2014-05-27 habiakLarunbatean, hilak 31, izango da, 09:00etatik 13:00era, eta interesatua dagoen edonor joan ahal izango da bertara

Ordiziako 8 eta 11 urte bitarteko haurrek joan den otsailean Oianguko zuhaitzetan barrena jarri zituzten 20 habia-kutxei jarraipena egin eta hegaztiei eraztuna jartzeko saioa egingo da datorren larunbatean, hilaren 31n. Oiangurenandi baserrian da hitzordua, eta deialdia irekia denez, nahi duten pertsona guztiek inguratu ahal izango dute bertara. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak parkearen kontserbaziorako eta ingurumen sentsibilizaziorako urte hasieran abiatutako lankidetzaren barruko ekimena da.

Saio honen helburua otsailean ipinitako habia-kutxetan hegaztiek habiak egin dituzten ikustea da, eta txorikumerik egon ezkero, tokian bertan horiek ikusteko aukera izatea. Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia saileko begiraleekin batera kutxak banan-banan aztertuko dira, eta habiak suertatuz gero, eta beharrezko azalpenak eman ondoren, txorikumeei eraztuna jarriko zaie. Horretarako, txoriak harrapatzeko sarea ipiniko da. Eraztuntze lan hauek behar beharrezkoak dira ornitologoentzako hegaztien migrazioen inguruko ikerketak egiteko garaian.

Saioak lau orduko iraupena du (09:00-13:00), eta elkargunea Oiangurenandi baserria izango da. Eraztunak ipintzeko lana goizean goiz egitea komeni da, hegaztiak lehen orduetan mugitzen baitira gehien, eta hori delako sareetan erortzeko aukera handiena dagoen momentua.

Aranzadiren proiektu pilotua
Eskola umeekin otsailean Ordizian egin zen tailerra proiektu pilotu baten hasiera izan zen, ordura arte ez baitzen egin horrelakorik Gipuzkoan. Aranzadiren programa honek Txoribox izena du, eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako sentsibilizazio egitasmo bat da.

Aranzadiren esanetan, habia-kutxak jartzea onuragarria da hegaztien kontserbaziorako. Urte luzez basoei eta herrietako parkeei eman zaien erabileraren ondorioz, gure ingurua zuhaitz gazteez osatua dago. Zuhaitz horiek ez dute zulo naturalik, eta horregatik, hegaztiek ezin dituzte erabili babesteko eta ugaltzeko. Habia-kutxak zulo natural horien ordezko dira, eta beraz, kutxa horiek jarriz gero, mesede egiten zaie zuloak erabiltzen dituzten hegaztiei.

Ekainaren 7an, Astronomia Gaua
Ekainaren 7an, berriz, Astronomia Gaua egingo da Oiangun, 21:00etatik 00:00etara bitartean. Aranzadiko Astronomia saileko kideen gidaritzapean, ilargia, izarrak eta hainbat planeta ikusteko aukera izango da. Behaketarako materiala Aranzadik ekarriko du, eta norberak, baldin badauka, berea ere eramango ahal izango du. Inguratzen direnei gauean hotzik ez pasatzeko arropa egokia janztea gomendatzen zaie.