OIANGUKO FAUNA IKUSEZINA

Ugaztunak ezagutzeko bisita gidatua izango da igandean  biologo baten eskutik

Datorren igandean, hilaren 16ean, Oianguko ugaztunak ezagutzeko bisita gidatua izango da Oiangun bertan Aranzadi Zientzia elkarteak Ordiziako Udalarekin elkarlanean antolatuta. Baserrian 10:15etan elkartu eta egingo da ibilbidea. Gazteleraz egingo da, Jorge González biologoak gidatuta. Jarduerak ‘Ugaztunak, Oianguko fauna ikusezina’ du izenburu.

 

ORIA, GARBIAGO

Haur-aulkiak eta bankuak, hondakinen artean

Eguraldi kaxkarrari aurre eginez burutu zen larunbatean auzolanean Oria ibaiaren garbiketa, ‘Cibeles’ parean, Ordiziako Udalak antolatuta. Helduek eta, batez ere, gaztetxoek hartu zuten parte. Guztira,  44 lagun agertu ziren  euren denbora eta borondate hoberena eskaintzeko.

Bidelagun izan zuten  mendi eta ibaien mantenua eta baso-berritzea zaintzen duen Sumaru ingurumen elkarte berria. Zabor ugari atera zuten ibaitik, trasteen artean, paseoko bi haur-kotxe eta kaleko eserleku bat.

Udalak Sumaruri eta parte-hartzaileei bere eskerrik hoberena eman nahi dizkie egindako lanagatik eta erakutsitako jarreragatik.

ERREKA EGUNA OSPATUKO DA LARUNBATEAN ORDIZIAN

Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute astean zehar asegurua egin ahal izateko

Ordiziako Udalak Agenda 21ren barruan erreka eguna antolatu du. Oria ibaiaren zonalde bat garbituko da auzolanean, Urdaneta kalean.  Ekimen honen helburu nagusia ez da ahal den eta hondakin gehiena biltzea, baizik eta ibaiaren inguruan kontzientziazio berezi bat sortzea, zerbait propioa bezala ulertuaz, ekosistema bezala duen garrantziaz jabetzeko eta zaintzen ikasteko.

Ekimena datorren larunbatean, urriaren 1ean, goizeko 10.00etan izango da. Parte hartu nahi duenak Cibeles bezala ezagutzen den ingurura gerturatu behar da. Garbiketa lana 12.00etarako amaituta egongo da eta ondoren mokadu bat eskainiko da.

Parte hartuko duen talde bakoitzari Udalak zabor bilketarako beharrezko eskularruak eta zabor poltsak emango dizkio. Parte-hartzaile bakoitzaren esku geratzen da arropa eta oinetako egokiekin joatea garbiketa egunean. Udaleko garbiketa zerbitzuko langileek ere parte hartuko dute,  inongo arriskurik egon ez dadin. 

Erreka garbiketan parte hartzen duten guztiei asegurua egiten zaie. Asegurua egin ahal izateko auzolanean parte hartu nahi duten guztien izen abizenak, jaioteguna eta baldin badaukate NAN/DNI zenbakia behar dira. Parte-hartzaileen izenak Laiako Rosa Aurkiari (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.) edo telefonoz 943164172 / 653013702) eman irailaren 30a –ostirala- baino lehen.

UDALAK SAN BARTOLOMEKO TRAFIKOA BERRANTULATUKO DU

N-1etik dagoen sarrera-irteera eta Eroskiko ingurunea egokituko dira

Ordiziako San Bartolome auzoko zirkulazioa berrantolatuko duen proiektua onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak. Ekimen honen baitan, foru erakundeak inguru hau egokitzeko hitzarmena sinatuko du Ordiziako Udalarekin eta, besteak beste, San Bartolome auzoak N-1etik daukan sarrera-irteera adarra berrituko da, oinezkoentzako espaloia eta bizikletentzako bidegorria eginez. Eroski hipermerkatuaren inguruan ere egokitzapen lanak egingo dira. Gainera, pantaila akustikoak jarriko ditu Aldundiak Ordizian, N-1eko 421,680 eta 421,820 kilometro puntuen artean.