GOBERNUAK ORDIZIA HOBETZEKO DEDIKAZIOZ ETA ILUSIOZ LAN EGITEN JARRAITZEKO KONPROMISOA BERRETSI DU
Gutxiengoan gobernatzeagatik zailtasunak izan arren, proiektu estrategiko asko burutzea edo bultzatzea lortu du udal gobernuak
Ordiziako udal gobernuak (EAJ-PNV/PSE-EE) legealdiaren lehenengo erdiaren balantzea egin du. Jose Miguel Santamaria alkateak taldearen izenean Ordizia hobetzeko lanean duten konpromisoa eta ilusioa azpimarratu ditu, nahiz eta gutxiengoan gobernatzea zaila izan. Udal ordezkariek egindako aurrerapenak zerrendatu dituzte eta datorren hilabeteetan zehar martxan jarriko dituzten lanak aipatu dituzte.
PARTAIDETZA
Legealdi erdia egin duen agintaldi honen lehenengo erronka herritarren agindu bat betetzea izan zen, gogoratu du alkateak. Aurreko legealdian zehar tentsio eta atsekabe handia sortu zuen gaia izan zen: Ordiziarrei galdetzea Ordiziarako zein hondakin bilketa sistema nahi zuten. Udalak kontsulta prozesua jarri zuen martxan gaur egun ere indarrean dagoen Hondakinen Mahaiaren bidez. ‘Herritarrei kontsulta egin genien, herritarrok aukeratu genuen eta Udalak hautaketa errealitate bihurtu zuen’, esan du.





