Pandemia garaian itxita egon ondoren, berriz ere erabilgarri egongo da Ordiziako ikasgela. Astelehenetik ostiralera 07:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, baita asteburuetan ere ordutegi berdinean: larunbat eta igandeetan 07:00etatik 21:00etara. Kirol taldeek lehentasuna izango dute bilerak dauden egun eta ordutegietan.

“Badakigu ikasle asko daudela herrian, eta ikasteko espazio erosoa eskaintzea dugu helburu. Horregatik, aste barruan ez ezik, asteburuan ere ikasgela irekitzea erabaki dugu”, azaldu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Osasun neurriak betetzeko asmoz, hainbat jarraibide bete beharko dira espazio honen erabilera bermatzeko. Hala, txartel bidez irekiko da ikasgela. Hori eskuratzeko, interesa duen orok eskaera egin beharko du erregistro bidez, Arreta Bulegoan edo Udaltzaingoan. Eremuaren erabilera ona bermatzeko 10 euroko fidantza eskatuko da; aurrez txartela dutenek ere fidantza hau jarri beharko dute.

Eskaera orri horretan bakoitzak zein ordutegitan erabiliko duen ikasgela jartzeko eskatuko da, aurreikuspen bat, behintzat.

Behin ikasgelan sartuta, honakoak izango dira pausoak:

- Musukoaren erabilera derrigorrezkoa da.

- Ikasgelara sartutakoan sarbide orria bete beharko da, izen-abizenak, eguna eta sarrera ordua jarriz.

- Aireztapena beharrezkoa izango da, eta 20 minuturo leihoak zabaldu beharko dira.

- Aforo kontrola egingo da, beraz, ikasgelako karteletan adierazita dagoen aforo-muga ezingo da inoiz ere gainditu.

Eskaerak, abenduaren 14a bitartean egin daitezke Herritarren Arreta Bulegoan eta Udaltzaingoan.