Larunbatean, Errugby Inklusiboa izango da Altamiran goizeko 11:00-13:00 bitartean. Ekimen irekia da eta edonork parte hartu dezake bertaratuta.
Larunbat honetan ospatuko da IV. Emakumeen Ordiziako Klasika. “Hasieratik egin dugu apustu emakumezkoen kirolagatik”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. "Chapel Gorri Elkarteari eskerrak eman nahi dizkiogu halako ekitaldiak antolatzen jarraitzeagatik; geroz eta zailagoa delako gaur egun halakoak aurrera ateratzea".
Aurten ere, iazko moduan, proba Gipuzkoako Itzuliaren barruan sartuko da. Hiru etapa edo lasterketa izango ditu guztira itzuliak; aitzin-etapa ostiralean jokatuko da, Urnietan. Ordiziakoa bigarrena izango da, larunbatean, eta Elgoibarko etaparekin bukatuko da, igandean.
Larunbat goizean 09:00etan abiatuko dira kadeteak eta 10:30ean Junior eta Open mailakoak; guztiak Jose Miguel Barandiaran Plaza paretik aterako dira eta leku berean izango da helmuga.
Kadeteak 33,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta 10:00etarako amaituta izatea aurreikusten da. Ondoren, aterako dira Junior eta Open mailakoak, eta hauek 100,2 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Ibilbideari dagokionean, hiru itzuli egingo dituzte Ikaztegieta eta Alegia aldetik, eta 3. mailako mendatea igoko dute, Abaltzisketakoa.
Guztira 260 txirrindularik parte hartuko dute. Lasterketa 13:00etarako amaituta egotea aurreikusten da, eta ondoren egingo da sari banaketa. Irabazleak, gainera, Gipuzkoako Txapeldun izendatuko dira.
Ordiziako Mendi Lasterketa bueltan da. Igandean, otsailak 16, jokatuko da eta iaz bezala, hiru ibilbide izango ditu: 21, 14 eta 8 kilometrokoak, eta irteera eta helmuga Ordiziako plazan izango dira. Ordiziakoa, Goierri Trail Kopako bigarren proba izango da, eta aurten, gainera, Euskadiko Txapelketa ere hartuko du.
Probaren jatorria, 1968. Urtean Eskitxabel eta Rubio ordiziarrek egindako apustu bat da. Larraizko ermita eta Aralako San Migel uztartzen zituen ibilbidea korrika egin zuten, nor baino nor. Desafio hura oinarri hartuta, duela urte batzuk hasi ziren Ordiziako Mendi Lasterketa antolatzen, eta azken urteetan, Txindoki Atletismo Taldeak bere gain hartu du antolaketa.
Lasterketa Ordiziatik abiatuko da, 10:00etan, eta ibilbide ezberdinak egin ondoren, herrigunean bukatuko da, atzera ere. Jon Ander Caballero kirol zinegotziak “gure inguruko mendi eta naturguneak ezagutzeko aukera ederra” dela azaldu du, eta hiru ibilbide aukeran izanda, “jendeak parte hartzeko aukera zabala” duela esan du, “norbere maila eta neurriaren arabera”.
Hiru ibilbide
Ordizia Mendi Lasterketak hiru ibilbide izango ditu, 21, 14 eta 8 kilometrokoak, hurrenez hurren. Federatutako korrikalariei dagokionean, kategoriaren arabera lasterketa batean edo bestean parte hartuko dute; hala, fededatu nagusiak 21 kilometrokoan ariko dira, 23 urtez azpikoak 14 kilometrokoan, eta 20, 18 eta 16 urtez azpikoak 8koan. Bestetik, lasterketa herrikoia ere bada, eta gainontzeko korrikalariek nahi duten distantzian parte hartu ahal izango dute.
Izen ematea www.kronoak.com webgunean egingo da. Egun berean ezingo da izenik eman. Dortsalak irteera gunean banatuko dira, Ordiziako plazan, 08:00etatik aurrera; ezinbestekoa da NANa aurkeztea dortsala jasotzeko.
Antolakuntzak hiru anoa postu jarriko ditu ibilbidean zehar: ura, fruta eta gel batzuekin. Korrikalari bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du, eta hura izango da beteko dena.
Sari banaketa lasterketa amaitu ondoren egingo da. 21 kilometroko distantzian 100 euro eta garaikurra eramango du irabazleak, bigarrenak 50 euro eta garaikurra eta hirugarrenak 30 euro eta garaikurra.
Oiangu Pilota Elkarteak eta Ordiziako Udalak antolatuta, Emakumezkoen I. Ordizia Hiria Txapelketa jokatuko da, azaroaren 15etik abenduaren 14ra bitartean. Bertan, Hego Euskal Herriko 16 pilotarik parte hartuko dute, larruzko paleta modalitatean. Partidak ostiral eta larunbatetan izango dira, 19:30ean, Beti Alai pilotalekuan.
Oiangu Pilota Elkartea, “orain arte ibilbide gorabeheratsua izan duen emakumeen larruzko paletako ibilbidea berrindartzeko asmoarekin” hasi zen txapelketa hau antolatzeko lanetan. “Jabetu ginen emakumeentzat egituratutako txapelketen errealitatea, modalitate honetan lantzeke zegoela”. Txapelketa puntual batzuk egin dira han eta hemen, baina bide horretan pauso bat aurrera eman nahi izan dute.
Jon Ander Caballero Ordiziako kirol zinegotziak Oiangu elkarteak pala eta larruzko paleta modalitatea bultzatzeko egiten duen lana azpimarratu du, baita horrelako elkarte txiki batek, txapelketa hau antolatzeko eta emakumezkoen kirola bultzatzeko egindako ahalegina ere.
Oiangu elkarteko kideen esanetan, “txapelketa soil bat eskaini ordez, joko honetara egokitzapena ahalik eta egokien egiteko, gure elkarteko baliabideak, Ordiziako Udalarenak eta gure babesleenak (elkarte laguntzaileak) emakume pilotarien eskura” jarri dituzte, baliabide materialak eta teknikoak eskainiz. Hala, abuztu amaieratik hasita, asteroko entrenamenduak egiten ari dira, lehendik ere ona den joko mailari beste bultzada bat emateko.
Ligaxka, final erdiak eta finala
Azaroaren 15ean hasita, partidak ostiraletan eta larunbatetan jokatuko dira, Beti Alai pilotalekuan. Finala berriz, abenduaren 14an izango da. Hego Euskal Herriko 16 pilotarik parte hartuko dute txapelketan, 8 bikotetan banatuta. Txapelketa ligaxka moduan hasiko da, launa bikoteko bi taldetan banatuta. Bikote bakoitzak hiruna partida jokatuko ditu ligaxkan, eta talde bakoitzeko lehen eta bigarren bikoteak sailkatuko dira final erdietarako.
Parte hartzaileen artean, Amaia Irazustabarrena eta Leire Galdos Bizkaia Torneoko irabazleak izango dira, besteak beste. Arabatik Irati Alava eta Garbiñe Lopez etorriko dira, eta Nafarroatik Naroa Otxoa. Gainontzeko jokalari guztiak gipuzkoarrak dira.
A taldea
|
A |
Aroa Torres (Gasteiz) |
Irati Alava (Gasteiz) |
|
B |
Garbiñe Lopez (Legutio) |
Amaia Irazustabarrena (Hernani) |
|
D |
Naroa Otxoa (Etxarri) |
Garazi Eizmendi (Aia) |
|
E |
Nahia Eizmendi (Aia) |
Nagore Murua (Altzo) |
B taldea
|
A |
Amaia Zubeltzu (Usurbil) |
Leire Galdos (Oiartzun) |
|
B |
Anne Agirre (Alegia) |
Ane Kerejeta (Hernani) |
|
D |
Enara Mazizior (Hernani) |
Ekhine Balerdi (Usurbil) |
|
E |
Amaia Aizpuru (Azkoitia) |
Uxue Olano (Altzo) |
Lehen asteburuko partidak:
Ostirala, hilak 15:
Larunbata, hilak 16:
Ostiral eta larunbat arratsaldeetan partidak ikustera etortzen direnek, “joko azkar eta bizia” ikusiko dutela aurreratu dute antolatzaileek, “frontoi osoan eta abiadura handian” jokatzen baitute, “ikuskizun ederra” eskainiz. Gainera, Ordiziako Udalaren laguntzari esker, sarrera doakoa izango da.