Image
Image

Otegieneako haur-parkea berrituko da jolas berriekin

Ordiziako Udalak Otegieneako haur-parkea berrituko du, jolasgunea modernizatu eta haurrei espazio seguruagoa eta erakargarriagoa eskaintzeko helburuarekin. Proiektuaren bidez, 1 eta 12 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako jolas berriak instalatuko dira, adin ezberdinetara egokitutako elementuekin.

Ekimen hau Ordiziako Udalak 2021an osatu zuen Ordiziako Parke Sarea proiektu parte-hartzailearen baitan kokatzen da. Bertan, parkeen arteko sarea indartzea proposatzen zen, parke bakoitzaren ezaugarri bereizgarriek erakargarri bilakatu, eta lekuan lekuko ezaugarrietara egokitzeko. Ildo horretan azken urteetan berritu dira Okorroko parkea, Barrenakoa, edo Elefantearen parkean elementu berriak.

Esku-hartze honekin, Ordiziako Udalak haurrei zuzendutako aisialdi-guneen kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromisoa berresten du, jolasa, segurtasuna eta inklusioa ardatz hartuta. Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak nabarmendu duenez, “Otegieneako eremu hau berezia da, berdegune zoragarria duelako, eta horregatik, berdegunean haurren jolasa sustatzeko zurezko elementuak jarriko dira, eta era berean, gaur egun dagoen jolas eremua ere berrituko da. Bertan, parkearen elementu bereizgarria izango den matxinsalto formako jolas berriak jarriko dira, eta baita egurrezko kulunka berriak ere. Era berean, gaur egun ondo dauden elementuak zaharberrituko dira, jolas eremu berri bat sortuz.  Honela, Otegieneak duen auzoko izaera mantentzea nahi dugu, eta herriko oinezko gune ederrenetakoa dena erakargarriagoa bilakatu”.

Jolas guztiek Europako segurtasun araudia beteko dute (UNE-EN 1176 eta 1177), eta bakoitzaren inguruan kautxuzko segurtasun-zorua jarriko da, erorketen inpaktua arintzeko. Jarduketak 74.000 euro inguruko aurrekontua du (BEZa barne) eta Happyludic Playground and Urban Equipment S.L. enpresak burutuko ditu lanak. Parkea udararako erabilgarri egotea aurreikusten da

Majori kiroldegiko kanpoko igerilekuko hobekuntza lanak martxan dira

Majori kiroldegiko kanpoko igerilekua berritzeko lanak martxan dira. Astelehenean hasi ziren obrak, antzemandako ur galera konpontzeko lehen fasearekin. Lanketa hau irailean hasitako azterketa teknikoaren ondorio da.

Lanek bi fase izango dituzte: lehenengoan, ur galera konponduko da; eta bigarrenean, irailetik aurrera, kanpoko igerileku osoa berrituko da. Igerileku txikia eta handia elkartuko dira, belardia handitu egingo da eguzkia hartzeko gune gehiago sortuz, eta igerileku handiaren sakonera berdindu egingo da, 50 metroko luzera mantenduta.

Aurrerago, Majori barruko igerilekua eta aldagelak ere berritzea aurreikusten da. Udalak herriko eragileekin elkarlanean jarraitzen du, etorkizunera begira Ordiziak kalitatezko kirol azpiegiturak izan ditzan.

Tximista pareko zubiko errail bat itxita

Gaur hasi eta urriaren 8a arte Tximista pareko zubiko errail bat itxita egongo da, Gipuzkoako Ur Zerbitzuak bertan egiten ari den obra amaitzeko lanak burutzeko. Barkatu eragozpenak.

Zaldibi bideko obrak hasi ditu Gipuzkoako Ur Kontsortzioak

Zaldibi bideko obrak hasi ditu Gipuzkoako Ur Kontsortzioak. Ur hornidurako 614 metro linealeko gutxi gora beherako luzerako hodien instalakuntza egingo da, eta Txingudi etxadia 1 eta 2 inguruko ur beltzen sarea ere berrituko dute.
Construcciones Egurki Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu lanak 204.457,91 €+ BEZ-a.
Azarorako lanak eginda egotea aurreikusten da

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image