Bi egun horietan parkeko argiak itzali egingo dira, eta abuztuko ozar-izarra ikusteko aukera izango daUdako oporrak aproposak izaten dira gaueko zeruaz gozatzeko: eguraldi ona, tenperatura epela, biharamunean goiz jaiki beharrik ez,... Eta hori gutxi balitz, San Lorentzo egunaren inguruan zeruak ikuskizun eder bat eskaintzen du urtero: Perseidak. Abuztuaren 11ko eta 12ko gauetan Oianguko argiak itzali egingo dira, eta abuztuko ozar-izarra (gaztelerazko "Lluvia de estrellas") ikusteko aukera eskainiz. Ordiziako Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko hitzarmenaren barruko ekimena da. Jarraian, perseidei buruzko informazioa eta zenbait aholku.
Hondakinei buruzko informazio bulegoa itxita egongo da abuztuan. Ontziak ez dira eskuragarri egongo irailera arte, eta komertzioek poltsak behar badituzte, udal arretarako bulegoan eskuratu ahal izango dituzte. Organikoaren poltsak udaletxeko arkupeetako eta Majoriko makinetan eskuratu ahal izango dira, eta norbaitek txartelarekin arazoak baditu edo bestelako zalantzaren bat badu, Sasietarekin jarri behar du harremanetan 943 16 15 55 zenbakira deituta. Irailaren 3an irekiko da atzera bulegoa, eta irailean zehar asteazkenetan soilik egongo da zabalik, ordutegi honetan: 11:30-13:30 eta 17:00-19:00.
Ordiziako Udalak aparkalekuen, zamalan guneen eta bestelakoen gaur egungo egoera jasotzen duen plano bat landu du, honen gainean merkatarien kezkak eta proposamenak jaso, eta horiek aztertzeko. Horretarako bilera bat deitu du udalak biharko, hilak 22. Udaletxeko batzar aretoan izango da, 15:30etik 16:30era bitartean. Plano hori oinarri hartuta, merkatariei haien proposamena prestatzeko eskatzen die udalak, bilera egunean proposamen hauek azaldu, eta besteekin batera aztertu ondoren, proposamen bateratuak osatzeko.
Santa Ana jaiak direla eta, hondakinak biltzeko ordutegian aldaketak izango dira. Ostiral eta larunbat honetan (hilak 18 eta 19), eta datorren astean, hilaren 24tik 27ra, hondakinak arratsaldeko lehen orduan atera beharko dira kalera, 13:30etik 15:30era. Bilketa zerbitzua 15:30ean hasiko da lanean. Garbigunea uztailaren 25ean, ostirala, itxita egongo da baina, uztailaren 26an, larunbata, zabalik (9:00-13:00). Itxita dagoen egunean kanpoan dauden edukiontziak erabil ditzakete herritarrek.