Otegieneako haur-parkea berrituko da jolas berriekin
Ordiziako Udalak Otegieneako haur-parkea berrituko du, jolasgunea modernizatu eta haurrei espazio seguruagoa eta erakargarriagoa eskaintzeko helburuarekin. Proiektuaren bidez, 1 eta 12 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako jolas berriak instalatuko dira, adin ezberdinetara egokitutako elementuekin.
Ekimen hau Ordiziako Udalak 2021an osatu zuen Ordiziako Parke Sarea proiektu parte-hartzailearen baitan kokatzen da. Bertan, parkeen arteko sarea indartzea proposatzen zen, parke bakoitzaren ezaugarri bereizgarriek erakargarri bilakatu, eta lekuan lekuko ezaugarrietara egokitzeko. Ildo horretan azken urteetan berritu dira Okorroko parkea, Barrenakoa, edo Elefantearen parkean elementu berriak.
Esku-hartze honekin, Ordiziako Udalak haurrei zuzendutako aisialdi-guneen kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromisoa berresten du, jolasa, segurtasuna eta inklusioa ardatz hartuta. Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak nabarmendu duenez, “Otegieneako eremu hau berezia da, berdegune zoragarria duelako, eta horregatik, berdegunean haurren jolasa sustatzeko zurezko elementuak jarriko dira, eta era berean, gaur egun dagoen jolas eremua ere berrituko da. Bertan, parkearen elementu bereizgarria izango den matxinsalto formako jolas berriak jarriko dira, eta baita egurrezko kulunka berriak ere. Era berean, gaur egun ondo dauden elementuak zaharberrituko dira, jolas eremu berri bat sortuz. Honela, Otegieneak duen auzoko izaera mantentzea nahi dugu, eta herriko oinezko gune ederrenetakoa dena erakargarriagoa bilakatu”.
Jolas guztiek Europako segurtasun araudia beteko dute (UNE-EN 1176 eta 1177), eta bakoitzaren inguruan kautxuzko segurtasun-zorua jarriko da, erorketen inpaktua arintzeko. Jarduketak 74.000 euro inguruko aurrekontua du (BEZa barne) eta Happyludic Playground and Urban Equipment S.L. enpresak burutuko ditu lanak. Parkea udararako erabilgarri egotea aurreikusten da





