2015 05 06 odonatuakUraren eta odonatuen arteko harreman estua azaltzea da erakusketaren helburua

Ordiziako Udalarekin iaz abiatutako lankidetzaren barruan, Aranzadi Zientzia Elkarteak 'Odonatuak: Uraren Hegoak' erakusketa jarri du gaur Barrenako ezkaratzean, eta maiatz osoan egongo da ikusgai. Gogoratu behar da maiatzaren 22an Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna dela. Odonatuak burruntziak eta sorgin-orratzak dira, eta erakusketaren helburua uraren eta espezie horien arteko harreman estua azaltzea da. Aranzadiko Entomologia saileko Iñaki Mezquitak ondutako erakusketa hau elebietan idatzitako 12 panelez osatuta dago.

Erakusketa hau ez da espezie ezberdinen katalogo bat. Espezieen aniztasuna baztertu gabe eta Uraren Kultura berrian oinarrituaz, animali hauen bizia eta Ura uztartu nahi duen ekimen bat da. Ura ezinbesteko elementua da gure bizitzan, Lur Planeta osoarentzat bezala. Animalia hauen bitartez, ur gozoen problematika islatu nahi izan da. Sentsibilizatu bioaniztasunaren garrantziaren inguruan, ondare naturala gerturatuz. Lur Planetaren oreka guztiz konplexua izanik, elementu edo osagai guztien beharra du eta intsektu hauek (burruntziak eta sorgin-orratzak) ispilu aparta dira bere osasunaren aurpegia islatu ahal izateko, beraien edertasuna ahaztu gabe.