Image
Image

Ordiziara etorri berriei zuzendutako Baliabideen Gida argitaratu du Udalak

Ordizia Harrera Herria da, eta Ordiziara datozen herritar berriei nahiz bertan bizi direnei zuzenduta, herriko Baliabideen Gida argitaratu du Udalak. Sei hizkuntzatan argitaratu da, eta bertan, udal baliabideen, gizarte nahiz osasun baliabideen, hezkuntza eta enplegu arlokoen nahiz herriko kultur eta kirol taldeen inguruko informazioa ematen da, besteak beste.

Ainhoa Jimenez Ongizate eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “azken urteotan lantzen ari garen Harrera Planaren puntu nagusietako bat, 'Ongi etorri Ordiziara Harrera Gida' sortzea zen. Orain arte hainbat ekintza egin dira zentzu horretan, baina beharra ikusten genuen Ordiziara etorri berriei harrera egiteko gida bat izatea, euskarri bakar batean, Ordiziak dituen sail eta baliabide guztien informazioa gune bakar batean jasoko zuena, etorri berriek informazio hori guztia eskura eta haien hizkuntzan ere izan zezaten”.

Ainara Ormaetxea aniztasun teknikariaren arabera, "esfortzu handia izan da gida batean informazio guztia biltzea, baina ilusioz egin dugu lan hau". Gida osatzeko prozesua, Hiri hezitzaileekin batera landu da. Gida oso intuitiboa da, testu luzeen ordez, irudiak eta informazio nagusia laburbilduta jarri dira, erraz ulertzeko eta bisualizatzeko moduan. Sei hizkuntzatan dago, euskara hutsean, gaztelaniaz, errumanieraz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz. Atzerriko hizkuntzetan dauden gidak, elebitan daude, izan ere, Jimenez arabera, “garrantzitsua iruditzen zitzaigun euskara denetan txertatzea”.

Baliabideen gida honetan, herriari buruzko informazio garrantzitsu eta erabilgarriak jasoko dituzte: Udal baliabideen mapa, azpiegitura publikoak, euskara, berdintasun arloa, migrazioa eta aniztasun kulturalaren ingurukoak, kultur eta kirol elkarteak, Herritarren Arreta Zerbitzua, gizarte eta osasun baliabideak, hezkuntza eta enplegua, ingurumena eta zaborren kudeaketa, larrialdietarako telefonoak edota atzerritartasuneko tramiteen inguruko informazioa. Horrekin batera, oinarrizko hiztegitxo bat ere jasotzen du gidak.

Harrera zerbitzutik, erroldatzera etortzen diren guztiei banatuko zaie gida hau, baina udal arduradunek gogorarazi dute bertakoentzat ere oso informazio erabilgarria jasotzen duela, askotan ez baititugu herrian ditugun baliabide eta zerbitzu guztiak behar bezala ezagutzen.

GIDA BERTSIO DIGITALEAN (PDF):

Jatorri anitzeko emakumeen ongizatea eta inklusioa, kirolaren bidez

Jatorri anitzeko emakumeen ongizate eta gizarte-inklusioa jarduera fisiko edota kirolaren bidez izeneko gida aurkeztu da gaur Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egin den aurkezpen ekitaldian izan dira Goizane Alvarez Irijoa Kultura eta Kirol diputatua, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Gorka Artola Bergarako alkatea, eta Jaqueline Bica Haurraldeko komunikazioa teknikaria.

Ikerketa zientifikoek frogatu dute desabantaila sozioekonomikoa duten kolektiboetako jendeak jarduera fisiko gutxiago egiten duela nabarmen, eta etorkinak eta gutxiengo etnikoetako pertsonak ez dira salbuespen. Egoera horri iraultzeko asmoz, Kultura eta Kirol Departamentuak, Ordiziako eta Bergarako udalekin eta Haurralde Fundazioarekin elkarlanean, gida bat prestatu du, Gipuzkoako kirol arloko eragileentzat, eta bereziki udalentzat, lantresna izan dadin.

Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez, "jarduera fisikoa funtsezko tresna da herritar guztien gizarteratzea eta ongizatea lortzeko. Gida honen bidez, beste pauso bat eman nahi dugu pertsona guztiek, beren jatorria edozein dela ere, baldintza berdinetan kirola egiteko aukera izango dutela bermatzeko hartuta dugun konpromisoan".

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, azaldu duenez, "Ordizia jatorri aniztasun handiko herria da, baina era berean, harrera herria ere bada, eta zentzu horretan, hainbat saiakera egin dira bide horretan. 2023an programa honetan parte hartzeko Aldundiaren deia jaso genuenean, kulturarteko igeriketa saioa antolatu genuen; oso aberasgarria iruditu zitzaigun, eta denborak eta esperientziak erakutsi digu horrela izan dela. Lehen urte hartan 17 emakumek eman zuten izena, eta bigarren urtean bi talde osatu ziren, guztira 16 jatorri ezberdinetako 42 emakumek eman zuten izena”. Ezenarroren arabera, parte hartzen duten emakumeek ere “oso ondo baloratzen duten ekintza” da eta etorkizunean igeriketakoarekin jarraitu eta “beste ikastaroren bat ere eskaintzeko aukera aztertzen” ari direla azaldu du.

Bestalde, Gorka Artola Bergarako alkateak honako hau adierazi du “gaur aurkezten dugun gida honek Bergaran aniztasuna eta inklusioa sustatzeko dugun konpromisoa islatzen du. Kirola ez da soilik osasuna eta ongizatea lantzeko tresna; komunitatea eraikitzeko eta pertsona guztiak, jatorria edozein dela ere, elkartzeko bide eraginkorra ere bada. Gaur egungo erronkei erantzuteko, ezinbestekoa da udalerriek baliabide egokiak eskaintzea eta politika inklusiboak garatzea”.

Amaitzeko, Jaqueline Bica Haurralde Fundazioko kideak nabarmendu du kirolak modu transbertsalean jarduten duela, ez soilik nazionalitate eta kultura desberdinetako emakumeen osasun fisiko eta mentala sustatuz, baizik eta haien autoestimua, komunitatean parte hartzea eta gizarteratzea ere indartuz. "Giza eskubideak eta genero-berdintasuna sustatzen dituen irabazi-asmorik gabeko erakundea garenez, berretsi egiten dugu emakume horien parte-hartze aktiboa sustatzeko konpromisoa, haien autonomia eta ongizatea sustatuz. Konpromiso hori Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera gauzatutako proiektuetan gauzatzen da, kirol-jardueretan parte hartzeko arrakala murriztera bideratuta, bereziki kolektibo ahulenen artean ", amaitu du.

Gida honetan ezagutza zientifikoan eta esperientzia praktikoan oinarritutako informazioa jaso da, horrela, udaletako kirol politikak eraginkorragoak izan daitezen. Gainera, tresna zehatzak eskaintzen ditu tokiko estrategietan txertatzeko. Era berean, jarduera fisikoaren orientaziorako udal zerbitzuetako kirol orientatzaileei zuzenduta dago, bai eta beste eremu batzuetako eragileei ere, hala nola berdintasun, migrazio, kultura-aniztasun, gizarte zerbitzu, hezkuntza eta kulturakoei.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak gizarte erronkei aurre egiteko ikuspegi komunitarioaren aldeko apustua egiten du, eta gizarte kohesioaren, berdintasunaren eta inklusioaren erronken aurrean erantzun kolektiboa emateko beharra nabarmentzen du. Talde zaurgarrietan jarduera fisikoa sustatzeko, ikuspegi orokor bat izan behar da, faktore indibidualak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak kontuan hartuta.

Jarduera fisikoa sustatzeko funtsezko osagaiak:

Jarduera fisikoa eraginkortasunez sustatzeko, funtsezkoa da jardueretarako sarbidea bermatzea, eta horretarako, jarduerak eskura jarri, garraio aktiboa edo publikoa sustatu, eta kostuak murriztu behar dira, inor kanpoan gera ez dadin. Ekimenak malgututa eta egokituta, banakako eta taldeko beharrei erantzuten diegu; motibazioa eta sentsibilizazioa landuta, berriz, informazio eskura jarriz eta xede diren pertsonekin harreman zuzena izanez, parte-hartze handiagoa sustatzen da. Gainera, herritarren ahalduntzeak eta ekimenen diseinuan eta kudeaketan inplikatzeak haien konpromisoa eta kidetasun sentimendua indartzen dituzte.

Jarduera fisikoaren sustapena orokorrean eta zeharka landu behar da, sektoreen arteko lankidetza sustatuz eta irisgarritasun unibertsala bermatuz, kolektibo jakin batzuen premia espezifikoak ahaztu gabe. Erakundeen arteko lankidetzak eta administrazioen eta erakundeen arteko sare lanak proiektuen jasangarritasuna bermatzen dute, eta diziplina anitzeko taldeak sartzeak, berriz, arreta espezializatuagoa ematea ahalbidetzen du. Azkenik, esku-hartzeen jarraipena eta ebaluazioa, oztopo ekonomikoen murrizketa eta banakako arreta funtsezkoak dira ekimenen eraginkortasuna hobetzeko eta bizi ohitura gisa finkatzen laguntzeko.

Gipuzkoari buruzko datuak

Gipuzkoan pobreziako eta gizarte bazterketako arriskuari buruz SIISek egindako azterketaren arabera (2022), kirola egunero egiten duten pertsonen ehunekoari begiratuta alde nabarmena dago bertako biztanleen (% 31,7) eta atzerritar jatorriko biztanleen (% 14) artean. Arrakala horrek kirol jardueran inklusioa sustatzeko esku-hartze espezifikoen beharra azpimarratzen du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak berretsi egiten du jarduera fisikoa gizarteratzeko, ongizaterako eta bizi kalitatea hobetzeko tresna gisa sustatzeko konpromisoa, eta ekimenarekin bat egiteko deia egin die inplikatutako eragile guztiei.

'Ordizia Ezagutu' egitasmoa, ordiziar guztiei irekita

Ordiziako Udalak 'Ordizia Ezagutu' egitasmoa jarri du martxan. Honen bidez, herriko bizia, baliabideak eta elkarteak gertutik ezagutzeko aukera eman nahi zaie, bai Ordiziara iritsi berriei, bai urte batzuk bertan bizitzen daramatzatenei, eta baita betidanik herrian bizi direnei ere. Hain zuzen ere, azken hauei deialdi berezia egin nahi zaie aurten.

Otsailaren 26an hasi eta apirilaren 11ra arte, zazpi astez, astean bi egunetan (asteazkenak eta ostiralak) egingo dira saioak, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Saio horiek hiru bloke nagusitan banatuta egongo dira.

  • Herriko bizia: Ordiziako kultura, historia eta abar ezagutzeaz gain, udal ordenantzak, zaborren kudeaketa eta bestelako jakingarri praktikoak ere landuko dira. Herriko azpiegiturak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira, eta baita hainbat udal baliabide ere, hala nola: hizkuntza eskola, osasun zentroa, Kzgunea...
  • Baliabideak: Herrian hainbat arlotan dauden baliabide publikoak ezagutuko dira: enplegu zerbitzuak, osasun zentroa, ongizate zerbitzuak... Azterritartasun legea edota atzerriko tituluen homologazioa ere landuko dira, besteak beste.
  • Herriko dinamikak: Herriko elkarteak eta haien dinamika ezagutu eta egonaldiak egingo dira haiekin. Herriko agenda eta ekitaldien berri ere emango da, umeentzako saioak, kultur ekintzak, eta abar.

Egitasmoan parte hartzen duten guztiei, ziurtagiri bat emango zaie, saioen bukaeran. Parte hartzeko, aurrez eman behar da izena, 679876779 telefonora deituta edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzita.

Ordizia ezagutu kartela

 

'Altxa Burua' ekimena, Ordizian ere martxan

Haur eta nerabeen artean mugikorraren erabilera gutxitu eta gizartean kontzientzia zabaltzeko asmoz, Ordiziako ikastetxe ezberdinetako guraso talde batek 'Altxa Burua' ekimena sortu du herrian. Gaur aurkeztu dute proiektua, eta bertan, udalarekin elkarlanean eta ikastetxeetan nahiz herri mailan antolatzen ari diren hainbat egitasmo eta kanpainaren berri eman dute. 

Ainhoa Jimenez zinegotziak azaldu duenez, "iazko ikasturtean, gurekin harremanetan jarri ziren ikastetxe ezberdinetako gurasoak, mugikorraren erabilerarekin kezkatuta, eta beste herri batzuetako adibideak ezagututa, Ordizian zerbait egiteko asmoa agertu zuten". Udala ere gai horri bueltaka zebilen, zerbait egin nahian. "Udaberrian lehen saio bat egin genuen Miren Rosekin, eta bertatik sortu zen Altxa Burua talde hau, esan bezala, ikastetxe ezberdinetako gurasoek eta udalarekin elkarlanean". Izan ere, udalak "prestutasun osoa" du horrelako egitasmoetan parte hartu eta laguntzeko. Bide horretatik, abendurako Telmo Lazkanoren hitzaldi/tailerra antolatu dute elkarlanean. "Bi saioko tailer edo formakuntza txiki bat izango da, lehenengoa abenduaren 4an izango da, eta bigarrena 11n, 18:00etan, Barrenan". Saio hori interesa duen herritar orori zuzendutakoa izango da, baina ikastetxeei begira ere, beste saio batzuk antolatu dituzte: irakasleei begira, Telmo Lazkanok berak gidatutakoa, eta ikasleentzat Maitane Ormazabalek gidatuko duena.

Josune Ormazabal Altxa Burua ekimeneko kideak ere, "Ordizia mailako guraso talde bat" direla azaldu du. "Gure seme-alabengan pantailek eta mugikor adimentsuek izan ditzaketen ondorioek kezkatuta hasi ginen lanean". Altxa Burua ekimena "EAE mailan oso saretuta" dagoela dio; "herri askotan taldeak sortuta daude eta gu geu ere Goierriko eta Gipuzkoako taldeekin lanean hasi gara". Taldearen helburu orokorrak "sentsibilizazioa, hausnarketa eta herri mailan saretzea" direla azaldu du. "Dagoeneko ikastetxeekin eta udalarekin bildu gara, gurasoei galdetegi bat eta hausnarketa kanpaina bat zabaldu dizkiegu, eta esan dezakegu kezka orokorra dela, gizarte mailako arazo bat izateaz gain, osasun mailako arazo baten aurrean gaude eta denon ardura da gure haurrak eta nerabeak babestea".

Hainbat egitasmo esku-artean

Altxa Burua taldeko kidea da Amaia Epelde ere, eta une honetan esku artean dituzten ekimenen berri eman du. "Batetik, Altxa Burua Gipuzkoak bultzatutako ekimen batekin bat egin dugu, eta herrian dauden 'mugikorrik gabeko arnasguneak' identifikatu eta kartel batzuekin markatu nahi ditugu. Bestetik, hemendik gutxira 'gurea ere erabil dezakezu' kanpaina martxan jartzeko asmoa dugu; honen bidez, herriko komertzio eta zerbitzu publikoetan pegatina batzuk jarri nahi ditugu, gure txikiek jakin dezaten edozein larrialdiren aurrean edo beharra duten kasuetan, leku horietan sartu eta bertako telefonoa erabili ahal izango dutela". Triptiko bat ere prestatu dute, elkartearen eta dituzten helburuen berri emateko; eskuorri horiek ikastetxeen bidez banatuko dituzte familia guztietara. Horrez gain, Telegram kanal bat ere sortu dute, informazioa emateko, eta bide batez kontzientzia sortzeko, "azkenean hori baita gure helburu nagusia, kontzientziazio bide horretan lan egin, gure haurrei mugikorra edo smartphone-a ahalik eta beranduen eman ahal izateko".

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image