Udalak ez-ohiko hobariak onartu ditu ostalaritza establezimendu eta azokako postuentzat

Udal Gobernuaren proposamena izan da %75eko ez-ohiko hobaria ematea establezimendu hauei, eta 100%koa azokako postuei

Udaberriko alarma egoeraren ostean, udazkenean alarma egoera berri bat etorri da, eta horrek ostalaritza establezimenduen itxiera ekarri du alde batetik, eta baita udalerrien arteko mugikortasuna galaraztea. Horregatik, Ordiziako Udalak, Udal Gobernuaren proposamena aho batez onartu du: ekainean onartu zituen hobariak handitzea; ostalaritzari dagokion hondakinen bilketa tasari dagokionean, eta baita ere, azokako postuei dagokien lurzoru publikoaren erabileragatik ordaintzen den tasari dagokionean.

“Badakigu egoera zaila dela, eta establezimenduek itxi behar izateak eragin zuzena izan duela haien diru-sarreretan. Horregatik, hirugarren sektorearekin bilerak egin ostean, lanean aritu gara zein laguntza martxan jarri aztertzeko. Ordenantza fiskaletako hobariak izango dira horiek, dagoeneko abian jarri ditugun laguntza zuzenez gain”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Proposatzen diren aldaketak bi alderdi ezberdinetan eragingo dute: 6. eta 7. Ordenantzetan arautzen diren tasetan ez-ohiko hobariak.

Udalak Finantzatzeko Foru Funtsagatik 2020an egin beharreko konturako ordainketak aldatzen dituen eta toki-erakundeentzako aurrekontu eta zerga arloko hainbat neurri ezartzen dituen maiatzaren 12ko 3/2020 Foru Dekretu-Arauaren 3. Artikuluan ezarritakoaren arabera “2020an, toki-erakundeek aparteko hobariak onartu ahal izango dituzte Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren udal-tasen zenbatekoaren gainean. Hobari horiek Covid-19 gaitzaren osasun-krisiak eragindakoak izan beharko dira, eta krisi horrek bereziki kaltetutako kolektiboei aplikatu ahal izango zaizkie, 2020ko urtarrilaren 1eko atzera-eraginkortasunarekin. Honenbestez, eta 2020ko azaroaren 16an ospatu zen Antolaketarako Batzorde Informatiboarekin diktamenarekin, honakoa da erabakitzera daramagun.

Honakoa da akordio proposamena:

Maiatzaren 12ko 3 /2020 Foru Dekretu-Arauean ezarritakoaren arabera honako ez-ohiko hobariak onartzea tasetan:

  • Zerbitzu publikoak eta administrazio-jarduerak emateagatiko tasak arautzen dituen 6. ordenantzan xedapen gehigarri bat sartzea, honela idatzita:

"Xedapen gehigarria: COVID-19ren ondorioak arintzeko eta 2020ko ekitaldirako soilik, % 75eko ez-ohiko hobaria emango zaie alarma-egoera deklaratzeagatik itxita egon diren ostalaritza establezimenduei eta elkarte gastronomikoei urteko hondakinen bilketari dagokion tasan. Aipatu ez-ohiko hobariak 2020ko urtarrilak 1eko atzera-eraginkortasuna izango du".

Jatetxeak, erretegiak, sagardotegiak, antzekoak epigrafea ez aintzat hartzea 2020ko ekitaldian, eta epigrafe horretako establezimenduei tabernak sukaldearekin epigrafea aplikatzea, COVID19ak eragindako segurtasun baldintzek ezinezkoa egin dutelako jatetxeen ohiko jarduera.

  • Udal jabari publikoaren erabilera pribatibo edo probetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen 7 ordenantza fiskalean xedapen gehigarri bat sartzea, honela idatzita.

“Xedapen gehigarria: COVID-19ren ondorioak arintzeko eta 2020ko ekitaldirako soilik, ez-ohiko hobaria emango zaie:

  • Asteroko azokan postua izateagatik postuei bigarren, hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan %100eko hobaria.

Ordenantza jendaurrera jarri Iragarki-Taulan eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 30 egunetan, eta Korporazioak erabakiko dituen erreklamazio eta iradokizunetarako interesa dutenei aukera eman. Erreklamaziorik ez balego, behin betirako onartutzat joko da Ordenantza, erabaki gehiago beharrik gabe.