Image
Image

LARUNBATEAN ORDIZIAKO I. SARI NAGUSIA-JOSE ANTONIO PEÑA MITINA

Altamira estadioan egingo da jardunaldia, eta estatuko atletarik onentsuenak elkartuko dira

Datorren uztailaren 4an Ordiziako I. Atletismo Sari Nagusia-Jose Antonio Peñaren Oroimenezko Mitina hartuko du Altamira estadioak, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. 11 urte dira Gipuzkoan halako mailako mitin bat azkenekoz jokatu zenetik, eta Estatu mailako atleta onenetako batzuk elkartuko dira bertan; hala nola, Angel David Rodriguez Pajaro, eta baita Naroa Agirre pertika-jauzilari donostiarra eta Alazne Furundarena abiadura-lasterkari ordiziarra ere. Klubaren azken 30 urteotako historian zer esan handia izan duen Jose Antonio Peña Lizarraga hilberriaren oroimenez antolatu du proba Txindoki Grupo Jaso atletismo taldeak.

Guztira 11 proba jokatuko dira, bost emakumezkoenak (100 metro hesiak, 200 metro, jauzi hirukoitza, pertika jauzia eta pisu-jaurtiketa) eta sei gizonezkoenak (100 metro, 400 metro, 1500 metro, luzera-jauzia, pisu-jaurtiketa eta 5000 metro). Mitinean parte hartzeko izen-emate epea ekainaren 30eko 14:00ak arte egongo da zabalik. Espainiako Atletismo Federazioaren (RFEA) bidez egin beharko da, eta egun berean emango dira ezagutzera proben ordutegiak, proba bakoitzean izena ematen duen atleta kopuruaren arabera. Probak 17:00etan hasiko dira, haurrentzako 50 metroko lasterketak ere jokatuko dira.

ORDIZIA URPEKOAK II. SARIA JOKATUKO DA LARUNBATEAN MAJORIN

2015 05 14 urpekoakBi saio izango dira, goizean 10:00etatik 13:00era eta arratsaldean 16:30etik 20:00etara

Ordizia K.E. Urpekoak taldeak, E.H.U.I.F-ren laguntzarekin, II. Ordizia Urpekoak Saria antolatu du larunbat honetarako, hilak 16. Txapelketa Majori Kiroldegiko igerilekuan jokatuko da. Parte-hartzaile bakoitzak bi proba egin ahalko ditu erreleboaz gain. Txapelketa bi saiotan banatuko da: lehena goizean, 10:00etik 13:00era, eta bigarrena 16:30etik 20:00etara. Sariketa hau Udaberrian Martxan ekimenaren barruan txertatuta dago.

WU-SHU ERAKUSTALDIA LARUNBATEAN PLAZA NAGUSIAN

2015 04 23 wushuSaioa 18:30ean hasiko da, eta ordubete inguru iraungo du

Larunbat honetan, hilak 25, Wu-shu erakustaldi bat egingo da Ordiziako Plaza Nagusian. Wu-shua arte martzial txinatarra da, eta etziko saioan modalitate ezberdinak bertatik bertara ikusteko aukera izango da: 'Lehoiaren dantza', formak (armekin eta armarik gabe egindako mugimenduak), borrokaldiak, akrobazioak eta jauziak, besteak beste. Erakustaldia 18:30ean hasiko da, ordubete inguru iraungo du eta 15-20 lagunek hartuko dute parte. Saio hau Udaberrian Martxan egitarauaren barruan dago, eta Beasaingo Lorea gimnasioak eta Eibarko Ttatt ginmasioak antolatu dute Ordiziako Udalaren babesarekin.

MAJORIKO KUBOKO KANTXAN ZORU BERRIA JARRI DA

2015 04 15 majoriZoru sintetikoa da, eta Mondo Iberico enpresak egin ditu lanak 39.800 euroan

Majori Kiroldegiaren kuboko kantxan zoru berria jarria da Pazko astean. Zoru sintetikoa da, gisa honetako azpiegituretan ohikoa izaten den moduan. Lanak Mondo Iberico enpresak egin ditu, 39.800 euroan (BEZ barne). Saskibaloian, eskubaloian eta areto futbolean jokatzeko egokitu da kantxa berria, baita tenisean aritzeko ere –maila baxuan–. Iaz eragileekin batera egin zen Ordizia Zabalik partaidetza prozesuan lehenetsitako proiektuetako bat zen kantxa berritzea. Horrez gain, Beti-Alai pilotalekuko frontisean eta ezker paretan ere zenbait konponketa lan egin dira.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image