Garbiguneak betiko ordutegira itzuliko dira

Garbigunea. Ordizia

 

Apirilaren 14tik aurrera Urretxu, Beasain eta Ordiziako garbiguneak betiko ordutegira itzuliko dira: astelehenetik ostiralera: 9:00-12:30 eta 15:30-18:30. Larunbatetan: 9:00etatik 13:00etara.

Garbiguneek gremio profesionalak eta udaletxeetako zerbitzuak atendituko dituzte soilik. Beraz, herritarrei garbiguneak ez erabiltzeko deia egiten zaie ezinbestekoa ez bada. Ordiziko eta Urretxuko garbiguneetan etxeko animalien (maskoten) gorpuak normaltasunez jasoko dira.

http://www.sasieta.eus/euskara/albisteak/apirilaren-14an-garbiguneak-betiko-ordutegira-itzuliko-dira

Ordiziako Udal Gobernuaren oharra COVID-19 birusaren inguruko argitaratutako azken datuen arabera

Ordizia zaharren egoitza

Egunotan Eusko Jaurlaritzak ateratzen dituen estatistiken zain zaudete ordiziar asko, herriko egoeraren berri izateko. Egia esan, egindako proben araberako emaitzak jasotzen dira, eta behar adina probarik ez bada egiten, horrek ez du islarik emaitza horietan. Egia da baita ere, egun batetik bestela sekulako jauzia eman dela Ordiziako positiboetan, eta hori proba gehiago egin direlako izan da, hain zuzen ere San Jose egoitzan. Aurretik adierazi genuen egoitzan egoera larria zela, Covid-19 positiboak dagoeneko antzeman zirelako, eta tamalez foku hori da herriko emaitzetan eragin zuzena duena.

Ordiziako San Jose egoitza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikita dagoen Kabia organismo autonomoaren esku dago. Herenegun egoiliar guztiei egin zitzaizkien proba azkarrak, sintomak izan hala ez, eta emaitzak atzo jaso ziren. 37 positibo, 15 negatibo, eta aurretik Donostiako Gurutze Gorrira bideratu ziren beste bi positibo. Atzo bertan beste lau egoiliar bideratu ziren Donostiako Gurutze Gorrira.

Langile guztiei oraindik ez zaizkie probak egin, baina 13 positibo egon dira orain arte, eta kontratazio berriak burutu dira bajan dauden langileak ordezkatzeko.

Esan bezala, egoera larria da, eta horregatik Ordiziako Udal Gobernutik honakoa exijitzen dugu:

1.- Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Kabiari beharrezko diren baliabide guztiak jar ditzala San Jose egoitzan bizi den egoerari aurre egiteko. Pertsonal aldetik, langileen atsedena bermatu eta egoiliarrek artatzeko behar adina langile egon daitezen. Material aldetik, langileek lanerako babes neurri guztiak eskura izan ditzatela.

2.- Osakidetzari, egoitzan etxeko ospitalizazio egoeran dauden positibo kopurua ikusita, bertako langileei izaera sanitarioa aitor diezaiela, eta kasu horietarako babes material berezia bana diezaiela.

Era berean, egoitzan lanean diharduten pertsona guztiei gure babesa eskaini nahi diegu, eta euren eskura jarri ditugu gaur egun itxita dagoen eguneko zentroa, eta beste 3 larrialdi etxebizitza, etxera itzuli nahi ez duten langileak bertan geratzeko aukera izan dezaten.

Suhiltzaileak eskertzen ditugu egoitza barnealdean burutzen ari diren desinfekzio lanengatik, eta udal langileei egunero egoitzaren kanpoan egiten dituztenengatik.

Bukatzeko, egoitzan senideren bat duten familia guztiei besarkada eta elkartasunik handiena helarazten diegu.

Trukegunea eten egingo da

Trukegunea 1

Objektuen berrerabilpenaren beharrezkotasun eta garrantziari helduz, Kutxa Ekoguneak sortu eta bultzatzen duen trukegune sarera batu zen azaroaren 20an Ordiziako Udala. COVID-19 birusagatik etenda gelditu da zerbitzu hau, eta segurtasun neurriengatik kendu egin da Udaletxeko arkupean zegoen apalategia. Ordiziako alkateordeak, Maitane Alvarezek, nabarmendu du orain arte egitasmo honek izan duen ibilbidea: “ordiziarren erantzuna oso ona izan da, eta asko izan dira Trukegunea erabili dutenak, bai gauzak uzbeko edo hartzeko. Benetan pozgarria da hori eta eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei partehartzeagatik eta etorkizunean egitasmoarekin jarraituz gero gunea erabiltzen jarraitzeko deia egin nahiko nuke”. Hala ere, egoera honek bultzatuta, bertan behera gelditu behar izan dela agertu du: “herritarren segurtasuna bermatzea bihurtu da lehentasun, eta horregatik zeuden gauza guztiak jaso egin ditugu. Egoera hau amaitzen denean berriz ere martxan jartzeko asmoa daukagu, izan ere, gauzen berrerabilpena funtsezkoa da”.

Hasiera batean urtarrilaren 7an amaitzekoa zen Trukegunea, baina izan zuen arrakasta ikusita, ekimenari eustea erabaki zuen Udal Gobernuak. Hala baloratu zuen Alvarezek: “

Askok eman diote etxean erabili gabe zituzten objektuei bigarren bizia, erabilpen bat emateko hautua egin dutenak”. Orain arte arkupean egokitutako gunea liburuz, diskoz, eta etxeko apaingarriez beteta egon izan da.

Trukegunearen kontzeptua Alemanian hasi zen "GiveBox" mugimenduaren izenpean. Hauek kalean jartzen diren guneak dira, erabilera librekoak. Objektuen trantsizio eta zaintza espazio bat da, non objektuak jabetza librekoak bihurtzen diren. Objektuari balioa edo erabilera begira dagoenak emango dio, eta horren arabera trukatu. "Bertan, erabiltzen ez diren objektu zehatz batzuk utz eta hartu daitezke, beti ere, beste pertsona batek berrerabiltzeko moduan dauden bitartean. Ez da beharrezkoa zerbait uztea bertatik gauzaren bat hartu ahal izateko", azaldu zuen alkateordeak.

COVID-19: Jarduera ekonomikoen kalteei aurre egiteko laguntzak

1

COVID-19 birusak jarduera ekonomikoan eragin dituen kalte ekonomiko handiei aurre egiteko laguntza bide ezberdinak abian dira, batzuk argitaratu dira eta bestean bidean datoz. Laguntza horiek guztiak, maila ezberdinetatik bideratzen ari dira: Estatua, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, udalak… Bestalde, jarduera ekonomikoa bera ere oso anitza da, enpresa txiki eta ertainak, autonomoak edota ekintzaileak, eta baita lan egiten duten esparruak ere Horregatik, garrantzitsua da informazio zehatza jaso, eta nora jo jakitea. Horretarako erakunde ezberdinen arteko koordinazio eta elkarlanean oinarrituta honako informazioa helarazi nahi dizugu Ordiziako Udaletik.

INFORMAZIO EGUNERATUA ETA LEKU BEREAN

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu duen plataforman:

https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/covid19ekonomia

Bertan argitaratu diren diru-laguntza guztien deialdiak eta gainerako informazio interesgarria leku berean eta lau ataletan antolatuta topatuko duzu:

1.- Osasun laborala        2.- Arlo laborala      3.-Laguntza publikoak         4.- Zerga-arloa

DIRU-LAGUNTZEN KUDEAKETA ETA AHOLKULARITZA

Diru-laguntza ezberdinen kudeaketan GOIEKI Goierriko Garapen Agentziaren laguntza eta aholkularitza jasoko duzu. Horregatik, bertara jo mesedez.

Autonomo edo ETE/PYME bakoitza egoera guztiz desberdin baten aurrean dagoenez, esparruka banatu da arreta. Alabaina, jarduera ekonomikoen aniztasuna ikusita, garrantzitsua da deitzen duzunerako informazioa eskura izatea:

● Lanean jarraitzen duzu? 
    Bai → Nondik? Lantokia / etxetik Fakturazioa %75a baino gehiago jaitsi zaizu.
    Ez → Noiztik? Martxoaren 14tik (RD 463/2020) / Martxoaren 29tik (RD 10/2020)                        

● Ze enpresa mota zara? Autonomoa, ETE/PYME.                                                                                
● Langileak dituzu? ERTE bat aplikatu duzu?
● Finantziazio beharra duzu? Elkargirekin mailegua daukazu? Mailegu bat behar duzu?

ADMINISTRAZIOA (bulego lanak etab.)  

Tel: 943 16 09 70 / 658 75 55 23 Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

EKINTZAILETZA (merkatariak, tabernak, hasi berriak, lanbide autonomoak…)

Tel: 943 16 18 31/ 659 96 48 03 Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

INDUSTRIA (enpresak, tailerrak etab.)

Tel: 943 16 00 40 / 661 73 74 59 Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

TURISMOA (hotelak, jatetxeak, etab.)

Tel: 943 16 18 23 /610 40 51 49 Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.