Haur eta nerabeen artean mugikorraren erabilera gutxitu eta gizartean kontzientzia zabaltzeko asmoz, Ordiziako ikastetxe ezberdinetako guraso talde batek 'Altxa Burua' ekimena sortu du herrian. Gaur aurkeztu dute proiektua, eta bertan, udalarekin elkarlanean eta ikastetxeetan nahiz herri mailan antolatzen ari diren hainbat egitasmo eta kanpainaren berri eman dute. 

Ainhoa Jimenez zinegotziak azaldu duenez, "iazko ikasturtean, gurekin harremanetan jarri ziren ikastetxe ezberdinetako gurasoak, mugikorraren erabilerarekin kezkatuta, eta beste herri batzuetako adibideak ezagututa, Ordizian zerbait egiteko asmoa agertu zuten". Udala ere gai horri bueltaka zebilen, zerbait egin nahian. "Udaberrian lehen saio bat egin genuen Miren Rosekin, eta bertatik sortu zen Altxa Burua talde hau, esan bezala, ikastetxe ezberdinetako gurasoek eta udalarekin elkarlanean". Izan ere, udalak "prestutasun osoa" du horrelako egitasmoetan parte hartu eta laguntzeko. Bide horretatik, abendurako Telmo Lazkanoren hitzaldi/tailerra antolatu dute elkarlanean. "Bi saioko tailer edo formakuntza txiki bat izango da, lehenengoa abenduaren 4an izango da, eta bigarrena 11n, 18:00etan, Barrenan". Saio hori interesa duen herritar orori zuzendutakoa izango da, baina ikastetxeei begira ere, beste saio batzuk antolatu dituzte: irakasleei begira, Telmo Lazkanok berak gidatutakoa, eta ikasleentzat Maitane Ormazabalek gidatuko duena.

Josune Ormazabal Altxa Burua ekimeneko kideak ere, "Ordizia mailako guraso talde bat" direla azaldu du. "Gure seme-alabengan pantailek eta mugikor adimentsuek izan ditzaketen ondorioek kezkatuta hasi ginen lanean". Altxa Burua ekimena "EAE mailan oso saretuta" dagoela dio; "herri askotan taldeak sortuta daude eta gu geu ere Goierriko eta Gipuzkoako taldeekin lanean hasi gara". Taldearen helburu orokorrak "sentsibilizazioa, hausnarketa eta herri mailan saretzea" direla azaldu du. "Dagoeneko ikastetxeekin eta udalarekin bildu gara, gurasoei galdetegi bat eta hausnarketa kanpaina bat zabaldu dizkiegu, eta esan dezakegu kezka orokorra dela, gizarte mailako arazo bat izateaz gain, osasun mailako arazo baten aurrean gaude eta denon ardura da gure haurrak eta nerabeak babestea".

Hainbat egitasmo esku-artean

Altxa Burua taldeko kidea da Amaia Epelde ere, eta une honetan esku artean dituzten ekimenen berri eman du. "Batetik, Altxa Burua Gipuzkoak bultzatutako ekimen batekin bat egin dugu, eta herrian dauden 'mugikorrik gabeko arnasguneak' identifikatu eta kartel batzuekin markatu nahi ditugu. Bestetik, hemendik gutxira 'gurea ere erabil dezakezu' kanpaina martxan jartzeko asmoa dugu; honen bidez, herriko komertzio eta zerbitzu publikoetan pegatina batzuk jarri nahi ditugu, gure txikiek jakin dezaten edozein larrialdiren aurrean edo beharra duten kasuetan, leku horietan sartu eta bertako telefonoa erabili ahal izango dutela". Triptiko bat ere prestatu dute, elkartearen eta dituzten helburuen berri emateko; eskuorri horiek ikastetxeen bidez banatuko dituzte familia guztietara. Horrez gain, Telegram kanal bat ere sortu dute, informazioa emateko, eta bide batez kontzientzia sortzeko, "azkenean hori baita gure helburu nagusia, kontzientziazio bide horretan lan egin, gure haurrei mugikorra edo smartphone-a ahalik eta beranduen eman ahal izateko".