Interesdunek iritzia emango dute kiroldegian bertan, internet bidez edota Kirol Azpiegituren Mahaian parte hatzeko izena emanda

Ordiziako Udalak Majori kiroldegiaren etorkizuna definitzeko prozesu bat jarriko du martxan.  Jose Miguel Santamaria alkateak, Bittor Bolinaga kiroletako zinegotziak eta Odilo Rivela gerenteak herritarren laguntza eskatu dute ikuspuntu edo iritzi desberdinen berri izateko.  Ekarpenak jaso ondoren ahalik eta pertsona gehienen beharrak asetzen saiatuko dira (...)

Udaleko arduradunek Majoriko eraikinak gaur egun dituen beharrak identifikatu nahi dituzte.  Horretarako, partaidetza prozesu ireki bat ipini dute martxan, azpiegiturarekin lotura duten pertsonek eta erakundeek parte hartzeko, hau da, erabiltzaileek, kirol elkarteek, ikastetxeek eta abarrek, eta ahalik eta eragile gehien izatea.  “Kiroldegiaren etorkizunaren ildo nagusiak definitzeko agente guztien iritziak ezagutu behar ditugu eta arkitektoei zuzendutako ideia-lehiaketa batera bideratu nahi ditugu ekarpenak proiektu batean islatzeko" adierazi dute.  Datozen urteetan zehar guztientzako balio duten instalazio batzuk izatea da helburua, horixe esan dute. 

Ideia lehiaketa

Ekarpen hauek aurrerago antolatuko den ideia konkurtsorako lan oinarriak ezartzea nahi da. Ideia lehiaketaren formatuaren bidez Majoriko etorkizuneko instalazioetarako irtenbide desberdinak bilatu nahi dira, partaidetza prozesu honen bidez jasotako beharrak eta bestelakoak kontuan izanda.   Pertsona guztientzako gune bat izatea da asmoa, pertsona mota guztiei eta kirol modalitate zabalari ahalik eta zerbitzu onena emateko diseinatzea eta garai berriek eskatzen duten moduan era logiko eta iraunkor batean proiektatzea. 

Talde politiko desberdinen ekarpenei esker, gunearen eguneraketa fase desberdinetan egiteko aukera ere aztertu da.  Hori dela eta, proiektua akordio bateratu batek markatutako norabidean joatea garrantzitsua da legealdi desberdinetan aurrera eraman ahal izateko.  

Laguntzeko hainbat formula daude.  Aurrez aurre kiroldegiko harrera bulegoan edo on-line, Majoriren webgunean (www.majori-kiroldegia.com) edo Udalaren webgunean  (www.ordizia.eus, baner ‘Ordizia Hobetzen’) erabilgarri dagoen galdetegia betez.   Lotura zehatza honako hau da: http://www.majori-kiroldegia.com/index.php?option=com_contact&view=contact&id=2&Itemid=0&lang=es.  Parte hartzeko epea azaroaren 25ean amaituko da.  

Kirol Azpiegituren Mahaia

Kanpaina honi lotuta Kirol Azpiegituren Mahaia eratzea proposatu da. Mahai honek kirol instalazioetan dauden beharrak definitzea izango du xede, azaldu berri den kanpaina honen bidez jasotako ekarpenak erabiliz. Lan-talde hau zozketaz ateratutako lau erabiltzaile-biztanleek, kirol elkarteen ordezkariek, teknikoek eta politikoek osatuko dute. Mahai honek etorkizuneko Majori Kiroldegiaren ildo orokorrak definituko lituzke, geroago antolatuko den ideia konkurtsoaren oinarri izan daitezen. Hilaren 25erako eman behar da izena Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.korreora, izen-abizenak eta telefonoa zenbakia emanez.

Beste alde batetik, Santamariak aurreratu du laster Majorira erantsitako eraikinaren edo “kuboa”ren exekuzio proiektuaren eskaintza jarriko dela martxan. Barnealdean, egun dagoen kantxaren ondoan aurreikusten dira gimnasio bat, aldagela batzuk eta erabilera anitzeko gela batzuk.