Elkar zain dezagun. Ordiziako Udaleko ordezkari guztiek eskatu dute, bereziki, adineko eta arrisku taldeetako pertsonak babestea egun hauetan.

Ordiziako Udaleko ordezkari guztiek dei egiten diete ordiziarrei, Gabonetan zehar zuhurtziaz jokatzeko, eta adineko eta arrisku taldeetako pertsonak, bereziki babesteko.

Familiako kideekin egiten diren elkarte eta bilkuretan zorrotzak izatea eskatzen dugu. Ezarri diren neurriei kasu egitea beharrezkoa da gu guztiok zaintzeko, baina bereziki gure adineko eta egoera zaurgarrian daudenak babesteko. Azken finean, Gabonak aspaldi ikusi gabekoekin elkartu eta egoteko tartea izaten dira, eta egun hauetan, inoiz baino gehiago nabaritzen ditugu mahaietan ditugun hutsuneak; joan zaizkigunak oroitzen ditugulako. Horregatik, Ordiziako Udaletik dei egin nahi dugu inoiz baino zuhurtzia gehiagorekin joka dezagun, batez ere, gure artean ditugunak babesteko. Distantziak mantendu, etxeak aireztatu eta musukoa erabili, baita etxe barruan ere, bizikideak ez garen pertsonak elkartzen baldin bagara.

Gure esku dago, inoiz baino gehiago 100.000 biztanleko 500eko tasaren langa horretatik jaistea, eta datuak hobetzea. Ez dira zenbaki hutsak: pertsonak dira. Gainera, kasuen beherakadak merkataritza eta ostalaritzak bizi duen momentu zailari egoera arinduko dio.

Neurriak

Azken asteetan bezala, ostalaritza establezimenduak itxita mantendu beharko dute Ordizian. Hala ere, atzo arratsaldean jakinarazi ziren neurriek aldaketa batzuk ekarriko dituzte. Abenduaren 24an, 31an eta urtarrilaren 5ean merkataritza establezimenduek 18:00etan itxi beharko dute. Bestalde, gabon gauean eta urtezahar gauean etxeratzea 00:30ak arte aurreratzen da, eta urte zahar gauean eta urte berri egunean gehienez 6 pertsona elkartu ahalko gara, gabon gauean eta eguberri egunean 10 pertsonen muga mantentzen da.