Image
Image

GERNIKAKO ARBOLAREN PASEALEKUA OBRATAN DA

Ordiziako Okorrobidea, Altamira kalea eta Gernikako Arbolaren pasealekua lotzen dituen kale zatia berritzeko lanak hasi dira aste honetan. 1.376 metro koadroko eremua da eta ur sarea eta  saneamendua, espaloia eta errepideko asfaltoa berrituko dira. Oinezkoak babesteko plataforma bat ere jarriko da tarte batean. Lanak bi hilabetez luzatuko dira, gutxi gora behera.

Urbanizazio obra hau Ur Kontsortzioak eta Udalak elkarlanean egingo dute, beste behin, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren baitan. Adostasun honen fruitu eman du urteotan beste hainbatetan, izan ere, auzo honetan Okorrobidea eta Altamira kaleak  eraberritu dira eta, orain hasi den lana amaitzean, Urdaneta kaleko azken zatia, 68 eta 78 zenbakien artekoa ere urbanizatuko da.

Ekimen hauekin hirigintza arloko beharrak asebete nahi dira, herri seguroago eta atseginago baten alde eginez.

KOMUN PUBLIKOA JARRI DA ESKARABILLAN

Komun publiko berria jarri da ostegun honetan Ordiziako Eskarabilla auzoan, haur parkearen ondoan. Kabina bat da, erabili ondoren bere kabuz garbitzen dena. Urte osoan eta egunez egongo da zabalik. Egun batzuetan prest egon da, behin loturak eta obrako erremateak egin ondoren.

Laster bigarren kabina bat jarriko da, Altamira auzoan. Honen bidez herritarren eskaerei erantzuna emango zaie.

OIANGUREN INSTITUTORA BISITA EGUNGO BEHARRAK EZAGUTZEKO

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako ordezkaritza izan zen bisitan aurreko astean Ordiziako Oianguren institutuan. Olatz Garamendi sailburu-ordea eta Polentzi Urkijo Hezkuntza zuzendaria etorri ziren, hain juxtu. Izan ere, institutuko eraikuntzak hainbat gabezi ditu une honetan eta beharrak bertatik ezagutzeko gerturatu ziren.

Gurutze Puiadena zuzendariak eta Pilare Mendia idazkariak azaldu zizkien behar horiek: garrantzizkoenak, jangela bat, patio estali bat eta leihoen aldaketa. Une honetan 70 bat ikasleek dute jangela beharra eta Urdanetako eskolara joaten dira bazkaltzera. ‘Joan etorriko arazoak ekidin eta adin horretara egokitutako azpiegitura da premi nagusietakoa’, esan zuten.

Jose Miguel Santamaria alkateak eta Joseba Aranburu Hezkuntzako zinegotziak ere bisitan lagundu zuten, behar horiek bideratzeko Udalak dagokion ardura hartzeko prest egongo delarik.

OBRA BERRIEN TXANDA ORDIZIAN

Semaforo bat, bi urbanizazio eta bi komun publiko dira urte hasiera honetako berriak

Ordizian, Zaldibiabidean, Majori plazako 7-8 zenbakien ondoko oinezko pasabidearen  parean semaforoa jarri da ostegun honetan. Beste aldean industria eta merkatal gunea daude eta pertsona askok gurutzatzen du N-Iera eta  Ordiziara eta Zaldibiara daraman errepidea. Zirkulazio asko duen errepidea da eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzea da hartutako neurriaren helburua.

Hala, Ordiziako Udalak atzotik martxan dagoen semaforoa jartzeko obra zibila egin du. Erabilera sistemari dagokionez,  errepidea gurutzatu nahi duten oinezkoek  botoia sakatu behar dute eta, jakina, argi berdea piztean gurutzatu. Gainera, noranzko bakoitzean radar informatibo edo pedagogiko bana jarriko da laster gidariei daramaten abiadura zein den jakinarazteko.

Udal gobernuak ordiziarren beharrak ezagutzeko 2018ko aurrekontuak osatzeko burutu zuen parte-hartze prozesuan hainbat herritarrek egindako proposamenetako bat izan zen gune horretan semaforoa jartzearena. Prozesu haren baitan definitu ziren Udala egiten ari den inbertsio gehienak.

Urbanizazioak berritzen

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image