
En marcha las obras de renovación de la antigua escuela de Altamira
Altamirako eskola zaharra berritzeko lanetan ari da Udala. Garai batean ikastetxe izandako eraikin hau, auzo-elkartearen egoitza da gaur egun. Urte asko ditu, ordea, eta nahiko egoera kaskarrean zegoen. Besteak beste, teilatua, terraza eta kanpoaldeko eskailerak berrituko dira lehen fase honetan.
Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, “eraikin hau berritzea aspalditik genuen asmo bat zen, eta dagoeneko hasi gara lanekin. Esan ohi da etxe bat ezin dela teilatutik hasi, baina konponketak bai hasi behar dira teilatutik”. Izan ere, teilatuak uralita zuen, eta iaz amiantoa erretiratzeko lanak egin ziren bertan, 6.000 euroko aurrekontuarekin. Horrez gain, teilatu berria ere jarri da, beste 50.000 euroko inbertsioa eginez.
Orain, terraza berritzeko lanetan ari dira. Itokinak zituen, eta iragazgaizte lanak egin dira. Horrez gain, zoru berria ere jartzen ari dira, eta barandilla berriak ere jarriko dira. Beheko solairutik terrazara igotzeko bi eskailera daude; hauek ere egoera txarrean zeuden, eta biak berrituko dira. Lan hauek guztiek 72.000 euroko kostua izan dute.
Horrenbestez, lehen faseko lan hauetan, guztira 128.000 euroko inbertsioa egin da. Behin kanpoaldeko lanak bukatutakoan, udalaren asmoa da, bigarren fase batean barrualdean ere hainbat konponketa lan egitea.