Larunbat honetan ospatuko da IV. Emakumeen Ordiziako Klasika. “Hasieratik egin dugu apustu emakumezkoen kirolagatik”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. "Chapel Gorri Elkarteari eskerrak eman nahi dizkiogu halako ekitaldiak antolatzen jarraitzeagatik; geroz eta zailagoa delako gaur egun halakoak aurrera ateratzea".
Aurten ere, iazko moduan, proba Gipuzkoako Itzuliaren barruan sartuko da. Hiru etapa edo lasterketa izango ditu guztira itzuliak; aitzin-etapa ostiralean jokatuko da, Urnietan. Ordiziakoa bigarrena izango da, larunbatean, eta Elgoibarko etaparekin bukatuko da, igandean.
Larunbat goizean 09:00etan abiatuko dira kadeteak eta 10:30ean Junior eta Open mailakoak; guztiak Jose Miguel Barandiaran Plaza paretik aterako dira eta leku berean izango da helmuga.
Kadeteak 33,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta 10:00etarako amaituta izatea aurreikusten da. Ondoren, aterako dira Junior eta Open mailakoak, eta hauek 100,2 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Ibilbideari dagokionean, hiru itzuli egingo dituzte Ikaztegieta eta Alegia aldetik, eta 3. mailako mendatea igoko dute, Abaltzisketakoa.
Guztira 260 txirrindularik parte hartuko dute. Lasterketa 13:00etarako amaituta egotea aurreikusten da, eta ondoren egingo da sari banaketa. Irabazleak, gainera, Gipuzkoako Txapeldun izendatuko dira.