Image
Image

Goazen Ordizia ekimenak irteera berezia egin du Goierri Eskolara

Gaur, Goazen Ordizia ekimeneko partaideek ohiko ibilbidea alde batera utzi eta irteera berezia egin dute Goierri Eskolara, eguneroko dinamikatik irten eta esperientzia desberdin bat partekatzeko helburuarekin.

Goazen Ordizia urtean zehar ostegunero egiten den ekimena da, eta bertan herriko hainbat eragilek parte hartzen dute. Helburua da, ariketa fisikoa egiteaz gain, astean behin elkarrekin denbora partekatzea eta harremanak sendotzea, giro atsegin eta inklusiboan. Ibilbideak hiru motatakoak izaten dira —luzea, ertaina eta motza—, parte-hartzaileen behar eta gaitasunetara egokituta.

Alazne Elorza, Ordiziako Udaleko gizarte-hezitzaileak, azpimarratu du Goazen Ordizia bezalako ekimenek balio handia dutela komunitatearen ikuspegitik. Haren esanetan, “halako ekimenek adineko pertsonen aktibazioa, sozializazioa eta bakardadearen prebentzioa sustatzen dute, eta aldi berean belaunaldien arteko harremanak indartzeko aukera ematen dute, komunitate sendoago eta kohesionatuago baten alde eginez”.

Ekimenean, besteak beste, Oianguren, Goierri eta Jakintza ikastetxeetako ikasleek, Gurutze Gorriko eta Goiekiko zaintzako ikasleek, Lagunkiro eta Zuhaizti elkarteetako boluntarioek, Garaguneko erabiltzaileek, San Jose egoitzako eta Eguneko zentroko pertsonek, baita herritar boluntarioek ere parte hartzen dute. Halaber, Beasaingo CPRS zentroko erabiltzaile batzuk ere gerturatzen dira noizean behin.

Gaurko irteeran 54 lagunek parte hartu dute zuzenean, baina Goierri Eskolako ikasleak eta bestelako ikasle-taldeak kontuan hartuta, guztira 100 pertsona baino gehiago bildu dira. Ikasleen parte-hartzea txandaka antolatzen da, taldeak gehiegi handitu ez daitezen eta ekimenaren izaera zaindua mantentzeko.

Irteera honen helburua izan da eguneroko ohituretatik ateratzeko aukera eskaintzea, herriko espazioak ezagutzea eta naturarekin harreman zuzena izatea. Duela bi urte antzeko irteera egin zen toki berean, eta esperientzia oso positiboa izan zenez, aurten errepikatzea erabaki da. Gainera, Goierri Eskolak ateak zabaldu dizkie parte-hartzaileei, harrera beroa eskainiz.

Belaunaldien arteko zubia eta balio soziala

Ekimenaren helburu soziala nabarmendu dute Goierri Eskolako arduradunek. Jorge Mancisidor, Goierri Eskolako zuzendariak, honakoa adierazi du:“Ekimen honen helburua argia da: adineko pertsonekin eta herritarrekin bizitza eta harremanak sustatzea, eta bakardadeari aurre egitea. Gu, hezkuntza zentro izateaz gain, harago joan nahi dugu: Goierri Eskolatik belaunaldi ezberdinen arteko zubi izan nahi dugu. Zuzendari gisa, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet proiektu hau posible egin duzuen guztiei.”

Bestalde, menpekotasun egoeran dauden pertsonei arreta ikasketak egiten ari diren Harri Martinez de Olcoz eta Romaissae Ftouh ikasleek ere ekimenaren balorazio oso positiboa egin dute. Ostegunero Goazen Ordizia ekimenean parte hartzen dute, eta honakoa nabarmendu dute:“Guretzat ohore bat da horrelako ekimen batean parte hartzea. Adineko pertsonekin harremana oso aberasgarria da guretzat; haien bizipenak eta esperientziak ezagutzea oso baliotsua da gure ikaskuntzarako. Horregatik, ostegunero Goazen Ordizian parte hartzeko gogotsu etortzen gara.”

Parte hartzeko deia

Herritarren parte-hartzea handitzea da Ordiziako Udalak horrelako ekimenekin duen erronka nagusienetako bat. Hori dela eta, dei egin du interesa duen orori ostegun goizetan plazara inguratzeko edo Gizarte Zerbitzuetan informazioa jaso eta ekimenean parte hartzera animatzeko.

'Ordizia Ezagutu' egitasmoa martxan da herriko bizia eta baliabideak gertutik ezagutzeko

Ordiziako Udalak “Ordizia Ezagutu” egitasmoa abiarazi du, herriko bizia, baliabideak eta elkarteak gertutik ezagutzeko aukera eskaintzeko. Ekimenaren helburua da Ordiziara iritsi berriei ez ezik, urte batzuk herrian daramatzatenei eta betidanik Ordizian bizi direnei ere herria beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera ematea. Aurten, hain zuzen ere, azken talde honi deialdi berezia egin nahi zaio.

Egitasmoaren bidez, Ordiziako kultura, historia eta eguneroko funtzionamendua ezagutzeko saioak eskainiko dira, baita udal ordenantzak, zaborren kudeaketa edo bestelako informazio praktikoa lantzeko ere. Horrez gain, herriko azpiegiturak eta udal baliabideak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira, hala nola hizkuntza eskola, osasun zentroa, KZgunea edota D’Elikatuz gunea.

Bestalde, herrian dauden baliabide publikoak ere ezagutaraziko dira: enplegu zerbitzuak, gizarte zerbitzuak, osasun arloa edo ongizatearekin lotutako baliabideak. Horien artean, Atzerritartasun Legea, atzerriko tituluen homologazioa edota lan-eskubideei buruzko informazioa landuko da.

“Ordizia Ezagutu” egitasmoak, halaber, herriko elkarteak eta haien dinamika ezagutzeko aukera eskainiko du, elkarteekin egonaldiak eginez. Era berean, herriko agenda, ekitaldiak, kultur jarduerak eta umeentzako eskaintza ere ezagutaraziko dira.

Egitaraua otsailaren 25etik apirilaren 29ra bitartean garatuko da, guztira 36 orduko iraupenarekin, saio informatiboak, bisitak eta elkarteetako egonaldiak uztartuz.

‘Ordizia Mugimenduan’ programa pilotuaren aurkezpena egin da

Ordiziako Udalak, Batera Aske Kooperatibarekin elkarlanean, ‘Ordizia Mugimenduan’ programa pilotuaren aurkezpena egin zuen atzo, ekimenean parte hartuko duten gazteekin eta haien familiekin. Saioa elkar ezagutzeko eta behar espezifikoak identifikatzeko baliatu zen, eta harrera oso positiboa izan zuen.

Udaleko gizarte langile Alazne Elortzak azaldu duenez, ekimenak aspaldiko behar bati erantzuten dio:“Urteak dira bai Udaletik bai herritarren aldetik, dibertsitate funtzionala duten nerabeei eta gazteei zuzendutako zerbitzuetan hutsune bat ikusten genuela. Beste herri batzuetako esperientziak ezagutu ondoren, Ordizia Mugimenduan programa martxan jartzeko lanean aritu gara”.

Elortzak nabarmendu du aurkezpena parte-hartzaileekin eta familiekin egindako lehen harremanetarako gunea izan zela: “Ostegun arratsaldean egin genuen saioa elkar ezagutzeko izan zen, eta aisialdi normalizatuetatik kanpo gelditzen diren gazte hauei erantzun bat ematea da ekimenaren helburu nagusia”.

Bestalde, Oskar Rodriguez Batera Aske Kooperatibako langileak azaldu du lehen saio horrek duen garrantzia:“Lehenengo topaketa elkar ezagutzeko espazioa izatea funtsezkoa da, partaideen beharrak identifikatzeko eta, hortik abiatuta, aurrerantzean egingo diren ekintzak modu egokian diseinatzeko”.

Atzoko saioa oso ondo baloratu zuten bai gazteek bai familiek, eta momentuz zazpi izen-emate jaso dira. Parte-hartzaileekin adostu da saioak igande goizetan, 11:00etatik 13:00etara, egitea, eta jarduerak barne-espazioetan ez ezik, kalean ere garatzeko aukera aztertu zuten.

Programaren aurreikuspena martxoan hastea da, edo gehienez ere Aste Santua baino lehen, eta esperientzia honen bidez jasotako ekarpenek etorkizunean programa egonkor bat diseinatzeko oinarriak jarriko dituzte.

Informazio gehiagorako eta izen-emateak: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. edo 680 155 746 telefonoan.

Dolu perinatala ikusarazteko erakusketa eta mahai-ingurua Ordizian

Haurdunaldiko edo jaiotza-inguruko dolua gurasoek haurra galtzen dutenean gertatzen da; haurra haurdunaldian, erditzean edo jaio eta egun gutxira hiltzen daiteke. Dolu mota hori, beste batzuk ez bezala, ez dago gizartean onartua. Horregatik, haurra galdu duten gurasoek isilik eraman ohi duten dolua da.

Hori dela eta, ezinbestekoa da gai honen inguruko ezagutza eta kontzientziazioa lantzea. Ordiziako Udaleko Gizarte Ongizate Sailak, Esku Hutsik elkartearekin elkarlanean, dolu mota honen inguruko hainbat saio antolatu ditu datozen egunetarako.

Esku Hutsik, guraso ezberdinek sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, haur baten, haurdunaldi garaian, jaiotza inguruan edo jaioberritan heriotzagatik dolua bizi izan duten edo bizitzen dauden familiei laguntza ematea du helburu.

Ainhoa Jimenez Ongizate eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “gizartean gaur egun oraindik ere tabua den gaia” da dolu perinatalarena. “Heriotza eta dolua bere modu guztietan da tabua oraindik, baina are gehiago haurren heriotzaz ari garenean. Horregatik, aspalditik ikusten genuen gai hau gizarteratzeko beharra, eta hortik sortu da Esku Hutsik elkartearekiko harremana”. Hartu-eman hori ez da berria, lehendik ere beste lanketa batzuk egin direlako haiekin, eta gaur aurkezten diren ekintza hauekin, “lankidetza horri eutsi” nahi zaiola azaldu du Jimenezek, “gizartea sentsibilizatzeko, gaiari lekua emateko, eta batez ere, horrelako egoera batean dauden familiei eta bere ingurune sozialari lekua emateko eta baliabideak badaudela ezagutarazteko”.

Dolu perinatala ikusaraziz

Batetik, 'Dolu perinatala ikusaraziz' erakusketa jarri da ikusgai, Barrenan. Haurdunaldian zehar, erditzean edo jaio ondorengo hilabeteetan gertatutako haurren heriotzaren inguruan hausnartzeko gonbitea egiten du erakusketak. Nerea Garaizar argazkilariaren 15-20 argazki biltzen ditu, eta argazki bakoitzaren azpian familien testigantzak jasotzen dira. Dagoeneko ikusgai dago eta apirlaren 11ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 19:00etara bitartean.

Bestetik, apirilaren 10ean, 'Dolun perinatala ikusaraziz: Haurraren heriotza haurdunaldian zehar, erditzean edo jaio ondorengo hilabeteetan' mahai ingurua egingo da. Hizlari ezberdinak elkartuko dira bertan, Esku Hutsik elkarteko kideak eta familiak, jaiotzaren inguruan ditugun osasun langileak (emagina, ginekologoa, erizaina, psikologoa espezializatua dolu perinatalean) eta familia ezberdinen testigantzak ere entzun ahal izango dira. Saio hau ere, Barrena jauregian izango da, apirilaren 10ean, 18:00etatik 20:00etara, eta sarrera doakoa izango da. 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image