Majori Kiroldegiaren kuboko kantxan zoru berria jarria da Pazko astean. Zoru sintetikoa da, gisa honetako azpiegituretan ohikoa izaten den moduan. Lanak Mondo Iberico enpresak egin ditu, 39.800 euroan (BEZ barne). Saskibaloian, eskubaloian eta areto futbolean jokatzeko egokitu da kantxa berria, baita tenisean aritzeko ere –maila baxuan–. Iaz eragileekin batera egin zen Ordizia Zabalik partaidetza prozesuan lehenetsitako proiektuetako bat zen kantxa berritzea. Horrez gain, Beti-Alai pilotalekuko frontisean eta ezker paretan ere zenbait konponketa lan egin dira.
Iaz Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren bueltan antolatu zen 'Goierri ezagutzen' Ordiziako zikloturista martxak jarraipena izango du aurten. Bigarren ekitaldi hau maiatzaren 31n izango da, eta Ordiziako Txindokipe zikloturista taldeak antolatu du Ordiziako Txirrindulari Elkartearekin lankidetzan. Iazkoaren tankerako ibilbidea izango du, eta ibilbide motza (88 km) eta luzea (123 km) egiteko aukera izango da. Goierriko txokoak ezagutzera emateaz gain, kirol ekintzak eta kiroltasuna bultzatzea izango dira aurten probaren helburuak. Maiatzaren 30era arte dago zabalik izena emateko epea, eta gehienez 400 txirrinduzalek hartu ahalko dute parte.
PROBARI BURUZKO INFORMAZIO GUZTIA: http://www.ordiziakozikloturistak.com/index.php?lang=eu
Udaberrian Martxan programazioaren barruan, eta Ordiziako Udalak Txindoki Atletismo Taldearekin elkarlanean antolatuta, datorren larunbatean, hilak 18, Hesietan heziz ekimena garatuko da Ordiziako Plaza Nagusian eta haren inguruan. Jolasa eta atletismoa uztartzen dituen jardunaldi hau Euskadiko zenbait atletismo entrenatzailek sortua da, eta atletismo modalitate ezberdinak ezagutzera ematea du helburu.
Jatorrizko lanak maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu behar diraOrdizia Kirol Elkartea sortu zeneko 75. urteurrena ospatzeko, logotipo bat eta horren ondoriozko irudi korporatiborako ideia-lehiaketa deitu du Ordizia Kirol Elkarteak. 2016an ospatuko da Ordizia Kirol Elkartearen 75. urteurrena. Hori dela eta, asko izango dira egingo diren ekitaldiak eta, horregatik, ospakizun horren irudia sinbolo bihurtuko den logotipoa lortu nahi da. Sari bakarra izango da, 300 eurokoa eta jatorrizko lanak maiatzaren 31a baino lehen aurkeztu behar dira.