Image
Image

Komun publikoak bihar zabalduko dira

Bihartik aurrera hurrengo komun publikoak irekita egongo dira, 10:00-12:30etara eta 17:00-20:00etara, astelehenetik-igandera: Plaza nagusiko komuna, Barrena parkeko komuna, Eskarabillako komun automatikoa eta Altamirako komun automatikoa. Ordutegi horretan pertsona bat arduratuko da komunak ireki eta itxi eta garbitzeaz.

Ekainaren 1an aktibatuko da edukiontzi marroietako sarraila

COVID-19 dela eta, martxoaren 17n errefusa, organiko eta pixoihalentzako edukiontzietako sarrailak eta landa eremuetan dauden birziklaguneetako eta etxoletako ateak desaktibatu ziren, txartelik gabe noiznahi ireki ahal izateko.

Pixkanaka sarrailak berriro aktibatuko dira eta txartela beharko da edukiontziak irekitzeko.

Hasteko, ekainaren 1ean edukiontzi marroien sarrailak aktibatuko dira soilik. Oraingoz, edukiontzi grisak eta pixoihalenak irekita jarraituko dute jakinarazi arte.

Norbaitek txartela galdu baldin badu 943 16 15 55 telefonora lehenbailehen deitzea komeni da beste txartel bat bidaltzeko.

371.000 euroko baliodun bonoak, hirugarren sektorea suspertzeko

 

Etxebizitza bakoitzera 20 euroko balioa duen bonoak bidaliko dira, irailaren 30a bitartean gastatzeko, eta establezimendu bakoitzari 1.000 euroko balioa duten 5 euroko 200 bono.

Ordiziako Udalak hirugarren sektorea suspertzeko eta indartzeko asmoarekin bi kanpaina sendo jarriko ditu martxan, Eusko Jaurlaritzatik etor litezkeenekin bateragarriak.

Herrian erostearen garrantzia aldarrikatzen du Ordiziako Udalak eta horregatik ‘Bizi eta erosi herrian’ lelopean, ordiziarrek bertako komertzioen aldeko apustua egitea bultzatzen du.

Bi bonu sistema ezarriko dira:

  • HERRITARRENTZAT BONUAK

Ordiziako etxebizitza guztietara 20 euroko deskontu txartelak banatuko dira. Bonu hauek lau zatitan banatuta egongo dira eta bost euroko balioa izango du bakoitzak. 15 euroko balioa duen erosketara iritsiz gero 5 euroko deskontua lortuko da. Beraz, produktu batek 15 euroko balioa badu, ordiziarrak 10 ordaindu beharko ditu eta beste 5 euroak bonu bidez ordainduko dira. Bakarka, binaka, hirunaka edo denak batera erabili daitezke, bezeroak erabakiko du nola eta non gastatu. Bonuak irailaren 30a arte erabili ahalko dira, urrian bigarren kanpaina bat abiatuko delako. Guztira, 4.650 bono banatuko ditu Udalak.

  • ESTABLEZIMENDUENTZAT BONUAK

Beste bide bat ere jarriko du martxan Udalak. Hain zuzen, 5 euroko 200 bonoko sorta bat emango dio merkatari eta ostalari bakoitzari, bakoitzak haren bezeroen artean deskontuak eskaini ahal izateko; guztira, 1.000 euroko laguntza izango da hau, eta kasu honetan ere komertzioak kanpainara atxiki beharko dira; hori egiten duten unean Udalak dirua aurreratuko die. “Helburua da, ematen den laguntza ez dadila bere horretan geratu, eta efektu biderkatzaile bat izan dezatela salmentak sustatuta. Ostalaritzan ere, edo 5 euroko bonuak erabiltzeko zailagoa den kasuetan, norberak bere kanpaina proposatu ahal izango du 1.000 euroko laguntza hori bideratzeko. Hala nola, bonu txikiagoak, pintxo-poteak, produktu batean salneurri bereziak, etab.

Establezimendu bakoitzaren esku egongo da nola erabili laguntza hori bezeroak erakartzeko, zenbateko gastua egin beharko den 5 euroko deskontua lortzeko, deskontua aplikatzeko gehienezeko kopuruak ezarri eta abenduak 31 bitartean kanpaina noiz egin erabakitzeko. Hori bai, kopuru berdina izango da establezimendu guztietan, laguntza hori modu orekatuan denen artean banatu ahal izateko. Kanpaina hau urte amaiera arte luzatuko da, abenduaren 31a arte.

Atxikitutako dendak

Ekimen honetan parte hartu nahi duten dendak atxikitu egin beharko dira kanpaina bakoitzera, eta haien erakusleihoetan bereizgarri bat izango dute erosleak ikusi dezan denda horretan bonoa erabil dezakeela.

Oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Udalaren laguntzaile izango den Ordizian merkatarien elkartean egin ahalko dira atxikitzeko eskaerak. Parte hartzeko baldintza izango da Alarma egoeran establezimendua ixtera behartua izatea, edo %75eko fakturazioa galtzea irekita egon arren.

“Fidelizazio kanpaina ere ahalbidetuko du bonu sistema honek; bezero eta eroslearen artean zubiak eraikiz eta konfidantzazko erlazioak sortzeko aukera emanez”, gehitu du alkateak.

Jarrera txalogarria

Herriko merkatariek eta ostalariek orain arte izan duten jarrera nabarmendu du Udalak. “Ez zait sekula ahaztuko Ordiziako ostalari gehienek gu guztiok babesteko martxoak 13/14erako istea erabaki zutela, oraindik horretara derrigortu egon gabe ere. Gerora, egoera txarrenari irudimen eta kemen askorekin erantzun diote askok, etxera eramateko ekimenekin, asteazkenetako pintxo-potea ere etxean egiteko aukerarekin, etab.”, gehitu du alkateak. Lerro horretan, herritarrei bertako merkataritzan erosketak egiteko hautua egiteko deia zabaldu die ordiziarrei, herrian bizi eta erosteko.

10.500 biztanle ditu Ordiziak erroldatuta

Gaurko BOEn argitaratu da 10.000 biztanletik beherako herrietan ordu tarteak bertan behera uzten dituen dekretua. Ordiziak muga hori gainditzen du: 10.500 biztanle gaude erroldatuta, beraz, indarrean jarraitzen du ordu mugak.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image