Ordiziako Udalarekin iaz abiatutako lankidetzaren barruan, Aranzadi Zientzia Elkarteak 'Odonatuak: Uraren Hegoak' erakusketa jarri du gaur Barrenako ezkaratzean, eta maiatz osoan egongo da ikusgai. Gogoratu behar da maiatzaren 22an Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna dela. Odonatuak burruntziak eta sorgin-orratzak dira, eta erakusketaren helburua uraren eta espezie horien arteko harreman estua azaltzea da. Aranzadiko Entomologia saileko Iñaki Mezquitak ondutako erakusketa hau elebietan idatzitako 12 panelez osatuta dago.
Atzoz geroztik aparkaldi mugatuko beste barruti bat dago Ordizian, Joseba Rezola pasealekuan, Goierriko Baratza eta Mi Casa denden aurrean. Gune urdineko zortzi aparkaleku egokitu dira eremu horretan, eta autoak ordu erdiz aparkatu ahalko dira gehienez. Aparkaldi mugatua astelehenetik ostiralera egongo da indarrean, 09:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara. Horrez gain, autoak aparkatzeko zentzua aldatu egingo da Otegi Armategira bitarteko zatian, bi alderdietan. Aurrerantzean autoek atzeraka aparkatuko dute. Aldaketa horren ondorioz, aparkatuta dauden autoek errepidera ateratzeko ikusmen hobea izango dute eta maletategiak espaloi aldera geratuko dira, erabiltzaileen segurtasuna areagotuz. Gaur-biharretan amaituko dira aparkalekuen pintatze eta seinalizatze lanak.
Herritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea da proiektuaren oinarriaGipuzkoako Foru Aldundiak eta Ordiziako Udalak autoa partekatzeko sistema berritzaile bat bultzatuko dute. Lurraldekar proiektuaren oinarria da herritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea. Partekatze hori ez da bidaia batzuk elkarrekin egitea, baizik eta autoa bera hainbat lagunek erabiltzea. Hau da, auto jabeak, autoa gutxi erabiltzen duelako-edo, beste erabiltzaile batzuen esku uzten du eta haiekin partekatzen ditu autoaren gastu guztiak, bakoitzaren erabileraren arabera. Ordiziakoak ez ezik, Donostia, Irun, Tolosa, Zarautz, Bergara, Oñati eta Urretxuko udalek bat egin dute proiektu honekin, eta gaur bertan horren inguruko protokoloa sinatu dute guztiek.
Parkearen natur balioa herritar zein bisitariei gerturatzea dute helburuOiangun dauden altxor naturalak ezagutzera emateko helburuz panel berriak jarri ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak parkean barrena, Ordiziako Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren harira. Informazio orokorra jasotzen duen panela, Oianguren biodibertsitatea islatzen duena eta Altamirako putzuari dagokiona jarriak daude dagoeneko, eta datozen egunetan laugarren bat jarriko da, Zuhaitz lepatuena. Panel horiek osatzeko aurrez Oiangun zeuden panelen egurrezko egiturak aprobetxatu dira ahal izan den neurrian.