Larunbatean, hilak 31, izango da, 09:00etatik 13:00era, eta interesatua dagoen edonor joan ahal izango da bertaraOrdiziako 8 eta 11 urte bitarteko haurrek joan den otsailean Oianguko zuhaitzetan barrena jarri zituzten 20 habia-kutxei jarraipena egin eta hegaztiei eraztuna jartzeko saioa egingo da datorren larunbatean, hilaren 31n. Oiangurenandi baserrian da hitzordua, eta deialdia irekia denez, nahi duten pertsona guztiek inguratu ahal izango dute bertara. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak parkearen kontserbaziorako eta ingurumen sentsibilizaziorako urte hasieran abiatutako lankidetzaren barruko ekimena da.
Aranzadiko Botanika saileko kideak datorren astelehenean, hilak 26, hasiko dira Altamirako putzua egokitzen, Oiangu parkean. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak parkearen kontserbaziorako eta ingurumen sentsibilizaziorako urte hasieran abiatutako lankidetzaren barruan egingo den beste ekintzetako bat da. Putzuaren egungo balio naturala eta izan dezakeen balio didaktikoa kontuan hartuz, bi arlo horiek indartuko dituzten lanak egingo dira. Eguraldiak laguntzen badu, astebetean egokitzapen lanak bukatzea espero da.
Sistema aldaketa ezarri zenetik Ordizian lortu den bereizte tasa handiena daOrdiziako hondakinen gaikako bilketa %79koa izatera iritsi da, orain artean lortu den bereizte tasarik handiena. Larunbatean, hilaren 19an, Birziklapenaren Mundu Eguna ospatuko da, eta udalaren esanetan, lortutako datuek eredugarri bihurtzen dute Ordizia herri iraunkorrago bat lortzeko bidean. Hamar hilabete bete dira aste honetan bilketa sistema aldatu zenetik, eta harrezkero, edukiontzi bidez egindako bereizte tasa bikoiztu baino gehiago egin da hilez hil.
Sasieta Mankomunitateak kaleratutako azken txostenak urtarriletik martxora bitarteko bilketa datuak jasotzen ditu. Ordizian 221.090 kilo hondakin jaso dira martxoan; horietatik 174.310 kilo (%79) birziklatze guneetara bideratu dira, eta 46.780 kilo (%21) zabortegira. Bilketa datu horiek herritarren ahaleginari esker lortutakoak direla argi du Ordiziako Udalak.
Ordiziako udaletxeko arkupeetan dagoen hondakinen informazio bulegoko ordutegian aldaketa bat egingo da. Datorren astetik aurrera, asteazken arratsaldeetan ez da bulegoa zabalduko, eta hartara, honakoa izango da mantenduko den ordutegia: astelehenetan goizez eta arratsaldez (11:30-13:30 eta 17:00-19:00) eta asteazkenetan goizez bakarrik (11:30-13:30). Herritarrek hondakin bilketaren inguruan duten edozein zalantza edo arazo argitzera jo dezakete bulegora, baita iradokizunak egitea ere.