2015 05 04 lurraldekarHerritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea da proiektuaren oinarria

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ordiziako Udalak autoa partekatzeko sistema berritzaile bat bultzatuko dute. Lurraldekar proiektuaren oinarria da herritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea. Partekatze hori ez da bidaia batzuk elkarrekin egitea, baizik eta autoa bera hainbat lagunek erabiltzea. Hau da, auto jabeak, autoa gutxi erabiltzen duelako-edo, beste erabiltzaile batzuen esku uzten du eta haiekin partekatzen ditu autoaren gastu guztiak, bakoitzaren erabileraren arabera. Ordiziakoak ez ezik, Donostia, Irun, Tolosa, Zarautz, Bergara, Oñati eta Urretxuko udalek bat egin dute proiektu honekin, eta gaur bertan horren inguruko protokoloa sinatu dute guztiek.

2015 05 04 lurraldekar1Horrelako sistema batzuek arrakasta izan dute Europa iparraldeko hainbat lekutan, eta Aldundiak eta udalek uste dute hemen ere, poliki-poliki, arrakasta izan dezaketela. Horregatik, sinatu dute Lurraldekar proiektua bultzatzeko protokoloa. Behin protokoloa sinatuta, bi lan garrantzitsu geratzen dira orain egiteke:

• Alde batetik, Aldundiak proiektuaren garapen teknologikoa lantzeko esleipen prozesu bat jarriko du martxan eta espero du iraila-urria aldera prest egotea. Hau da, Aldundiak proiektua ezagutarazteko www.lurraldekar.eus webgunea ere jarri du martxan, eta orain webgune horren atzeko sistema bera martxan jartzeko prozesua abiatuko du. Sistema horren bidez erabiltzaileak elkarren artean harremanetan jarriko dira, baldintzak zehaztuko dituzte, autoa hartzeko erreserbak egingo dituzte eta abar. Horren guztiaren kontrola sistemaren kudeatzaileak egingo du eta dena zuzen dagoela baieztatu beharko du.

• Beste alde batetik, udalak urratsak ematen hasiko dira Lurraldekar proiektua zabaltzeko, herritarrei ezagutarazteko eta sendotzeko. Horretarako, hainbat udalek informazioa emateko guneak jarriko dituzte, programan parte hartzen duten herritarrei hobariak edo abantailak emateko aukerak aztertuko dituzte eta abar.

Norentzat izango da proiektua eta, beraz, nork izan dezake interesa;
1. Auto bat izan ez eta noizean behin erabiltzeko premia duenarentzako.
2. Autoa oso gutxi erabili, eta berau izateak kostu handia suposatzen duen horrentzako.
3. Bigarren autoa erostearen posibilitatea aztertzen ari diren horientzako.
4. Noiz behinka auto mota desberdin baten beharra dutenentzako.