Edorta Lamo: "Gure herriaren usaina"

Gaur, apirilak 3, asteazkena, ospatu da Ordizian Artzain Eguna. 30. edizio honetan eguraldia lagun izan da, eta azoka bereziaz gozatzeko aukera izan dute inguratu diren guztiek. Artzainak eta gazta izan dira protagonista, Udalak ELE Latxa Ardiaren Gipuzkoa elkartearen, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin batera antolatzen du egun handi honetan.

transhumantzia

Goizeko 11.00ak pasata, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena igaro dira 1.500 ardi inguru, 5 artaldetan banatuta. Honakoak izan dira herrigunea igaro duten artzainak: Aitor Iztueta (Lazkaomendi, 2 artalde), Laurendi Iztueta (Lazkaomendi, artalde 1), Aiora Goikoetxea (Lazkao, artalde 1), eta Otegizabal Baserria (Itsasondo, artalde 1). Modu honetan antzinatik egin izan den eta denbora berriek zailtzen duten menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratuz, askok oinez eta errepidetatik egin behar izaten dutena.  Maiatzaren lehenengotik aurrera egin ahal izango dute mendiko larreetara buelta.

Gazta berriaren mozketa

Jarraian Idiazabal Gazta Berriaren aurkezpena ere egin da. Aurten, Arabako Santikurutze Kanpezuko Arrea! jatetxeko Edorta Lamok moztu du gazta. Gazta berria esku artean hartu, eta ebaki ostean honakoa esan du: “gure herriaren usaina”. Bereziki hunkituta ikusi zaio Lamori, bere familia zein lagunez inguratuta egon den egun berezian.

Edorta Lamo, Arabako Kanpezun jaioa da. Oñatiko Goi Ostalaritza Eskolan sukaldaritza ikasi zuen eta New York, Gasteiz eta Granadako sukaldeetatik pasa ondoren 2006an A Fuego Negro, aitortza handiko Donostiar pintxo kulturaren bertsio berri bat ireki zuen, 2020an pandemiaren ondorioz itxi zuen arte.

2018ko abenduan Arrea! Jatetxea ireki zuen bere jaioterrian. Arabako Mendien bihotzean garatzen  den kontzeptu gastronomiko berria eta Edortarentzat bere erro gordin, gogor eta basatienetara itzultzea suposatzen duena, bertako pertsonalitatea, kultura eta ohiturak barneratzen dituen estilo gastronomiko propio bat garatuz.

Azken bost urteotan arrakasta eta aitortza itzela lortu du, Arrea!k indar eta proiekzio egonkor bat izatea lortuz. Hauek dira  azken bi urtetan lorturiko sari edo aitortzak:

  • Repsol sareko Bigarren Eguzkia
  • Tapas aldizkariko Urrezko T
  • Lehen Michelin Izarra eta Jasangarritasuna eta sukaldean ekonomia zirkularra aitortzen dituen izar berdea
  • Macarfi Gidako TOP 10 saria
  • 2023 SER Araba Saria
  • 2023ko Forbes Zerrendako 100 sortzaileetan Estatuko sukaldari bakarra Andoni Luis Adurizekin
  • 2023an Añanako Gatz Haranaren Nazioarteko Enbaxadore izendatua

Horrez gain,  eta Arantzazun kokatuta dagoen Artzain Eskola – Gomiztegik jaso du omenaldia.

Artzain Eskola HAZIren proiektua da, 1997an sortua, Arantzazuko Gomiztegi baserrian, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren sarreran eta Arantzazuko santutegiko guraso frantziskotarrena da. Aukeraketa hori ez zen ausaz egin; izan ere, baserri horretan zegoen artalde adierazgarrienetako bat. Latxa arrazaren hobekuntza genetikoan lortutako aurrerapen eta lorpen guztiengatik, maneiu-jardunbide egokiek, ekoizpen-teknika berriak sartzeak eta artzainak aholkularitza teknikoa jasotzeko zuen grinak, modu erabakigarrian lagundu zuten artaldeek batez bestekoa baino ekoizpen-maila nabarmen handiagoak lortzen. Berriki zendutako Nikolas Segurola artzain berritzailea eta artzaintzaren garapenean parte hartzen zuten teknikari eta politikariak, ardien azpisektorean belaunaldien arteko erreleborik ez zegoela konturatu ziren, eta elkarteen eta ikerketaren laguntzarekin, Artzain Eskola - Escuela de Pastores izeneko prestakuntza eta aholkularitza teknikoko proiektu integral bat martxan jartzen jakin zuten.

Hasierako helburua artzainaren profesionalizazioan eta kualifikazioan laguntzea da. Artzain Eskola mundu mailako erreferentea da artzaintzaren munduan, eta euskal profesional eta ikasleak hartzen ditu, lehentasunez, baita beste autonomia eta herrialde batzuetatik datozenak ere. Tokiko arrazak (latxa) erabiltzeko sistema defendatzen duen eskola da, animaliekiko eta ingurumenarekiko errespetuzko erabileran oinarrituz eta lurraldea kudeatuz.

Gainera, prestakuntza-programetan aktiboki parte hartzen duten garapen eta ikerketa sektorialeko elkarte eta entitateen laguntza du, hala nola ardien azpisektorea ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzeko elkarte profesionalena; jardunean dauden artzainen, beteranoen eta ikasle ohien elkarteena; kudeaketa-zentroena; I+G+B zentroena (Leartiker); sektoreko enpresena eta kooperatibena; eta Idiazabal Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearena. Halaber, lankidetza-hitzarmenak eta harreman erregularrak ditu Pau de Montardongo Artzain Eskolarekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Kordobako Unibertsitatearekin eta Landa Sare Nazionalarekin.

Erregulartasunari sariak

Baita, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatu zaizkie Segurako Eneko Goiburu Artzainari, hirugarren urtez jarraian eta gaztandegien kategorian Arizkungo, Nafarroa, ‘Valle del Baztan’ gaztandegiak jaso du saria.

Ondarren, 500 urteko baserrian, gutxienez, 7 belaunaldi egon dira gaztagintzan. 2016. urtean Eneko Goiburuk, Arantzazuko Artzain-eskolatik pasatu ondoren, familiako testigua hartu zuen, bere guraso diren Karmele Murua eta Felix Goibururen eskuetatik. Familia honek kalitate ibilbide zoragarria mantendu du. Ordiziako Euskal Jaietako gazta lehiaketan 5 aldiz lortu dute lehengo saria: aitonak, Santiago Goiburuk 1970an, gero aitak, Felixek, 1995an, gero amak, Karmelek, 2014an eta Enekok berak 2021 eta 2023an, Urrezko Kutxa Garaikurra ere lortuz. Horretaz gain, azken bi  urtetan ere, erregulartasun saria lortu dute.

Bestalde, Quesería Valle del Baztan gasnategia 2008an eraiki zen Kooperatiba Baztandarrak bultzatuta BAZTANGOA izenarekin, bere bazkideen artean nahikoa ardi latxaren esne zeukatelako. Hasieran esnea industriari saltzen bazioten ere, ondoren gazta egiten hastea erabaki zuten. Proiektuak ez zuen arrakasta gehiegi izan eta 2013an zenbait bazkidek gaztandegia erosi eta GORRAMENDI izenarekin proiektu berri bati ekin zioten, nahiz eta oraingoan ere porrot egin. 

2016ko urrian, TGTk gasnategia erosi zuen eta QUESERIA VALLE DEL BAZTAN izena jarri zion, jatorrizko markak mantenduz, BAZTANGOA eta BELAI.2017ko lehendabiziko hilabetetan TGTk ardi latxa esnearekin eta Idiazabal sormarkarekin gazta egin eta saltzeko apustua egin zuten eta badirudi hirugarren saiakeran ondo atera zela.

Urte hauetan instalazioan hobekuntzak egin dira, horregaitik 2019an IFSa lortzeko aukera eduki zuten eta urtez urte mantentzea lortu da. Honen ondorioz aukera izan da baita produkzioan gora egiteko. 2017an 10.000 kilo egin ziren eta 2023an 140.000 kilora iritsi dira.

Aharien erakusketa-lehiaketa

Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta ere egin da. Bertan, 200 abelburu inguru  izan dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.

Bi   motako animaliak izan dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.  Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai.  Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.

ELE:

Ahariak MB (Mutur beltza)

- bildotsa : Abaroa (Olaberria) /- arkasta: Aizpea (Olaberria) / - heldua: Abaroa (Olaberria)

Ahariak MG (Mutur gorria)

- bildotsa: Atxalde (Eskoriatza) / - arkazta: Atxalde (Eskoriatza) / - heldua: Atxalde (Eskoriatza)

Errape erakusketa MG:

- urtekoa: Atxalde (Eskoriatza) / - heldua: Atxalde (Eskoriatza) /

Errape erakusketa MB:

- urtekoa: Aizpea ( Olaberria) / - heldua: Aizpea ( Olaberria)


LURGINTZA MUTUR GORRIAK

- Ahari heldua: BORDABERRI (ALTZO)

- Arkaztea: ETXEZURI (ALTZO)

- Arkumea: ETXEZURI (ALTZO)

LURGINTZA MUTUR BELTZAK

- Ahari heldua: MAUSITXA (ELGOIBAR)

- Arkaztea: MAUSITXA (ELGOIBAR)

- Arkumea: MAUSITXA (ELGOIBAR)

Garagartza Plazan gazta egin da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izan dira, esaterako, mamia dastatzea eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.

Aurten, gainera, ‘Artzainen Herri Kirolak’ jolasak eskaini dira Frontoi txikian, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Ohitura den moduan, goiz guztian zehar  Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatu ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarri dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izan da.