Ordiziako Udalak Urdaneta Eskolaren eraberritze prozesuarekin aurrera jarraitzen du. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, eskolako eraikinaren berrikuntza lanak faseak egiten ari dira: iaz lehen fasea gauzatu zen estalkia berrituz, aurtengo udaran fatxadak berrituko dira, eta datorren urtean estalki berri bat egingo da eraikin guztiak elkartzeko.

Alkateak nabarmendu du, era berean, patioak ere eraberritze beharra duela, eta horregatik iaz abiatu zela parte-hartze prozesu bat ikasleekin, familiekin eta hezitzaileekin. Prozesua bideratzeko Txalipurdi elkartearen aholkularitza kontratatu du Ordiziako Udalak (15.000€). Hezitzaile eta gurasoekin bilerak egin, eta patioaren erabileraren behaketak egin ondoren, ikasle gela bakoitzak patioaren eraldaketaren inguruko hausnarketa egin du, eta maketen bidez irudikatu dute amesten duten patioa nolakoa izango litzatekeen. Hausnarketa horien emaitza panel batean jaso da.

Egindako lanketaren emaitzen panelak erakusketa batean bildu dira, eta Urdaneta eskolaren aste kulturalaren baitan ikusgai daude eskolako gimnasioan. Bertan, ikasleek egindako maketen bidez, amestutako patioa irudikatu dute, naturaren presentzia handituz, jolasgune ezberdinak sortuz, gune lasaiagoak proposatuz, etab.

Adur Ezenarrok azaldu duenez, erakusketa baliatuko da ekarpenak jasotzeko,  eta amaitzeko ateratako ondorioak oinarri hartuta, Urdaneta Eskolako patioa eraberritzeko proiektua diseinatuko da, komunitatearen beharrak eta ikuspegia kontuan hartuta.