Image
Image

III. Emakumeen Ordiziako Klasikoa larunbatean jokatuko da

Larunbat honetan, hilak 7, III. Emakumeen Ordiziako Klasika jokatu da. Gaur aurkeztu dute lasterketa Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko eta Ordiziako Udaleko ordezkariek, udaletxeko areto nagusian.

Aurten, Ordiziako proba Gipuzkoako Itzuliaren barruan sartuko da. Hiru etapa edo lasterketa izango ditu guztira itzuliak; aitzin-etapa ostiralean jokatuko da, Urnietan. Ordiziakoa bigarrena izango da, larunbatean, eta Elgoibarko etaparekin bukatuko da, igandean.

Ordiziako Klasikoak 86,5 kilometroko ibilbidea izango du. Larunbat arratsaldeko 15:30ean abiatuko dira Gudarien etorbidetik, eta lasterketa leku berean bukatuko da, aurreikuspenen arabera, 17:40ak aldera. Ibilbideari dagokionean, hiru itzuli egingo dituzte Ikaztegieta eta Alegia aldetik, eta 3. mailako bi mendate igoko dituzte, Altzoko gaina eta Abaltzisketakoa.

Ainhoa Ostolaza txirrindulari ohiak eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko kideak, emakumezkoen itzulia urtez urte indartzen ari dela azpimarratu du, eta aurten lehen aldiz, hiru etapa izango dituela. Gainera, jubenilez gain, Elite eta 23 urtez azpikoek ere parte hartzeko aukera izango dute. Ostolazaren arabera, aurten 150 txirrindularik baino gehiagok parte hartuko dute, Euskal Herriko hainbat taldek eta baita Estatu osotik etorritakoek ere.

Jon Ander Caballero Ordiziako udaleko kirol zinegotziak, "udalaren apustua emakumezkoen kirola bultzatzea" dela gogorarazi zuen, eta Txapel Gorri elkartearekin duela hiru urte hasi zirela proba hau antolatzeko laneta. "Aurten beste bultzada bat izango du lasterketak, Federazioa ere antolaketan sartuta". 

 

Ordiziako Boxeo Gauak Pedro Mari Goikoetxea omenduko du

Ordiziako jaien atariko beste klasiko bat, Boxeo Gaua egingo dute ostiral honetan. Bederatzi borrokaldi izango dira izango dira guztira, eta ekitaldian, Pedro Mari Goikoetxea telebista aurkezlea omenduko dute. Jaialdia ostiral gaueko 22:30ean hasiko da, Beti Alai pilotalekuan. Sarrerak, aldez aurretik Amonane tabernan daude salgai, eta egunean bertan, Beti Alain bertan erosi ahal izango dira.

Boxing Ciclo Club elkarteak antolatzen du ekitaldia, eta gogorarazi dute Ordiziako jaialdia 1952. urtetik ospatzen dela, eta estatu mailako zaharrenetakoa dela. Iazko ekitaldiak izandako arrakastak jaialdia antolatzen jarraitzeko ilusioa areagotu dietela azaldu dute. Baita jaialdi hau antolatzeak duen lana eta zailtasunak ere; horregatik, laguntza ematen duten denda, taberna eta Goierriko enpresen ekarpena eskertu nahi izan dute.

Adur Ezenarro alkateak ere, "Boxing CC bezalako elkarte txiki batentzat honelako jaialdi bat eta ikuskizun bat antolatzea izugarrizko esfortzua" dela gogorarazi du, eta eskerrak eman dizkie urtero Boxeo Gaua posible egiten duten guztiei. 

Aurtengo ekitaldian, Pedro Mari Goikoetxea telebista aurkezlea omenduko dute, Boxeo Izarrak telebista saioan eta Euskal Herrian boxeoa ezagutzera emateko egindako lanagatik. Goikoetxeak esker onez hartu du gonbitea, eta "hainbeste urtetan boxeo saio bat egin izanaren errekonozimendu gisa" hartzen duela azaldu du. "Boxeozale moduan, Ordizia beti izan da erreferentzia bat, ikusi besterik ez dago zenbat boxeolari pasa diren hemendik, Urtain, Carrasco, Poli Diaz... horrek tradizio bat dagoela esan nahi du, eta hor nik toki txiki bat izateagatik esker ona agertu nahi dut". 

Ordiziako jaialdiaren koordinatzaile den Jose Luis Zelaiak, saioari buruzko hainbat xehetasun eman ditu. Guztira 9 borrokaldi izango dira, 5 amateur mailakoak, 2 K1ekoak, bat amateurra eta bestea profesionala; eta beste 2 borrokaldi profesional mailako boxeolarienak. Bukatzeko, "jendearen gustuko jaialdia" izatea espero duela esan du Zelaiak.

Parte hartuko duten boxeolarietako batzuk ere izan dira gaurko aurkezpen ekitaldian. Haiek ere, Ordiziak boxeo munduan duen izena nabarmendu eta ostiralerako "gogo handiz" daudela azaldu dute.

 

Boxing 2024

Ordiziako Klasikoaren 101. edizioa hilaren 25ean jokatuko da

Iaz mendeurrena bete ondoren, Ordiziako Klasikoaren antolatzaileak prest dira 101. edizioari aurre egiteko. Urtero bezala, Santa Ana jaiekin batera jokatuko da proba, uztailaren 25ean. Gaur, Txapel Gorri elkartekoak, Adur Ezenarro alkatearekin eta probaren babesle diren Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Diario Vascoko ordezkariekin agertu dira prentsaurrean, proba aurkezteko.

Adur Ezenarrok eskerrak eman dizkie antolatzaileei, urtez urte horrelako proba bat prestatzeak suposatzen duen ahaleginagatik. Eta errelebo aldaketa ere nabarmendu du, ezinezkoa delako ehun urte bete dituen proba bat belaunaldi aldaketarik gabe posible egitea.

Txapel Gorri elkartekoek ere, probari emandako babesa eskertzearekin batera, urtez urte dituzten zailtasunak eta beharrak aipatu dituzte; batetik, ekonomikoki gero eta garestiagoa delako horrelako proba bat antolatzea, eta bestetik, beti dagoelako boluntarioen eta antolaketarako jendearen beharra. Zentzu horretan, herritarrak animatu nahi izan dituzte, bai egunean bertan, eta baita batzordean eta antolaketa lanetan parte hartzera. 

Aurten guztira 19 taldek parte hartuko dute, horietatik 6 World Tourrekoak (Cofidis, Astana, Movistar...), 8 Pro-Teamekoak eta beste 5 interkontinental mailakoak. Txirrindulari ezagun ugari izango dira aurten ere, tartean Ordizian eta Goierrin oso ezagunak eta maiteak diren Gorka Izagirre eta Alex Aranburu. Ibilbideari dagokionean, ohiko 5 itzuliak egingo dituzte Amezketatik, eta bi aldiz igoko dute Altzoko gaina. Helmuga, aurten, Gudarien etoribidean izango da, atzera ere.

Ordiziako VIII. Meeting-ak goi mailako atletak bilduko ditu

Larunbat honetako jokatuko da Ordizia Meeting-aren VIII. edizioa. Jose Antonio Peñaren omenezko atletismo proba gero eta sona handiagoa hartzen ari da nazioarte mailan, hein handi batean, biltzen dituen atleten mailak ere gora egin duelako azken urteetan. Aurten hainbat berrikuntza izango ditu, gainera. Batetik, atleten erritmoa markatzeko argiteria sistema berria jarriko da; gainera, goi mailako atletez gain, benjamin eta alebin mailako probak ere izango dira. Altamira estadioan izango da meeting-a, larunbat arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara. Saioa streaming bidez jarraitu ahal izango da Txindoki Atletismo Taldearen youtubeko kanalean, eta aurten, Euskal Telebistak ere emango du proba, igandean, 15:00etan. 

Txindoki Atletismo Taldeko Eneko Agirrezabalek azaldu duienez, Ordiziako Meeting-a "urtez urte joan da handitzen" eta hori atleten kalitatean ez ezik, probak duen oihartzunean ere nabaritzen da. Aurtengo berrikuntzei dagokionean, argiteria berriarena "instalazio berezia" izango dela azaldu du; "meeting batean estatu mailan probatzen den bigarren aldia" izango da Ordiziakoa. Sistema horren helburua, "argiaren erreferentziarekin atletek erritmoa hobeto jarraitzea" da. Argiteria horri eta ikuskizunari garrantzia gehiago emate aldera, ordutegia ere aldatu da aurten, eta proba ohi baino beranduxeago hasiko da. Bestetik, aurten 5 euroko sarrera jartzea erabaki dute. "Sarrera sinbolikoa da, baina atzetik dagoen lan guztia aitortzeko modua" dela uste dute antolatzaileek.

Jon Ander Caballero Ordiziako kirol zinegotziak ere Meeting-ak "urte hauetan eman duen saltoa" azpimarratu du. "Ordiziaren izena Euskal Herrian eta estatu mailan ere, batez ere atletismo munduan, ahoz aho ibiliko da asteburuan, eta Ordizia bezalako herri batentzat garrantzitsua da horrelako puntako atletismo proba bat izatea". Ordiziak "atletismo munduan garrantzia" betidanik izan duela azaldu du, eta gogorarazi du 70eko hamarkadan lehen atletismo pista egin zenetik, egungoa laugarren pista dela. Bide horretan, "Peñak berak, Txato Caballerok, Josetxo Imazek eta beste batzuek egindako lana" azpimarratu nahi izan du, eta haiek hasitako bidetik, oraindik ere harrobia lantzeko egiten den lana goraipatu.

Ekitaldian, probaren babesle diren Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Beasaingo Udaleko eta Laboral Kutxako ordezkariek ere hartu dute parte. Donostiako Aquariumeko Xabier Lasaga ere bertan izan da, Bihotz Urdina proiektua aurkezten. Izan ere, Ordiziako probarekin bat eginez, proiektua Ordizian aurkezteko aprobetxatuko dute. "Ordiziako probak, atletismoaz gain, berdintasuna, gazteria eta elkarlana bezalako baloreak transmititzen ditu, eta testuinguru horretan gure proiektua azaldu nahi diegu gazteei eta haien familiei". Horretarako, sarreran pankarta bat jarri eta "itsasoa estadio barrura eramaten" saiatuko dira, Aquariumeko hainbat hezur, oskol eta bestelako ikusgarri bertan kokatuta.  

 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image