Maglioni, Errekondo, Arroita eta Esteban adituen mahai ingurua antolatu da

Ordiziako Udalak bat egin du Eusko Jaurlaritzak antolatu duen Euskadiko Klima Aldaketaren Astearekin (ASTEKLIMA deiturikoa), eta “Klima-aldaketari aurre!” lema duen kanpaina jarriko du martxan datozen egunetan. Horrela iragarri dute Joseba Aranburuk, Ingurumen gaietarako zinegotziak, eta Rosa Aurkiak, Laia kooperatibako teknikariak.

Sentsibilizazio-kanpaina hau martxoaren 1.go astean garatuko da eta helburua herritarrei klima-aldaketaren aurrean ekiteko deialdia egitea da. Gainera, kanpainarekin bat egin duten udalek antolatutako ekintzez gain, martxoaren 6tik 8ra “Change the Change” izeneko klima-aldaketari buruzko nazioarteko konferentzia izango da Donostian, eragile publiko zein pribatu ezberdinek antolatuta.

Klima-aldaketaren aurkako borroka da mende honetan ingurumenaren nahiz politikaren ikuspegitik dagoen erronketako bat. ‘Alde batetik, gure gizarte eta ekonomia ereduarengatik  airera isurtzen ditugun berotegi efektuko gasek klima aldaketa areagotzen dute eta hauek murriztea izango da lehendabiziko erronka. Bestetik, klima aldaketak hainbat eragin ekarriko dituela badakigu eta hauei aurre egiteko egokitzea izango da bigarren erronka’, esan dute. 

Adituen mahai ingurua eta klima aldaketari buruzko erakusketa

Ordizia bezalako udalerri batek dituen ezaugarriak aintzat hartuz, Udalari ezinbestekoa iruditzen zaio herritarrei klima-aldaketak herrian eragin ditzakeen inpaktuen berri ematea eta baita guztion elkarlanari esker (herri-administrazioa, herriko eragile ezberdinak, enpresak, etab.) klima-aldaketari aurre egiteko zein bere ondorioetara egokitzeko baliabideen inguruan interesa piztea ere. Hori dela eta, Ordiziako Udalak bi jarduera nagusi antolatu ditu.

Lehenengoa, martxoaren 7an, 18:30ean, Barrena Kultur Etxean, izango den arlo ezberdinetako adituen arteko mahai-ingurua. Bertan klima aldaketaren gaia arlo ezberdinetatik ezagutu ahal izango dute gerturatutakoek, adituen eskutik.

Mahai-inguruan aditu hauek parte hartuko dute; bakoitzak aurkezpen bat egingo du eta ondoren eztabaidarako denbora irekiko da.

- Cesare Maglioni: "Aldaketak: ohiturak eta klima" 

- Jakoba Errekondo: “Klima-aldaketa eta gure paisaia”

- Maite Arroita: "Klima aldaketaren eragina ibaietan. Mundutik Euskal Herrira

- Xabier Esteban: "Erronka energetikoa: norantz goaz?"

Eta bigarrena, klima-aldaketari buruzko erakusketa, martxoaren 5etik 7ra izango da, D´elikatuz zentroan. Erakusketa goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:30era egongo da irekita. Hiru atal nagusi izango ditu: Klima aldaketak mundu mailan eta zehazki EAEn erakusten dituen seinale eta eragin nagusiak azaltzen dira erakusketaren lehen zati batean.

Bigarren zatian klima aldaketa bera zerk eragiten duen eta erantzule nagusiak zeintzuk diren azaltzen da, eragile nagusiak zeintzuk diren argi utziz eta azken zatian klima aldaketari aurre egiteko irtenbideak ematen dira, herritarrei ere hainbat gomendio emanez.