berdintasunezkoagoa eta Europako bizi-itxaropen handienetakoa duena. Horregatik, gipuzkoarren artean garraiobide jasangarriak ez ezik, osasungarriak ere sustatzen jarraituko dugu, hala nola garraio publikoa edo bizikleta. Eguneroko keinu txikiekin Gipuzkoarentzat nahi dugun etorkizuna eraikitzen lagun dezakegu", hausnartu du Azahara Domínguezek.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ekimen hau baloratu du: “Mugikortasun jasangarria ardatz da guretzat eta horrelako ekimenak beti dira ongietorriak. Herritarren artean bizikletaren erabilpena sustatzea helburu dugu, eta horretarako egin beharreko inbertsioak egiten gabiltza. Sarritan, esatea erraza da baina norbera izan behar da eredu, eta ni neu behintzat egunerokotasunan bizikletan mugitzen naiz eta gaur bertan ere Beasaineko bilerara ere bizikletaz hurbildu naiz. Beraz, beti babestuko ditugu halako egitasmoak”.
Bestalde, Beasaingo alkatea den Leire Artolak, honako hau esan du: “Beasainen aspaldidanik ari gara mugikortasun jasangarria lehenesten eta herritarren ohituretan txertatzen. Herri barruko desplazamenduak oinez edo bizikletaz sustatzen esaterako. Garraio publikoaren erabilera sustatzea Mugi txartelaren bidez guztiz lerrokatzen da gure helburuekin. Beraz, ekimen honek gure asmoei bultzada bat ematera dator”.
