Image
Image

Administrazio epeen zenbaketa berriz hasi da

Nahiz eta alarma egoerak indarrean jarraitzen duen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuak epeak berriro abiaraztea arautzen du. Gauzak horrela, Ordiziako Udalak ahalkoa jakinarazten die herritarrei:

1)     2020ko ekainaren 1etik aurrera berriz hasi da administrazio epeen zenbaketa. Beraz, alarma egoera deklaratu aurretik epea irekita zuten ekintzetan kontatzeko falta zen epea ekainak 1etik kontatu behar da.

2)    Bada salbuespenik; izan ere, zerotik kontatzen hasiko dira hurrengo epeak:  administrazio bidean errekurtsoak jartzeko epeak edo legeetan aurreikusitakoaren arabera horiek ordezten dituzten aurkatze, erreklamazio, adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje prozedura abiarazteko epeak,  interesdunarentzat ondorio kaltegarriak dituzten prozeduretan edo karga suposatuko diotenetan. Kasu horietan beraz zerotik hasiko gara, nahiz eta alarma deklaratu aurretik eperik zenbatu.

3)     Eskubide eta akzioen preskripzio eta iraungitze epeak 2020ko ekainaren 4tik aurrera hasiko dira zenbatzen. 

4)   Eraikinetan esku hartzeko obrekin lotutako ekintzak maiatzaren 25etik baimentzen dira, betiere higiene neurri egokiak eta gutxieneko bi metroko distantzia bermatuta. Udala hasi da, beraz, obra txikiko lizentzien izapidetzea burutzen.

* Edozein zalantza kontsultatu Arreta Bulegoan edo Idazkaritzan.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga ordaintzeko borondatezko epea: uztailak 1

Martxoaren 30eko 0309/2020 Alkatetza Dekretuaren arabera, zenbait zerga-neurri onartu ziren Covid19 osasun-krisiaren ondorioz. Dekretu horretan ebatzi zen, besteak beste, trakzio mekanikoko ibilgailuen zergan hilabeteko epean atzeratzea ordaintzeko borondatezko epea, alarma-egoera amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.

Maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera etendako administrazio-epeen zenbaketa berriro hasiko da, edo berriro abituako da, alarma-egoerak eta haren luzapenek indarrean dirauten bitartean onartutako lege-mailako arau batean hala aurreikusi bada.

Hori dela eta, borondatez ordaintzeko epea berrezarriko da, ekainaren 1etik uztailaren 1era arte, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN ZERGAN. Helbideratuak dauden erreziboak uztailaren 1ean kobratuko dira.


Zabalik dago herritarren arreta bulegoa

Herritarren arreta bulegoa martxan dago, 9:00etatik 13:00etara.

Ahal bada, hala ere, tramiteak egin telefonoz edo telematikoki: 943 88 58 50 edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean. 

Urdaneta kalea itxita eta aldaketak autobus geltokietan

Bihar, hilak 30, goizeko 8:00etatik aurrera, Urdaneta 4 lur sailean eraikitzeko erabili duten garabia kenduko da eta ordu horretatik eta desmontaketa lanak amaitu arte, Urdaneta kalea trafikoari erabat itxita geratuko da. Trafiko guztia Joan Amezketa kaletik desbideratuko da, eta kale horretako 8 zenbakian dagoen garajetik ezingo dira kotxeak irten, ezta sartu ere.

Bestalde, autobusen geltokiak ere aldatuko dira eta Tximista, Arana kalea, Ordizia kalea eta Urdaneta 42ko geltokian ez da geldituko. Otegienean egingo dute geldialdia eta zuzenean Urdaneta 72ra joango dira. 

 

"Gazta honek askatasun usaina du"

 

Iragan apirilaren 15ean Artzain Eguna bertan behera uztera behartu gintuen COVID-19 pandemiak, eta urtero egin ohi den Idiazabal gazta berriaren mozketa ere, ezin izan zen burutu, baina, maiatzaren 27an, XXVI. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpen eta gazta berria ebakitzeko ekitaldia egin da Ordiziako Oiangu parkean. Unai Campo, Bilboko Porrue jatetxeko sukaldariak ebaki du lehen gazta, eta La Lezek gaztandegiak Idiazabal Jatorri Izendapenak eman duen erregulartasun saria jaso dute artzainen kategorian, eta Asteasuko Goinek jaso du gaztandegiari dagokiona.

Artzain Egunean artaldea herrigunetik igarotzen da, eta gaurkoan nahiz eta ekitaldia desberdina izan,  Lazkaomendiko Intzartzu etxeko Iztueta aita-semeak iritsi dira Oianguraino haien abereekin. Minutu gutxiren ondoren hasi da ekitaldia, 11:30etan, puntuan.

Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, eskerrak ematen hasi da. “Eskerrik asko Udalarekin batera, ekitaldi hau antolatzen laguntzen diguten Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiari eta Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izenapenari, eta baita Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzari”. Alkateak nabarmendu du “garai zailak” egokitu direla, “bereziki lehen sektorearentzat”. Hala ere, ekitaldiari eutsi nahi izan diotela gaineratu du, "artzainek guztion laguntza eta bultzada inoiz baino gehiago behar duten garai hauetan".

Unai Campo bereziki pozik agertu da emanaldi osoan zehar, eta harentzat ‘ohore handi bat’ dela nabarmendu du Idiazabal Gazta berriaren mozketa egiteaz arduratzea. Hain zuzen, gazta ebaki eta segituan hala mintzatu da: “Gazta honek askatasun usaina du, pixkanaka normaltasunera iristen ari garenaren usaina”.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image