Majoriko igerileku estaliko eraberritze lanak hastear
Majori kiroldegiko barruko igerilekuan eraberritze lanak egingo dira laster. Dagoeneko hasi dira eraikinaren egoera aztertzeko lehen lanak, proiektua martxan jarri aurretik.
Hiru astez barrujo igerilekua itxita egongo da, eta denbora hori baliatuko da mantenu eta konponketa lank egiteko ere.
Helburua da, zortzi kaleko igerileku berria eta aldagela berriak eraikitzea.
Obra txikiak eta zerbitzuak
Hasi dira Otegieneako haur parkeko lanak
Otegieneako haur-parkea berritzeko lanak hasi dira. Segurtasuna bermatzeko, eremua hesitu egin da eta lanek irauten duten bitartean ezin izango dira bertako jolasak erabili. Inguruan panel informatiboak jarri dira, egingo diren lanen xehetasunekin.
Proiektuaren bidez, 1 eta 12 urte bitarteko haurrentzat egokitutako jolas berriak jarriko dira, eta egungo elementu batzuk berritu egingo dira. Parkea udarako prest egotea aurreikusten da.
Obra txikiak eta zerbitzuak
Bizkaia pasealekuko bidegorria amaituta
Ordiziako Udalak amaitutzat eman ditu Bizkaia pasealekuan egindako bidegorri lanak. Jarduketa honi esker, herriko bidegorri sareak jarraipena lortu du, orain arte zeuden etenak gaindituz eta Ordizia osoko bizikleta ibilbideak lotuz.
Egindako lanek Tximistako zubitik San Joan auzoraino doan tartea hartu dute, guztira 540 metroko luzeran. Esku-hartze honen bidez, Ordiziako bidegorri sarea osatu eta konektatu egin da, eta aurrerantzean herriak 4.532 metroko bidegorri sarea izango du modu jarraituan.
Obrak Construcciones Otegui Gaztañaga S.L. enpresak gauzatu ditu lau hilabeteko epean, eta proiektua Next Generation funtsen bidez finantzatutako dirulaguntza bati esker egin ahal izan da. Guztira, Ordiziako Udalak 449.609 euroko laguntza jaso du mugikortasun aktiboa eta iraunkorra sustatzeko azpiegiturak garatzeko, eta lanen aurrekontu osoa 473.716 eurokoa izan da. Dirulaguntza deialdi hau Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren Ministerioak bultzatu zuen, eta 50.000 biztanletik beherako udalerriei zuzenduta zegoen. Ordizia izan zen Euskal Herrian laguntza hori lortu duen udalerri bakarra, aurkeztutako proiektuaren kalitateari esker.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak nabarmendu duenez, “bidegorri sarean zeuden etenak gainditzea izan da proiektu honen helburu nagusia. Bizkaia pasealekuan egindako tarteari esker, herriko bidegorri sarea osatu eta jarraitua izatea lortu dugu, herritarren eguneroko mugikortasunerako aukera seguru eta iraunkorragoak eskainiz”.
Bizkaia pasealekuko lanak amaituta, Ordiziak beste pauso bat eman du mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuan, oinezko eta bizikletentzako azpiegitura seguruagoak eta erosoagoak eskainiz.
Obra txikiak eta zerbitzuak
Ikasleen ideiak oinarri, Urdaneta Eskolako patioa eraberritzeko parte-hartze prozesua amaitzear
Ordiziako Udalak Urdaneta Eskolaren eraberritze prozesuarekin aurrera jarraitzen du. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, eskolako eraikinaren berrikuntza lanak faseak egiten ari dira: iaz lehen fasea gauzatu zen estalkia berrituz, aurtengo udaran fatxadak berrituko dira, eta datorren urtean estalki berri bat egingo da eraikin guztiak elkartzeko.
Alkateak nabarmendu du, era berean, patioak ere eraberritze beharra duela, eta horregatik iaz abiatu zela parte-hartze prozesu bat ikasleekin, familiekin eta hezitzaileekin. Prozesua bideratzeko Txalipurdi elkartearen aholkularitza kontratatu du Ordiziako Udalak (15.000€). Hezitzaile eta gurasoekin bilerak egin, eta patioaren erabileraren behaketak egin ondoren, ikasle gela bakoitzak patioaren eraldaketaren inguruko hausnarketa egin du, eta maketen bidez irudikatu dute amesten duten patioa nolakoa izango litzatekeen. Hausnarketa horien emaitza panel batean jaso da.
Egindako lanketaren emaitzen panelak erakusketa batean bildu dira, eta Urdaneta eskolaren aste kulturalaren baitan ikusgai daude eskolako gimnasioan. Bertan, ikasleek egindako maketen bidez, amestutako patioa irudikatu dute, naturaren presentzia handituz, jolasgune ezberdinak sortuz, gune lasaiagoak proposatuz, etab.
Adur Ezenarrok azaldu duenez, erakusketa baliatuko da ekarpenak jasotzeko, eta amaitzeko ateratako ondorioak oinarri hartuta, Urdaneta Eskolako patioa eraberritzeko proiektua diseinatuko da, komunitatearen beharrak eta ikuspegia kontuan hartuta.