Ordiziako Udalak bi dolu egun ezarri ditu Bittor Bolinaga Alzelai zinegotzi eta udal korporazioko kidearen heriotzaren aurrean. Udaletxean herriko bandera masta erdira jarri da, eta udal agendako ekitaldiak bertan behera geratu dira. Bolinagaren sendiari eta EAJko udal taldeari doluminak eta samina helarazi nahi dizkio Ordiziako Udalak Bittorren galeraren aurrean.
Astelehen eta asteartean Gabonetako jostailu bilketa kanpaina jarri genuen martxan, ikastetxeetako guraso bolondresekin batera. “Aurtengo erantzuna izugarria izan da, oso pozik gaude jostailu bilketarekin”, zehaztu du Ainhoa Jimenez, Ordiziako Udaleko hezkuntza zinegotziak. Gainera, guraso bolondresen lana eskertu eta nabarmendu du: “bolondres aurkeztu dira kanpainarekin bat eginik eta hori ere eskertzekoa eta balioan jartzekoa da, halako ekintzak antolatzeko ezinbestekoak direlako”.
“Gabonetan ez dugu nahi haurrik jostailurik gabe eta horregatik, etxean eta egoera onean ditugun jostailuak ekartzeko deia egin genuen. Eta halaxe izan da, aurten ere jostailu mordoa ekarri dituzte ordiziarrek, txalotzekoa da”, gehitu du. Orain, jostailu horiek sailkatu eta beharra dutenei bideratuko zaizkie.
Datorren astelehen, asteazken eta ostiralean, abenduak 5-7-9, Arreta Bulegoa irekita egongo da 09:00etatik 13:00etara. Astearte eta ostegunean, abenduak 6 eta 8, itxita egongo da. Barkatu eragozpenak.