Udalak eta Hondakinek Mahaiak ‘Zaborrak jabea du’ bideoa zabaltzeko eta tabernetara eramango diren baldeak erabiltzeko eskatu diete herritarrei

Ordiziako Udalak Hondakinen Udal Mahaiarekin batera bi ekimen berri aurkeztu ditu biak asmo berarekin prestatuta: ordiziar guztion artean Ordizia garbiagoa izatea. Alde batetik, sare sozialetan konpartitzeko bideo bat egin da. Bestetik, tabernetan jartzeko balde txikiak apaindu dira, bezeroek zapiak, hortzetako txotxak eta lurrera botatzen diren hondakinak baldean utzi ditzaten. Joseba Aranburu Ingurumen zinegotziak, bideoaren egileak eta parte hartu dutenek kanpaina ezagutzera eman dute ostiral honetan, helburuekin bat egin eta parte hartzera eta bideoa konpartitzera herritarrei deituz.

Aranburuk ordiziarrei bi mezu helarazi nahi zaizkiela esan du. Lehenengoa, ‘gure kaleak, parkeak, plaza eta tabernak garbiago ikustea, sarritan ibaira, mendira edota itsasora iristen dien plastikoak eta zaborrak baztertuz, gure kontra bueltan datorren arrastoa uzten baitute’. Eta bigarrena, aurrekoari lotuta, ‘gure kontsumo ohiturengatik planetaren ingurumen egoera larria dela kontutan hartu eta horren baitan jokatzeko mezua zabaltzea’.

‘Zaborrak jabea du’

Ideia horiekin prestatu zen ‘hausnartzera’ eta modu ‘arduratsuagoan’ jokatzera gonbidatzen duen bideoaren gidoia. Aranbururen esanetan, ‘erabilera bakarreko gauza gehiegi kontsumitzen dugu eta horiek ekiditen ikastea izango litzateke hoberena’. Baina, ‘gure kaleetan gehiegizko kontsumo hori errealitatea da eta, dirudienez, beharrezko da lurrera zaborrik ez botatzeko eta dagokien zakarrontzira eta edukiontzian sartzeko  eskatzea’.

Bideoa whatsappez eta sare sozialen bidez konpartitzeko egin da  ‘Zaborrak jabea du’ goiburuarekin. Ordizian egin da eta prozesu osoan hainbat ordiziarren borondatezko parte-hartzea izan da. ‘Mikel Aguado da egilea eta Urrup Antzerki Taldeak, Amets Bide Dantza Taldeak eta Oroith Abesbatzak hartu dute parte. Gure eskerrik beroena eskaini nahi diegu guztiei eta espero dugu denen gustukoa izatea'.

Bigarren ekintzak helburu berdina du, baina tabernetara darama. ‘Sasietan eskuratutako balde txikiak lortu ditugu. MartArteko Marta Rodríguezek gidatutako tailer batzuk antolatu genituen baldeak apaintzeko eta emaitza gaur erakusten ari garena da’. Baldeak tabernetara eramango dira mostradore ondoan jartzeko, bezeroen aldetik, hondakinak bertan bota ditzaten. ‘Garbiagoa eta higienikoagoa izango da’, adierazi du zinegotziak.

%79a birziklatzera

Era berean, hondakinen bilketa sistema aldaketa ekarri zuen kontsulta egin zenetik aste honetan hiru urte bete direla gogoratu du. Edukiontzi inteligenteak jartzearen aldeko apustua egin zuen Ordiziak eta geroztik gaikako bilketak hobera egin du. Sasieta Mankomunitateak emandako datuen arabera, pasa den otsailean %79a bideratu zen birziklatzera, Hondakinen Mahaian adostutako %85etik gertu. ‘Ordiziarrak zoriondu nahi ditut egiten ari diren ahaleginagatik, baina Ordizia atseginago eta jasangarriagoa egiteko hobetzen jarraitu behar dugu. Lurrean botata zabor poltsak uzten dituztenei ere hausnartu eta era egokian jokatzeko eskatzen diegu. Eta zalantza edo zailtasunen bat badute, Udaletxera joan daitezke goizetan astegunetan edota Hondakinen bulegora astearte edo asteazkenetan 9:30ak eta 14:30ak bitartean’.

Amaitzeko, garbitasun zerbitzua indartu dela iragarri du Aranburuk, denboraldi baterako hiru pertsona kontratatuta. ‘Baina kontua ez da gehiago garbitzea, gutxiago zikintzea baizik’.

*Argazkian, bideoko egile eta partehartzaileak tabernetan utziko diren baldeekin.