Bizkaia pasealekuko bidegorria amaituta
Ordiziako Udalak amaitutzat eman ditu Bizkaia pasealekuan egindako bidegorri lanak. Jarduketa honi esker, herriko bidegorri sareak jarraipena lortu du, orain arte zeuden etenak gaindituz eta Ordizia osoko bizikleta ibilbideak lotuz.
Egindako lanek Tximistako zubitik San Joan auzoraino doan tartea hartu dute, guztira 540 metroko luzeran. Esku-hartze honen bidez, Ordiziako bidegorri sarea osatu eta konektatu egin da, eta aurrerantzean herriak 4.532 metroko bidegorri sarea izango du modu jarraituan.
Obrak Construcciones Otegui Gaztañaga S.L. enpresak gauzatu ditu lau hilabeteko epean, eta proiektua Next Generation funtsen bidez finantzatutako dirulaguntza bati esker egin ahal izan da. Guztira, Ordiziako Udalak 449.609 euroko laguntza jaso du mugikortasun aktiboa eta iraunkorra sustatzeko azpiegiturak garatzeko, eta lanen aurrekontu osoa 473.716 eurokoa izan da. Dirulaguntza deialdi hau Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren Ministerioak bultzatu zuen, eta 50.000 biztanletik beherako udalerriei zuzenduta zegoen. Ordizia izan zen Euskal Herrian laguntza hori lortu duen udalerri bakarra, aurkeztutako proiektuaren kalitateari esker.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak nabarmendu duenez, “bidegorri sarean zeuden etenak gainditzea izan da proiektu honen helburu nagusia. Bizkaia pasealekuan egindako tarteari esker, herriko bidegorri sarea osatu eta jarraitua izatea lortu dugu, herritarren eguneroko mugikortasunerako aukera seguru eta iraunkorragoak eskainiz”.
Bizkaia pasealekuko lanak amaituta, Ordiziak beste pauso bat eman du mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuan, oinezko eta bizikletentzako azpiegitura seguruagoak eta erosoagoak eskainiz.





