Image
Image

Zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia Gabonetan

 

Elkar zain dezagun. Ordiziako Udaleko ordezkari guztiek eskatu dute, bereziki, adineko eta arrisku taldeetako pertsonak babestea egun hauetan.

Ordiziako Udaleko ordezkari guztiek dei egiten diete ordiziarrei, Gabonetan zehar zuhurtziaz jokatzeko, eta adineko eta arrisku taldeetako pertsonak, bereziki babesteko.

Familiako kideekin egiten diren elkarte eta bilkuretan zorrotzak izatea eskatzen dugu. Ezarri diren neurriei kasu egitea beharrezkoa da gu guztiok zaintzeko, baina bereziki gure adineko eta egoera zaurgarrian daudenak babesteko. Azken finean, Gabonak aspaldi ikusi gabekoekin elkartu eta egoteko tartea izaten dira, eta egun hauetan, inoiz baino gehiago nabaritzen ditugu mahaietan ditugun hutsuneak; joan zaizkigunak oroitzen ditugulako. Horregatik, Ordiziako Udaletik dei egin nahi dugu inoiz baino zuhurtzia gehiagorekin joka dezagun, batez ere, gure artean ditugunak babesteko. Distantziak mantendu, etxeak aireztatu eta musukoa erabili, baita etxe barruan ere, bizikideak ez garen pertsonak elkartzen baldin bagara.

Gure esku dago, inoiz baino gehiago 100.000 biztanleko 500eko tasaren langa horretatik jaistea, eta datuak hobetzea. Ez dira zenbaki hutsak: pertsonak dira. Gainera, kasuen beherakadak merkataritza eta ostalaritzak bizi duen momentu zailari egoera arinduko dio.

Neurriak

Azken asteetan bezala, ostalaritza establezimenduak itxita mantendu beharko dute Ordizian. Hala ere, atzo arratsaldean jakinarazi ziren neurriek aldaketa batzuk ekarriko dituzte. Abenduaren 24an, 31an eta urtarrilaren 5ean merkataritza establezimenduek 18:00etan itxi beharko dute. Bestalde, gabon gauean eta urtezahar gauean etxeratzea 00:30ak arte aurreratzen da, eta urte zahar gauean eta urte berri egunean gehienez 6 pertsona elkartu ahalko gara, gabon gauean eta eguberri egunean 10 pertsonen muga mantentzen da.

Aurten ez da Gabonetako azoka berezirik egongo

Aurtengo urtean ez da Gabonetako azoka berezirik egingo. "Bizi dugun egoerak ez du ahalbidetzen halakorik", nabarmendu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Izatez, urteko azken azoka bereziena izaten da, eta jende asko hurbiltzen da Gabonetako erosketak egitera, dauden erakusketak ikustera, eta bertako artisauen lanak ezagutzera. 2020an ediziorik izango ez duen arren, datorren urtean, testuinguru hobe batean, ospatzea espero da.

 

Udalak ez-ohiko hobariak onartu ditu ostalaritza establezimendu eta azokako postuentzat

Udal Gobernuaren proposamena izan da %75eko ez-ohiko hobaria ematea establezimendu hauei, eta 100%koa azokako postuei

Udaberriko alarma egoeraren ostean, udazkenean alarma egoera berri bat etorri da, eta horrek ostalaritza establezimenduen itxiera ekarri du alde batetik, eta baita udalerrien arteko mugikortasuna galaraztea. Horregatik, Ordiziako Udalak, Udal Gobernuaren proposamena aho batez onartu du: ekainean onartu zituen hobariak handitzea; ostalaritzari dagokion hondakinen bilketa tasari dagokionean, eta baita ere, azokako postuei dagokien lurzoru publikoaren erabileragatik ordaintzen den tasari dagokionean.

“Badakigu egoera zaila dela, eta establezimenduek itxi behar izateak eragin zuzena izan duela haien diru-sarreretan. Horregatik, hirugarren sektorearekin bilerak egin ostean, lanean aritu gara zein laguntza martxan jarri aztertzeko. Ordenantza fiskaletako hobariak izango dira horiek, dagoeneko abian jarri ditugun laguntza zuzenez gain”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Proposatzen diren aldaketak bi alderdi ezberdinetan eragingo dute: 6. eta 7. Ordenantzetan arautzen diren tasetan ez-ohiko hobariak.

Udalak Finantzatzeko Foru Funtsagatik 2020an egin beharreko konturako ordainketak aldatzen dituen eta toki-erakundeentzako aurrekontu eta zerga arloko hainbat neurri ezartzen dituen maiatzaren 12ko 3/2020 Foru Dekretu-Arauaren 3. Artikuluan ezarritakoaren arabera “2020an, toki-erakundeek aparteko hobariak onartu ahal izango dituzte Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren udal-tasen zenbatekoaren gainean. Hobari horiek Covid-19 gaitzaren osasun-krisiak eragindakoak izan beharko dira, eta krisi horrek bereziki kaltetutako kolektiboei aplikatu ahal izango zaizkie, 2020ko urtarrilaren 1eko atzera-eraginkortasunarekin. Honenbestez, eta 2020ko azaroaren 16an ospatu zen Antolaketarako Batzorde Informatiboarekin diktamenarekin, honakoa da erabakitzera daramagun.

Honakoa da akordio proposamena:

Maiatzaren 12ko 3 /2020 Foru Dekretu-Arauean ezarritakoaren arabera honako ez-ohiko hobariak onartzea tasetan:

  • Zerbitzu publikoak eta administrazio-jarduerak emateagatiko tasak arautzen dituen 6. ordenantzan xedapen gehigarri bat sartzea, honela idatzita:

"Xedapen gehigarria: COVID-19ren ondorioak arintzeko eta 2020ko ekitaldirako soilik, % 75eko ez-ohiko hobaria emango zaie alarma-egoera deklaratzeagatik itxita egon diren ostalaritza establezimenduei eta elkarte gastronomikoei urteko hondakinen bilketari dagokion tasan. Aipatu ez-ohiko hobariak 2020ko urtarrilak 1eko atzera-eraginkortasuna izango du".

Jatetxeak, erretegiak, sagardotegiak, antzekoak epigrafea ez aintzat hartzea 2020ko ekitaldian, eta epigrafe horretako establezimenduei tabernak sukaldearekin epigrafea aplikatzea, COVID19ak eragindako segurtasun baldintzek ezinezkoa egin dutelako jatetxeen ohiko jarduera.

  • Udal jabari publikoaren erabilera pribatibo edo probetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen 7 ordenantza fiskalean xedapen gehigarri bat sartzea, honela idatzita.

“Xedapen gehigarria: COVID-19ren ondorioak arintzeko eta 2020ko ekitaldirako soilik, ez-ohiko hobaria emango zaie:

  • Asteroko azokan postua izateagatik postuei bigarren, hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan %100eko hobaria.

Ordenantza jendaurrera jarri Iragarki-Taulan eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 30 egunetan, eta Korporazioak erabakiko dituen erreklamazio eta iradokizunetarako interesa dutenei aukera eman. Erreklamaziorik ez balego, behin betirako onartutzat joko da Ordenantza, erabaki gehiago beharrik gabe.

Karpak ezarri ditu Ordiziako Udalak herriko ikastetxeetan

Ikasturte guztian zehar egongo dira jarrita eta bertan ekintzak egitea ahalbidetuko die

Ordiziako Udalak herriko bi ikastetxeetan, Jakintza Ikastolan eta Urdaneta Eskola Publikoan karpa bana jarri ditu, neguaz babestu eta bertan ekintzak egitea ahalbidetuz. Bi kasuetan eskolako patioan kokatu dira, eta dagoeneko ari dira erabiltzen.

Eskola bakoitzeko espaziora egokitu dira karpak, guneak ahalbidetzen duenaren arabera. Hala, Jakintzaren kasuan, karpak 20x10 metroko dimentsioa du, 200 metro karratu babestuz euriaz, haizeaz, eta bestelakoez. Urdanetari dagokionez, bestalde, 25x10 metroko dimentsioa hartzen du karpak, eta 250 metro karratu hartzen ditu.

“Garrantzitsua da Udalak dituen baliabideak herritarren eskura jartzea, eta, batez ere, egungo egoera kontuan hartuz, elkarlana bultzatzea”, zehaztu du Ainhoa Jimenez, Hezkuntza zinegotziak. Hala gaineratu du: “osasun krisi honetan garrantzitsua da haurrak erdigunean jartzea, beraien beharrak identifikatzea eta horiei erantzuna ematea. Haurtzaroari modu zuzenean eragin dio pandemiak, eta ikastetxeekin komunikazio zuzena izan dugu sortzen ziren beharrei aurre egiteko”.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image